Arrauna

Ez dute lana bukatu oraindik

Bilboko Bandera irabazi zuen San Pedrok joan den igandean, eta, horri esker, KAE 1 ligan nagusitu zen. Bigarren urtez jarraian egin du hori 'Libia'-k, eta irailaren 16an eta 17an Eusko Label ligara igotzeko kanporaketan lehiatuko da.

Pasai San Pedroko traineruko kideak, pozarren, joan den igandean, Bilbon, hango ikurrina irabazi eta KAE 1 liga eskuratu berritan SANPEDROTARRA ARRAUN ELKARTEA.
pettan uralde
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Ibaizabalen azkarrena izan zen Libia joan den igandean, eta Bilboko Bandera irabazteaz gain, bigarren aldiz jarraian nagusitu zen KAE 1 ligan. Denboraldi izugarria egin du San Pedrok, eta berriro ariko da Eusko Label ligara igotzeko borrokan. Orain, prestaketa zorrozteko hiru aste ditu aurretik Pasai San Pedroko taldeak, eta tartean Kontxako Bandera.

Liga bukaerak indar handia eman dio taldeari, eta Mikel Txintxurreta arraunlariak (Pasaia, Gipuzkoa, 1998) argi dauka denboraldiaren garai erabakigarrienera «oso ongi» iritsi direla. Aurreko urtean lortu ez bazuten ere, esan du aurten «sinetsi» egin behar dutela.

Hasiera ona eman zioten denboraldiari, eta ondo ere amaitu dute. Baina tartean gorabeheraren bat edo beste izan dutela azaldu du Txintxurretak. «Denboraldia ondo hasi genuen, Lapurdin hirugarren postua lortuta, eta hurrengo egunean etxeko bandera irabazita. Lehen bost estropadetan hiru bandera lortu genituen, eta, ondoren, Zumaiako emaitza txarra iritsi zen. Zumaian lortutako zazpigarren postua arrastaka eraman dugu. Horrelako postu bat egin eta gero, burua bueltaka hasten da, eta zaila izaten da egindakoa barneratzea».

Aurreko denboraldian ere liga irabazi, eta igoerako kanporaketarako sailkatu ziren. Txintxurretaren ustez, «ur handiak» dira liga irabazi behar zutela esatea. Zehaztu duenez, haien helburua igotzeko kanporaketan aritzea zen. «Azken txandan aritu nahi genuen, eta ahalik eta bandera gehien irabazi. Ikusi dugu aurreko denboraldian bezala aritzeko trainerua genuela, eta goiko postuetan egon behar genuela. Urte dezentez ari gara mantentzen antzeko oinarria, eta, kanpotik etorri direnekin, taldea indartu egin da. Hori ikusita, argi genuen aurreko denboraldian baino azkarrago ibil gintezkeela».

Liga amaituta, Libia-koak Kontxako Banderari begira daude buru-belarri. Txintxurretak uste du «ondo» etorriko zaiela igoerako kanporaketarako. «San Pedroko herriarentzat Kontxa zer den jakinda, dena ematera aterako gara. Punta-puntako taldeen ondoan gure maila ikusteko balioko digu, eta batez ere, emaitzarekin ondorioak ateratzeko. Adibidez, kanporaketan egon daitekeen Santurtzi ariko da, eta ondo etorriko zaigu jakiteko haren aldean nola gauden».

Egutegian gorriz markatu dituzte irailaren 16a eta 17a. Lehenik, Bermeon (Bizkaia), eta, ondoren, Portugaleten (Bizkaia) jokatuko dute igotzeko kanporaketa. Aurreko sasoian ia ez zuten aukerarik izan igoera lortzeko, baina Txintxurreta baikor dago aurten egin dezaketenaz. «Denborak ikusita, gure trainerua aurreko denboraldikoa baina azkarragoa da. Beti dago aukera estropada oso ona egin eta ezustea emateko. Uretan jarri arte ez dakigu nola ariko garen, baina aukerak ditugu, eta dena emango dugu».

Itxaropentsu daude

Kanporaketak berezitasun bat du: bost taldek jokatzen dute, eta bakoitzak erlojupeko saio bat egiten du egun bakoitzean. Aurten, bereziki ondo aritu da horrelako estropadetan ontzi morea, eta Txintxurretak fokua estropada mota horretan jarri du. «Erlojupekoak dira, eta aurten jokatu ditugun guztiak irabazi ditugu. Estropada askotan ere, poparean ondo aritu gara, eta Bermeoko estropada ondo etorriko zaigu. Guretzat alde ona da hori». Oraindik ez dira traineru guztiak sailkatu Eusko Label ligan aritzeko kanporaketarako. San Pedroz gain, Lapurdi arituko da —bigarren izan da KAE 1 ligan—, eta besteak Santurtzi, Ares eta Bueu izango dira seguruenik. Bost traineruetatik bi bakarrik ariko dira maila nagusian; beraz, sekulako lehia izango da bi egunetan. «Gure estropada ondo egiten badugu, eta gure arraunkera lortzen badugu, goian ibiltzeko aukera izango dugu. Baina denek egiten dute arraun, denok entrenatzen gara, eta estu joango da gauza bost traineruen artean».

Azken lau estropadetatik hiru irabazi eta gero, uste du datozen erronkei aurre egiteko «garairik onenean» daudela. «Liga bukaerak indar handia eman digu, eta taldea oso gogotsu dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.