Deema Yusef Said Ammanen jaio zen, Jordaniako hiriburuan, 1994an. Orain Palestinako futbol selekzioko bozeramailea da. Haren amaren familia Palestinako da, eta Ammanen errefuxiatu ziren. Haren gurasoek han ezagutu zuten elkar, eta 1999an, amari baimena eman zioten itzultzeko; hala, familia osoa Zisjordaniara joan zen. Yused Said Palestinako emakumezkoen selekzioko kapitaina ere izan zen. Palestinan genozidioa hasi zenetik, futbol selekzioak «garai zailak» bizi izan ditu, baina oztopoak oztopo lortu dituzten emaitzak «harrigarriak» izan direla nabarmendu du. Gizonezkoen selekzioa, adibidez, penalti batengatik geratu zen 2026ko Munduko Kopan aritzeko bigarren aukerako kanporaketetatik at. «Futbolaren bitartez gure nortasuna zein den erakutsi dugu». Emakumezkoen selekzioak iaz partida bat jokatu zuen Europan, estreinakoz. Bohemians taldearen aurka izan zen, Irlandan. Larunbatean, gizonezkoek izango dute aukera hori, Bilbon, euskal selekzioaren kontra.
Dagoeneko Euskal Herrian zaudete. Zer esan nahi du larunbateko partidak Palestinarentzat?
Futbol partida bat baino gehiago da; gizartearekin konektatzeko modu bat da. Guretzat sekulakoa da Euskal Herriaren elkartasuna sentitzea. Hor ikusten da kirolak, kasu honetan futbolak, zenbateko indarra duen bi herrialde batzeko. Gure jendearentzat egiten dugun gauza bat da, mezu bat helarazteko. Identitate kontu bat da. Azken hiru urteak gogorrak izan dira. Liga asko bertan behera geratu dira, eta entrenatzeko leku asko suntsituta daude. Euskal Herriak Palestinaren inguruan izan duen erantzuna oso polita da. Mezu bat bidaltzera goaz munduari, eta hori futbolaren bitartez egingo dugu. Gainera, partida aukera paregabea da zubi gehiago eraikitzeko Euskal Herriarekin; baita mezu hauek bidaltzeko ere: bakea, maitasuna eta nortasuna.
Euskal Herriak beti adierazi du elkartasuna Palestinarekiko. Larunbatekoa beste adibide bat izango da. Partidaz gain, manifestazioa, kalejira eta Palestinako kirolarien omenaldia izango dira. Zuek nola jaso duzue hori guztia?
Harreman berezia dugu Euskal Herriarekin. Antzekoak gara zenbait kontutan: gure identitatearen alde borrokatzen gara; gainera, gure kulturari eusten diogu, gure historia kontatua izan dadin. Euskal Herriak behin baino gehiagotan adierazi eta erakutsi dizkigu maitasuna, errespetua eta aitortza. Azken hori oso garrantzitsua da Palestinako herritarrentzat halako kirol ekitaldiek lotura estua baitute nortasunarekin. Halakoek itxaropena ematen digute etorkizunerako.
«Euskal Herria eta Palestina antzekoak gara: gure identitatearen alde borrokatzen gara; gainera, gure kulturari eusten diogu, gure historia kontatua izan dadin»
Genozidio betean nola kudeatu duzue halako egoera bat futbol federaziokoek?
Erronka handia izan da. Alde batetik, ezin gara entrenatu. Oso zaila da jokalari guztiak elkartzea, baimenak eskatzea herri batetik bestera mugitzeko... Gainera, etengabe kontrolak daude, eta kirol gune asko suntsitu egin dituzte. Futbol zelaiak Israelen kontzentrazio esparru bilakatu dira. Psikologikoki ere oso zaila izan da hori dena kudeatzea, bai guretzat, bai jokalarientzat. Zaila da jokalariek arreta futbolean izatea senideak gatibu dituztenean, herrikideak hiltzen ari direnean, genozidioa gertatzen ari denean... Dena den, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan emaitzak izugarriak izan dira. Hor ikusten da palestinarron izaera: nola egiten diegun aurre oztopoei, irmotasunez eta erresilientziaz.
Kalte materialak ere handiak izan dira. Nola daude azpiegiturak?
Esan bezala, zelai asko guztiz suntsituta geratu dira. Azken hiru urteetan dena bertan behera geratu da: emakumezkoen eta gizonezkoen liga guztiak. Oso zaila izan da. Egunero kontrol puntuak izan ditugu; ez dugu mugitzeko askatasunik izan. Jokalariak Palestinara etortzeko baimenak lortzea oso zaila izan da. Txapelketa bat edo nazioarteko lehiaketa bat jokatu behar genuen bakoitzean, jokalari guztiek Jordaniara joan behar zuten, edo ondoko beste herrialde batera, elkarrekin eta segurtasunez entrenatzeko. Garrantzitsuena jokalarien eta familien segurtasuna izan da, baina batzuetan zaila da hori bermatzea.
«Mezu hau helarazi nahi diogu munduari: Palestinak futbolean jokatzea merezi du, aske eta mugarik gabe»
Dena den, kirolari asko ere hil dira, ezta?
Genozidioa hasi zenetik, 900 atleta baino gehiago hil dituzte, eta kopuru hori handituz doa egunak pasa ahala. Berrehun atleta baino gehiago desagertuta daude oraindik. Oso zaila da futbolean pentsatzea gure herriaren aurka genozidio bat gertatzen ari denean. Horrek erabat baldintzatzen du gure lehiatzeko ahalmena. Baina aurkituko dugu modua, eta borrokan jarraituko dugu. Mentalki oso zaila da arreta lehian jartzea, baina nolabait egin dugu. Harro gaude selekzioarekin lehiatzeaz, eta horrelako egoera batean aurrera egin badugu, imajinatu zer egiteko gai izango garen hau dena amaitzen denean, askatasunez jokatzen dugunean.
Zer espero duzue larunbateko partidaz?
Ez diogu emaitzari erreparatuko. Ez gara bi nazio arituko lehian, bat baizik. Errespetu handia diogu Euskal Herriari. Sinetsita gaude laguntasuna futbolaz harago doala. Ideia beretan gatoz bat: nortasuna, erresilientzia eta erresistentzia. Guretzat hori da mezurik garrantzitsuena. Uste dugu futbola denentzat dela, eta denak berdinak garela. Mezu hau helarazi nahi diogu munduari: Palestinak futbolean jokatzea merezi du, aske eta mugarik gabe.