Ez jaikitzea litzateke porrota

Orio jaitsi egin da San Miguel ligatik KAE 1era, eta 'Urdaibai auziarekin' zer gertatzen den zain egon behar du

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Denboralea iragarrita zegoen Orion, eta gogor jo du ekaitzak. Igandean gauzatu zen deskalabrua. Datorren urtean ez da San Miguel ligan ariko, eta KAE 1ean egin beharko du arraun, elitetik urrun. Hala gertatuko da baldin eta bulegoetan aldatzen ez bada uretan jazotakoa. Urdaibai ligatik botatzen badute, eta Oriok ez jaisteko kanporaketan ligan jarraitzeko lana egiten badu, onenen artean segituko luke. Bi baldintza horiek bete behar dira.

Igandean zeukan azken aukera denboraldi txarra nolabait txukuntzeko. Castroko estropada azkenekoa zen ligako azken sailkatuentzat, eta ez zen egoera onean iritsi klub historikoa. Bi puntu aurretik zeukan Camargo, eta alde hori jan beharra zuen. Jan, jan zion, baina ale bakarrarekin ezin ase. Oriok egin zuen berea aspaldiko partez, eta, txanda irabazi eta gero, zazpigarren bukatu zuen estropadan. Baina Camargok ez zion oparirik egin, eta segundo baten aldea ere ez zen egon bien artean. Hain alde eskasarekin, zaila zen beste txandakoontziren bat tartean sartzea, eta miraririk ez zen gertatu.

Oriok aspaldian egin duen lanik biribilena gauzatu zuen herenegun. Estropadatik atera gabe jardun zuen momentu oro, eta bere burua atzetik ikusi zuenean ere ez zuen amore eman. Saria ekarri zion azkenean lan onak, sari handia Camargok eraman bazuen ere.

Igandeko jardun ona ikusita, berehala zabaldu zen galdera: zergatik ez dute egin gauza bera aurreko estropadetan? Erantzunean egongo da ziurrenik maila galdu izanaren arrazoia. Baina egindakoa eginda dago, eta, orain, jaiki beharrean da Orio. Ez jaikitzea litzateke-eta porrota.

Kaikuren erakustaldia

Bandera irabazteko lehian ez zen izan emoziorik. Kaikuk nahi duenaren arabera azaltzen baita zirrara. Igandean, trapua astindu eta aurkariak zapaldu nahi zituen, eta helburua bete-betean gauzatu zuen. Hori egin nahi duenean, kuadrilla onena aritzen da tostetan, eta, igandean, onenen aldeko hautua egin zuen Jose Luis Kortak. Urdaibai izan zen bigarren, eta Tiran hirugarren. Bi estropada geratzen zaizkie liga amaitzeko lehen zortziei. Castrok eta Zumaiak amaitu dute lana ligan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.