Realeko jokalaria

Ainhoa Vicente Moraza: «Ez naiz etxera itzuli eroso egoteko, Reala hobea egiteko baizik»

Txuri-urdinek bihar jokatuko dute sasoiaurreko lehen neurketa, Tolosako Berazubi futbol zelaian, Dux Logroñoren aurka (18:00). Moraza «ilusioz» mintzatu da.

Ainhoa Vicente Moraza Realeko jokalaria. ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko uztailaren 31
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gorabide eraikinean da hitzordua. Ainhoa Vicente Moraza (Donostia, 1995) Realetik joan zenean, duela 10 urte, alboko zelaian entrenatzen zen taldea, arratsaldez. Orain eraikin propioa dute, eta laster estreinatuko dute Z7 zelai berria. «Dena oso aldatuta dago. Klubak apustu handia egin du emakumezkoen futbolaren alde», berretsi du. Gustura da etxera itzuli delako, eta, haren esperientzia kontuan hartuta, jokalari garrantzitsua izango da Arturo Ruizen taldean.

Nola joan dira prestakuntzaren lehen bi asteak?

Jokalari askorentzat hau dena berria da. Ni neu duela 10 urte joan nintzen hemendik, eta dena aldatu da: azpiegiturak, jendea... Ez du zerikusirik. Beraz, iritsi berri garenak pixkana kokatzen ari gara. Baina oso pozik nago, nahi nuen lekuan bainago, etxean.

Aipatu duzun moduan, duela hamar urte utzi zenuen Reala. Athleticen eta Atletico Madrilen jokatu eta gero, gaur berriro jantziko duzu elastiko txuri-urdina. Sabelaldean tximeletarik bai?

Lagunarteko bat da, eta ziurrenik tximeleta horiek ligako lehen partidan agertuko dira. Baina beti da berezia eta harro egoteko modukoa elastiko txuri-urdina jartzea. Azken batean, nire hiriko taldea da. 

Entrenatzailea ere berria da: Arturo Ruiz. Nola ari zarete barneratzen hark ezarri nahi dituen ideiak?

Oraindik goiz da, eta, gainera, jende berri asko etorri gara. Baina pixkanaka ari gara, eta, bi asteren ondoren, ostiraleko [gaurko] partida aukera polita da horretan beste urrats bat egiteko, eta pixkanaka geure burua ere ideia horren barruan ikusteko. Azken batean, lagunartekoa izan arren, partida bat jokatzea beste entrenamendu mota bat da. Irrikaz gaude.

Zer itxura hartu diozu taldeari?

Taldeak lan egiteko eta denboraldi polit bat egiteko duen gogoa eta ilusioa nabarmenduko nituzke. Multzoak oso itxura ona dauka; klubak oso ondo indartu du taldea: postu bakoitzean gutxienez bi jokalari gaude. Lehia egongo da jokatzeko, eta horrek hobetzen lagunduko digu. 

«Klubak oso ondo indartu du taldea: postu bakoitzean gutxienez bi jokalari gaude. Lehia egongo da jokatzeko, eta horrek hobetzen lagunduko digu»

Atzealdeko ezker hegalerako Lucia Rodriguez, Aiara Agirrezabala eta zu zaudete. Lehia horretan nola ikusten duzu zeure burua?

Egia esan, horretan ez dut asko pentsatzen. Denek dugu gustuko jokatzea, eta horretarako egingo dut lan. Baina hau talde joko bat da, eta unean-unean egokitzen zaidan rola betetzeko prest nago.

Zurekin batera Claudia Florentino, Maria Molina, Paula Fernandez, Arola Aparicio eta Edna Imade iritsi dira. Nola ikusi dituzu lehen aste hauetan?

Eguraldia ez zaie askorik gustatu, baina gainontzean pozik daude [barrez]. Txantxak alde batera utzita, gustura daude. Ditugun baliabideak eta azpiegiturak, nahiz eta obrak amaitzen ari diren, izugarriak dira. Talde gutxik dituzte halakoak. Lan egiten dugun tokia paregabea da. 

Ednaren etorrerak eragin du ikusminik handiena, aurreko sasoian ligako golegile nagusietan bigarrena izan baitzen. Nolako jokalaria da?

Oso jokalari fisikoa eta indartsua, eta gol sen handikoa. Entrenamenduan baieztatu dugu. Uste dut asko emango digula, eta espero dut haren gol asko ospatuko ditugula. 

Aspalditik zenuen buruan etxera bueltatzea?

Egia esan, ez nuen garbi zer nahi nuen. Baina nituen aukeren artean gehien gustatzen zitzaidana etxera bueltatzea zen. Hemen dena daukat, eta klubaren aldetik ere apustu eta interes handia sumatu nuen ni hona etortzeko. Nik, berriz, bete-betean lehiatzen eta futbolaz gozatzen jarraitzeko gogoa daukat Horretara etorri naiz. Erronka handia da niretzat hona bueltatzea. Ez naiz bueltatu eroso egoteko, baizik eta lehiakor izateko, eta Reala hobea egiteko. Urte on bat egin nahi dut.

Zer ekarpen egin diezaiokezu Realari?

Urte hauetan esperientzia ugari bizi izan ditut, bai pertsona eta bai futbolari moduan. Beste Ainhoa bat naiz. Taldea gaztea da, eta hartu dudan eskarmentu hori eman diezaioket, baita une onetan zein txarretan beharrezkoa izaten den egonkortasun hori ere. Bestalde, uste dut tratuan ondo moldatzen naizela, eta alde horretatik multzoa indartzen eta sendotzen lagundu dezaket, ezarrita dauden zutarriak indartuz eta gazteenei lagunduz. 

Ardura duzu etxera bueltatzeagatik?

Ez. Egia da etxekoa naizela, baina beste edozein jokalari bezalakoa izan nahi dut. Ardura edo zama hori izatea ez da ona.

Nolakoa izango da hastear den denboraldiko Reala?

Goiz da oraindik. Baina uste dut Realak azken urteetan apustu handia egin duela harrobiko jokalarien eta jokatzeko era baten alde. Baloia izatea du gustuko. Aste hauetatik hori nabarmenduko duke: ikusi dut etxeko jokalari guztiek oso barneratuak dituztela jokatzeko ideia eta era batzuk, eta hori oso ona da. Oinarria sendoa eta ona da, egonkortasuna ematen baitio egitasmoari. Orain Arturo iritsi da, eta, oinarri hori hartuta, eta dituen ideiekin, zerbait eraikitzen ari da. Uste dut denboraldi polita dugula aurrean, nahiz eta urtetik urtera liga gero eta parekatuagoa izan, eta taldeak ondo indartzen diren.

Zer helburu izan behar ditu taldeak?

Uste dut urratsez urrats joan behar dugula, eta pazientzia eduki behar dugula, pixkanaka joan. Orain denboraldiaurrean gaude, eta helburua zera da: erritmoa hartuz eta egokituz joatea. Ez dugu beste ezertan pentsatu behar. Ezarri behar ditugun helburuek epe motzekoak eta eskuragarriak izan behar dute, eta horrek ahalbidetuko digu lortu nahi dugun hori lortzea.

«Arturo [Ruiz] oso gertukoa da, eta, aldi berean, zuzena. Oso argi esaten dizkizu gauzak, zer nahi duen zuregandik. Hori oso lagungarria da jokalariontzat»

Baina zer litzateke zuretzat urte polit bat egitea?

Taldeak, bere jokatzeko moldearen bidez, zaleekin bat egitea, konexio hori izatea. Hori gertatzen denean oso berezia izaten da, eta gauzak ondo doazen seinale izan ohi da. Harmailetako indar hori izatea ikaragarria da. Etxean talde indartsua izan behar dugu, eta aurkarientzat deserosoa izan behar du Z7ra jokatzera etortzeak.

Edna Imade eta zu zarete Arturo Ruiz ezagutzen duzuen jokalariak. Nolakoa da?

Egia esan, denbora gutxi izan nintzen harekin, Atletico Madrilen. Partida gutxi batzuk baino ez zizkigun zuzendu. Baina harengandik zera nabarmenduko nuke: gertukoa dela, eta, aldi berean, zuzena. Oso argi esaten dizkizu gauzak, zer nahi duen zuregandik. Hori oso lagungarria da jokalariontzat.

Z7 zelaia berritu egin dute, eta, ondo bidean, irailaren 13ko eta 14ko asteburuan inauguratuko duzue, Sevillaren kontra. Gogoz egongo zarete, ezta?

Sekulako gogoa dugu. Niretzat berezia izango da, lagunak eta senideak ere harmailan ikusiko ditut eta. Taldearen eta zaleen arteko lotura horretaz gozatzeko irrikaz nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.