Sufrimenduaren bidetik. Majo sufrituta. Baina Samuel Sanchezek arnasa eman zion atzo Euskaltel-Euskadiri. Bizikleta gainean etzanda jartzeko beldurrez, ametsa euritan urtu zitekeela pentsatuz, baina espainiarrak merezita irabazi zuen atzo Euskal Herriko Itzulia. Behingoz. Etxeko lasterketa ez irabaztea porrota izango zen talde laranjarentzat. Azken asteotan egin duten prestaketa aztertzea nahikoa da horretaz jabetzeko. Taldeko sukaldariak jaki bakoitzari bota beharreko gatz kopurua ere ondo neurtuta zeukaten taldeko arduradun guztiek. Xehetasun txiki horiek zainduta eskuratzen direlako lorpen handiak. Gueñesetik abiatu eta Oñatira iritsi bitartean, Euskaltel-Euskadik ez du beldurrik izan lasterketaren ardura hartzeko. Eta saria gozoagoa izaten da horrelakoetan. Euripean, aldapa behera errezatuz, baina liderrak ez zuen hutsik egin atzo Oñatin.
Tony Martin (Omega Pharma) eta Chris Hornerri (RadioShack) begira esnatu ziren denak Oñatin, euripean, baina Joaquim Rodriguezek (Katuxa), atzo arteko liderra berak, jarri zuen Euskaltel-Euskadi dantzan. Inoizko erlojupekorik onena egin zuen kataluniarrak, eta ezusteko ikaragarria emateko zorian egon zen. 21 segundo besterik ez zituen galdu azkenean, pare bat bihurgune arriskutsu. Gehiago ez. Merezita igo zen hura ere podiumeko bigarren koskara. Ezuste polita emanda, Bauke Mollemak (Rabobank) osatu zuen podiuma, etapan Samuel Sanchezek baino sei segundo gehiago eginda.
Irabazi nahi zuen Samuel Sanchezek urteren batean Euskal Herriko Itzulia. Nahi zuen, eta behar zuen. Obsesio bihurtzen hasita zegoelako jada. Beretzat. Eta taldearentzat. Iban Mayok 2003an irabazi zuenetik, baloia zutoinera bota eta bota ibili da talde laranja. Horregatik, behingoagatik gola sartzeko helburu argiarekin, Euskaltel-Euskadik xehetasun guzti-guztiak zaindu ditu aurtengo Itzulian. Juanjo Oroz lanean hasi behar zuen lehen txirrindulariarengandik hasi eta Sanchez berarengana iritsi arte, taldekide guztiek egin dute zoragarri euren lana. Sei egunotan momentu bakar batean geratu da Euskaltel-Euskadiko liderra inguruan inor gabe. Arriskuaren aurrean, bakarrik. Herenegun gertatu zen hori, Oñatira bidean. Baina liderrak berak dotore erantzun zuen Garagaltzan gora.
Samuel Sanchez agertuko da gaur egunkari guztietako azaletan; Samuel Sanchezekin beteko dituzte gaur irratietako ordu gehienak. Baina talde guztiaren lana dago espainiarraren garaipenaren atzean. Bi etapa garaipen, bi bigarren postu, eta sailkapen nagusia kendu dizkio Euskaltel-Euskadik 2012ko Itzuliari. World Tour ligarako puntu asko esan nahi du horrek. Taldearen etorkizuna bera airean dagoen garaiotan, arnas pixka bat hartu du talde laranjak. 32 urte beteta, palmaresa gizentzen jarraitzen du espainiarrak. Zazpi etapa irabazi ditu jada Euskal Herriko Itzulian, sailkapen nagusia ere bai aurten, eta beste hiru aldiz zegoen podiumera igota, 2003an, 2007an eta 2009an. Zaila izango da beste inork datu horiek hobetzea.
Oso erlojupeko arriskutsua
Markel Irizar oñatiarrak eman zuen abisua: «Arriskutsuegia da erlojupekoa». Eta arrazoi zeukan RadioShackeko txirrindulariak. Hain Itzuli erakargarriak ez zeukan horrelako amaieraren beharrik, arriskuaren jakitun, oso gutxi lehiatu zirelako etapa lortzera. Ez erortzea nahikoa garaipen zen atzokoan, eta helburu xume horrekin abiatu ziren, besteren artean, Tony Martin eta Chris Horner. Lehen erreferentzia puntura iristerako nabaritu zen hori.
Denbora txar-txarra ere ez zuen egin alemaniarrak 9,8. kilometroan, baina atzetik zetozenetako bik hobetu egin zuten haren denbora. Mollemak sei segundo kendu zizkion erreferentzia puntu horretan, eta Samuel Sanchezek berak bi. Akabo Omega Pharmakoak Itzulia irabazteko zeukan aukera oro. Hornerrek, berriz, Mollemarekiko 39 segundo galdu zituen lehen hamar kilometro horietan; helmugan, Samuel Sanchezekiko zazpi eta 52 segundo galdu zituzten, hurrenez hurren. Antolatzaileek arrakastatsutzat joko dute Itzuliaren amaiera, ikuskizunak irabazi duela esango dute. Baina txirrindulariek ez dute gauza bera pentsatuko. Nahi zuen Euskaltel-Euskadik garaipena. Behar zuen. Eta taldeak, azkenean, hartu du arnasa pixka bat.
Euskal Herriko Itzulia. Seigarren etapa: Oñati-Oñati
Ez zen ametsa, beharra zen
Samuel Sanchezek irabazi du Oñatiko azken erlojupekoa, baita Itzulia ere; Joaquim Rodriguez eta Bauke Mollema igo dira podiumera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu