Atletismoa

Ezin hobeto estreinatu du elastikoa

Miren Martin irundarrak irabazi egin du Realarekin jokatutako lehen lasterketa: Euskadiko Kros Txapelketa. «Ilusio handia piztu zidan». Garaipen horri esker, igandean Espainiakoan lehiatuko da, Kordoban.

Miren Martin atleta Euskadiko Kros Txapelketan. BERRIA
Miren Martin atleta Euskadiko Kros Txapelketan. BERRIA
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gustura dago Miren Martin atleta irundarra, eta ez da gutxiagorako. Pista estalian aritzen da ondoen, 1.500 metroko proban, baina agerian geratu da lokatzetan ere abila dela. Horren erakusgarri, hau: Euskadiko Kros Txapelketa irabazi berri du. Duela bi aste jokatu zuten, Ortuellan (Bizkaia). Eta, gainera, horixe izan da Martinek Realaren elastikoarekin korritu duen lehen lasterketa, Donostiako taldeak aurten fitxatu baitu. Debut ezin hobea egin du atletak, beraz: «Ilusio handia piztu zidan estreinakoan irabazteak».

Nola izan zen kontatu du: «Lehiakide batek erritmo bizia jarri zuen multzo nagusian; gainerakoak haren atzetik gindoazen. Hiru kilometro geratzen zirenean lehenengo sailkatua atzean utzi, eta bakarrik jarraitu nuen helmugaraino». 28.01eko denbora egin zuen Martinek; Oihane Irusta izan zen bigarren (28.46), eta Onditz Iturbe hirugarren (29.14). «Oso kontent amaitu nuen, baina gogorra izan zen. Lokatz asko zegoen, baita malda handiak ere».

«Oso kontent amaitu nuen, baina gogorra izan zen. Lokatz asko zegoen, baita malda handiak ere»

MIREN MARTIN Atleta

Batez ere pista estalian lehiatzen da Martin, eta, azaldu duenez, alde handia dago modalitate batetik bestera. «Krosean zortzi kilometro inguru izaten dira, eta pista estalian, 1.500 metrokoan ibiltzen naiz. Sekulako aldea dago. Kros bat edo beste egin izan dut etxean nagoenean, esate baterako Lasartekoa, baina ez naiz krosetarako entrenatzen». Hala ere, bete-betean dagoela erakutsi du. Euskadiko Kros Txapelketa irabazi duenez, Espainiakoa jokatuko du igandean, Kordoban.

Entrenamendu gisa ere baliatzen ditu proba horiek: «Aire zabalean egin izan ditut 8.000 metrokoak, nire proba prestatzeko. Eta, neguan kilometro gehiago egiten ditugunez, 3.000 metrokoa ere korritzen dut pistan. Baina gehienbat 1.500 metrokoak egiten ditut, eta krosean berdin, neguan egiten ditut zenbait, batez ere prestakuntza moduan».

«Etxeko taldera»

Irungo Super Amara taldean egin zituen Martinek kirol ibilbideko lehen urratsak, baina azken zazpi urteetan Leongo (Espainia) Sprint taldean aritu da. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egitera joan zen hara, eta hango taldearekin lehiatzen hasi; batetik, «erosoagoa» zitzaiolako, eta, bestetik, Sprint Lehen Mailan aritzen delako. Ondo moldatu da. Azaroan bigarren egin du Espainiako Kros Txapelketan, errelebo lasterketa mistoan.

Aurten, baina, taldez aldatzea erabaki du Martinek. Realak fitxatu du irundarra, emakumezkoen taldeak «aurrerapauso bat» eman dezan. «Azaroan esan zidaten proiektu bat egin nahi zutela Realeko atletismo taldea handitzeko eta hobetzeko. Bigarren Mailan daude, mailarik apalenean. Mutiletan, aldiz, gorenean daude, Ohorezko Mailan. Orduan, nesken taldea ere maila horretan egotea nahi dute. Talde euskalduna nahi zutela esan zidaten, atleta gipuzkoarrez osatua, eta horregatik eman nuen baiezkoa. Gainera, Reala nire taldea da, etxekoa. Ilusioa pizten zidan».

Pozik da Martin, eta pozik Reala, irundarra ez baita nolanahiko fitxaketa. 17 urte zituela Espainiako txapeldunorde izan zen pista estaliko 1.500 metroko proban, eta, orain dela hiru urte, finalerako sailkatu zen  pista estaliko Espainiako txapelketan.

Gaur-gaurkoz, Leonen egiten du lan Martinek, eta, beraz, han bizi da eta han trebatzen da: «Talde oso ona dugu, eta horrek asko laguntzen du egunerokoan, gutxiago kostatzen baitzaizu entrenatzera etortzea. Aukera dudanez, hementxe jarraitzen dut».

Hainbat lehiaketa dauzka begiz jota, eta erronkarik ez zaio falta: «Otsailean 1.500 metroko lasterketa batean parte hartuko dut, eta Espainiako gutxieneko marka egin nahi nuke: hori lortzen saiatuko naiz. Sailkatzea lortzen badut, otsail bukaeran pista estaliko Espainiako Txapelketa jokatuko dut. Orain, finaletarako sailkatzea da helburu nagusia, irabaztea oso zaila baita».

Taldeko giroa amu

Atletismoa, nolabait, beti izan da Martinen bizitzaren parte, ume-umetatik. Etxetik datorkio zaletasuna. «Nire anai-arrebek atletismoa egiten zuten umetan. Beti ikusi ditut oinetako iltzedunak etxean. Dena den, hasieran denetarik egiten nuen; besteak beste, futbola eta saskibaloia. Partidetan ondo moldatzen nintzen, baina beti korri egiten nuelako, ez baloiarekin ondo moldatzen nintzelako [barrez]. 12 urterekin, atletismoan gehiago entrenatzen hasi nintzen, eta 14rekin dagoeneko Euskadiko eta Espainiako Txapelketetara joaten nintzen».

Zerk erakarri zuen galdetuta, argi du: taldeko giroak. «Umea nintzenean, talde oso ona genuen Irunen, eta lagunekin aritzen nintzen. Txapelketak jokatzera kanpora joaten ginen: Malagara, Valentziara... Oso ondo pasatzen genuen, eta gehienbat horrek erakarri ninduen».

Halaxe, apurka-apurka, pausoak emanez joan da. Ibilbide oparoa egiten ari da, eta aurrera segitu nahi du, korri eta korri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.