Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: C multzoa

Ezin pasatu oharkabean

Futbolean aritzeko dohain adina txori ditu buruan Mario Balotellik. Ezagunak dira haren inguruko polemikak; azkena, herenegungoa, Irlandari gola sartu eta ahoa estali ziotenekoa.

Julen Etxeberria.
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Herenegun. Poznango Udal estadioa (Polonia). Italia eta Irlandaren arteko partidako 89. minutua. Alessandro Diamantik eskuinetik atera du kornerra, eta haren erdiraketa Mario Balotellik errematatu du bizkarrez, eskuin oinarekin, era ikusgarrian. Baloia zuzen-zuzenean joan da sareetara. Gol bikaina. Italiaren bigarrena Irlandari, lasaitasuna ematen diona. Balotelliren aurpegian, halere, ez dago irribarrerik, ez zoriontasun keinurik. Aulkia eta harmaila seinalatu ditu hatzekin, eta amorru biziz oihuka hasi da. Leonardo Bonucci haren taldekideak eskuarekin ahoa estali dion arte. Ordezkoen aulkian izan da lehen aldiz Eurokopan Balotelli, noiz eta Italiak final-laurdenetarako sailkapena jokoan duen neurketa erabakigarrian. Antonio Di Natale zelairatu du haren ordez hasierako hamaikakoan Cesare Prandelli hautatzaileak, eta horrek, nonbait, amorrarazi egin du Manchester Cityko aurrelaria.

«Barruan zuen amorru guztia nirekin ordaindu nahi ote zuen? Ez dakit, Mariori galdetuko diot ea ni begitan hartu ninduen. Baina ni pozik nengoen hark egindako lanarekin. Hogei minutu jokatu zuen, eta hogei minutu horiek izan dira Eurokopa honetan jokatu dituen hiru partidetako onenak». Prandelliren hitzak dira. Atzo esan zituen, Balotelliren keinuaz galdetuta. «Irribarre egitea falta zaio, baina hori ezin du prestatu, berezkoa behar du. Mario gorputz arraro bat da taldean. Halakoa da bera. Baina guztiaren gainetik, urrezko gazte bat da», gaineratu zuen jarraian.

Ez zaio arrazoirik falta Prandelliri: urrezko gazte bat da Balotelli (Palermo, Italia, 1990), futbolean jokatzeko dohain ikusgarriak dituen urrezko gaztea. Baina Prandellik dioen bezala, «gorputz arraro» bat da, baina ez bakarrik Italiako selekzioan, beti izan da halakoa jokatu duen talde guztietan: Lumezzanen, Inter Milanen eta Manchester Cityn. Hiruretan nabarmendu da: zelaian jokaldi eta gol ikusgarriak sartuta; zelaitik kanpo, berriz, gertakari bitxi eta ulertezinen protagonista izanda.

Adopzioan emandako haurra

Balotelliren izaeran izango du ziurrenik zerikusirik haren haurtzaroak. Palermon jaio zen. Haren gurasoak Ghanatik Italiara joandako etorkinak ziren. Egoera eskasetan bizi zen Barwuah sendia, eta horrek ondorioak izan zituen semearen osasunean: hesteetako arazo larriak izan zituen jaio eta gutxira. Hori ikusita, haren gurasoek adopzioan eman zion semea Balotelli sendiari, 3 urte besterik ez zituenean. Hamalau urte geroago, Balotelli dagoeneko ospetsu zenean, guraso biologikoek haiekin itzultzeko eskatu zioten. Ezetz esan zuen, eta gogor egin zuen haien aurka. «Loriaren atzetik doazen ehiztariak dira». Halaxe deskribatu zituen. Hark irabazitako diruaren zati bat bakarrik nahi izatea leporatu zien.

Francesco eta Silvia Balotelliren babesean hasi zen futbolean jokatzen, Lumezzanen, Italia iparraldeko herri horretako taldean. 15 urterekin jada Bigarren B Mailan ari zen jokatzen, jokatzen eta golak sartzen. Bi urte geroago, berriz, maila nagusian egin zuen debuta. Jadanik ez zuen soinean Lumezzaneren elastikoa, Inter Milan ahalguztidunarena baizik. Hiru urte egin zituen Interren, eta hamaika titulu irabazi, hiru Liga eta Txapeldunen Liga bat tartean. Hamaika izan ziren ere eragin zituen polemikak, 2010eko udan Jose Mourinho harekin nazkatu zen arte. Manchester Cityra joatea erabaki zuen orduan Balotellik. Ingalaterran bi sasoi egin ditu jada, eta ez da aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.