Ezinari, irribarrea

Sailkapen nagusiko lehiatik kanpo geratuta, garaipen handia lortu du Joaquim Rodriguezek Plateau de Beillen.Chris Froomek ondo kontrolatu ditu eraso saiakera guztiak

Ezinari, irribarrea.
unai zubeldia
2015eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Burua dauka harrigarria Joaquim Rodriguezek (Katuxa). «Tourra irabaztea da helburua». Kataluniarrari ez zaio gustatzen gezurrik esatea. «Puntu-puntuan nago, eta ibilbidea aproposa da niretzat». Katuxako taldeburuak Tourra hasi bezperan egin zituen adierazpen horiek. Bakarkako lanean, 1.26 minutu galdu zuen lehen erlojupekoan, eta, haize-babesen eromenean, 1.28 Zeelandara bidean. Ia hiru minutu, denera. Huyko horman lehen kolpe serioa emanda etorri zen bere onera. «Oso ondo nago». Barrutik hitz egin zuen orduan ere. «Sailkapen nagusia da helburua». Sinetsita zegoen.

Baina taldearen ezinak lehenengo —1.53 galdu zuen taldekako erlojupekoan— eta Pirinioek gero —6.07 eta 15.54 minutu galdu zituen mendiko lehen bi etapa serioetan— Chris Froomerengandik (Sky) 20.42ra urrundu zuten Rodriguez. Burua lanean hasten da horrelakoetan, ezkutuko ahalegin ikaragarria daukalako Tourrak atzean. Etsi, tentsioa baretu, eta noraezean ibiltzea izaten da ohikoena horrelakoetan. Baina ezinari irribarrez erantzutea erabaki du kataluniarrak.

Iheserako etapa aproposa zen atzokoa, Lannemezan eta Plateau de Beille artekoa, eta barruari baietz esan zion Katuxako taldeburuak, saiatzeko. 20. kilometroan zegoen tarteko esprinta, eta, epaileak bandera astintzearekin batera, tropela luze-luze eginda jarri zuen Lottok, Andre Greipelen mesedetan. Ez zuen hutsik egin alemaniarrak. Esprinta irabazita, bi puntura dauka orain Peter Sagan (Tinkoff) erregulartasunaren sailkapenean.

Esprinterrek eguneko uzta bilduta, orduan hasi zen festa tropel buruan. Erasoa batean eta erasoa bestean, 22 txirrindulariko taldea osatu zen azkenean, eta tartean sartu ziren Rodriguez bera, Gorka Izagirre (Movistar) eta Romain Sicard (Europcar). Aldea bost minuturen jiran mantentzeko saiakera txiki bat egin zuen Skyk tropel buruan, baina erabat lasaitu, erritmoa jaitsi, eta hamabi minututik gora joan zen aldea berehala. Etapa garaipenaren lehia aurrean, eta sailkapen nagusikoa atzean. Bi mutur izan zituen Tourreko hamabigarren etapak.

Eta oso politak izan ziren biak. Ordekan aurrera eginda, Michal Kwiatkowski (Etixx) eta Sep Vanmarcke (Jumbo) elkarrekin hasi ziren igotzen azken mendatea, Plateau de Beille maila berezikoa. Indarrak neurtuz, bi minutu eskasera zihoan igotzaileen taldetxoa, Rodriguez bera buru zela. Eta kataluniarrak burua erabiliz irauli zuen egoera. Eutsi zioten, hasieran, Jakob Fuglsangek (Astana) eta Romain Bardetek (Ag2r), baina Katuxako txirrindularia lasterketa buruan zen helmugara iristeko 7,5 kilometro falta zirenean. Pedal kolpe finarekin, gozatu handia hartu zuen amaieran, aurtengo Tourreko bigarren garaipena pilatuta. Erronka gisa, bederatzi puntura dauka orain mendiko maillota.

Quintanaren saiakerak

Rodriguez zazpi minutu aurrerago zela, eraso festa handia izan zen tropel nagusian. Rafal Majkak (Tinkoff) erritmoa bizitu berritan, Alberto Contador (Tinkoff) mugitu zen lehenengo, eta Vincenzo Nibali (Astana) gero; Alejandro Valverde eta Nairo Quintana (Movistar) ere bai atzetik... Baina Richie Portek eta Geraint Thomasek (Sky) ia oharkabean utzi zituzten ezerezean ahalegin guztiak. Ingurua baretu asmoz, Froome bera mugitu zen lau kilometro falta zirela, eta Valverde eta Quintana ere bai beste bi aldiz. Baina indar askorik gabeko mugimenduak izan ziren denak.

Galtzaileen artean, faboritoekiko 57 segundo galdu zituzten Bauke Mollemak (Trek) eta Robert Gesinkek (Jumbo), eta 2.59 Warren Barguilek (Giant) eta Tony Gallopinek (Lotto). Muret eta Rodez artean, 13. etapa jokatuko da gaur (198,5 km). Gorabeheratsua da amaiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.