Ezizen berri bat jar dakioke

Eibar errugbi taldearen lehen taldeko bost jokalari ingeniaritzako ikasketak egiten ari dira. Eibarko campusetik jokalariak erakartzeko lan egin dute.

Ingeniaritza ikasketak egiten ari diren Eibar errugbi taldeko bost jokalariak, ikasle egoitzako gimnasioan. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Eibar errugbi taldearen logoan putre bat ageri da. Hala ere, taldeak beste bi ezizen izan ditu orain arte: armaginak eta arranoak erabili izan dira taldeari buruz hitz egitekoan. Nahi izanez gero, zentzu handia duen beste ezizen bat gehitzeko moduan dago taldea: ingeniariak. Izan ere, emakumezkoen lehen taldeko bost jokalari ingeniaritza ikasketak egiten ari dira, eta bigarren taldeko bost ere bai. Deigarria izanagatik, ez da guztiz kasualitatea, Euskal Herriko Unibertsitateak arkitektura teknikoko gradu bat eta ingeniaritzako bost gradu eskaintzen baititu Eibarren (Gipuzkoa) duen campusean.

«Energia berriztagarrien ingeniaritzako ikasketak egitera etortzea erabaki nuenean, argi nuen kirola egiten jarraitu nahi nuela. Kirol talde bat izan zedin nahi nuen, eta, saskibaloi taldea Durangon zegoenez, errugbia probatzea erabaki nuen, eta gustatu egin zitzaidan», gogoratu du Raquel Riera jokalariak (Las Palmas Kanaria Handikoa, Espainia, 2000). 2018an ailegatu zen Euskal Herrira, eta ingeniaritzako ikasketak amaituko ditu kurtso honetan. «Ni ailegatu nintzenean ez dut gogoan ingeniaritza eskolako edo ikasle egoitzako neskarik errugbian aritzen zen. Ez dakit nork eman zidan taldearen berri, baina Instagram bidez jarri nintzen haiekin harremanetan, eta entrenamendu batera joan nintzen».

Agueda Pisek (Oviedo, Espainia, 2003), berriz, 12 urte zituenetik jokatzen du errugbian. Ingeniaritzako ikasketak egiteko eta goi mailan errugbian jokatzen segitzeko modua eman zion Eibarrera joateak. «Eibarrek antolatutako udako egonaldi batean Cristina Guntin entrenatzailea ezagutu nuen, eta Eibarrera joateko esan zidan. Errugbiko Lehen Mailan jokatzeko aukera izango nuen, ikasketak egiten nituen bitartean. Bestela, Bilbon egingo nituen ikasketak, eta moldatuko nintzateke Eibarrera entrenatzera-eta jokatzera joateko», esan du asturiarrak.

Behin taldean bete-betean murgilduta, Riera taldearen «propaganda» egiten hasi zen unibertsitatean zein ikasle egoitzan. «Ezagutzen nuen orori eman nion taldearen berri; zertxobait astuna izan nintzen agian. Kartelak han eta hemen jarri genituen. Ez dakit taldera ailegatu diren jokalariek hala ezagutu ote zuten taldea, baina uste dut lagungarria izan zela».

Hain justu, halako kartel bat ikusi ostean erabaki zuen Idoia Goiak (Bera, Nafarroa, 2003) errugbia probatu nahi zuela. «Arratsaldetan zerbait egin nahi nuen, eta, taldearen kartel bat ikusi eta gero, nik eta lagun batek entrenamendu batera joatea erabaki genuen. Sekula errugbian aritu gabea nintzen». Kartelek, beraz, eragina izan zutela esan daiteke. «Hasieran jende gutxi joaten ginen, baina pixkanaka unibertsitatetik eta egoitzatik jende gehiago joaten hasi zen. Hagitz multzo polita osatu genuen». Aurtengoa hirugarren denboraldia du Goiak taldean. «Zegoen giroagatik eta errugbiak duen izaera hagitz zintzoagatik gustatu zitzaidan hainbeste kirol hau». Iraide Toyos eta Naroa Lopez dira ingeniaritza ikasketak egiten ari diren lehen taldeko beste bi jokalariak.

Lehen taldeko eta bigarren taldeko ingeniariek multzoa egin dute orain, eta lan fisikoa ikasle egoitzako gimnasioan batera egiteaz gain, ikasketei loturiko lanak egiteko ere maiz elkartzen dira. «Errugbia eta ingeniaritzako ikasketak ondo uztartzeko, denbora ondo antolatzea ezinbestekoa da. Ikasle egoitzan denok batera lan fisikoa egiteak asko lagundu digu gure egunerokoan», azaldu du Pisek. Hala ere, beti ez da «erraza» ikasketak eta kirola uztartzea. «Lan handia eskatzen du, eta norberarentzako denbora libre gutxi geratzen da. Ahal den neurrian, bidaietako orduak aprobetxatzen ahalegintzen gara», azaldu du Rierak. Goiaren ustez, «denbora» eta «gogo» kontua da: «Dugun denbora ondo kudeatzea da gakoa. Egia da aste batzuk zailagoak izaten direla, baina merezi du esfortzu hori egiteak, zalantzarik gabe».

Irakaspen baliagarriak

Errugbitik unibertsitaterako baliagarriak diren gauzak ikasi dituzte, baita alderantziz ere. «Ikasketetan beti izan dudan diziplina errugbira eraman dut», dio Goiak. «Errugbiak eta kirolak, oro har, dedikazioa zer den irakatsi didate», gehitu du Pisek. Rierari «denboraren kudeaketa ona eta errutinak ezarri eta jarraitzeko gaitasuna» eman dizkio errugbiak. Hasieran pentsatu arren errugbiak eta ingeniaritzak ez dutela zerikusirik, Rierak lotura bat topatu du: «Errugbia kirol zaila da. Aldagai asko ditu. Gauza asko aldi berean gertatzen dira, eta ingeniariei, oro har, halako arazoak konpontzea gustatzen zaigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.