Ezkerra eta ezkertiarra

«Pertsona naiz lehendabizi, eta gero futbolaria». Hala dio Antonio Lunak, Eibarreko jokalariak, eta, horregatik, gizarteko arazoez duen iritzia ematen du Interneten, sare sozialen bidez, eta laguntza behar duenari laguntza ematen dio. Zelaian bezain aktiboa da zelaitik kanpo ere.

Antonio Luna, zale batzuekin selfie bat egiten, Eibarrek Granadan jokatu zuen partidaren amaieran. MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2015eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Familia apal bateko semea da Antonio Luna (Son Servera, Herrialde Katalanak, 1991). Andaluzian hezia eta hazia, Pedrera herrian (Sevilla). Futbolaria lanbidez. Baina beste edozer gauzaren gainetik, «pertsona». Hala esan dio BERRIAri.

Sevillan hasi zen futbolean jokatzen, eta, bihar, haren hasierako taldea izango du kontrario Ipuruan haren oraingo taldeak: Eibarrek. «Ez dakit jokatuko dudan, minez baitaramat bi aste». Gaur egingo du azken ahalegina, baina muturra okertu du jokatzeko aukerez galdetu zaionean.

Gauza bera egiten du gizarteko arazo bat salatu behar duenean. Muturra okertu lehendabizi, eta sare sozialetan idatzi gero. Aktiboa da alde horretatik, eta, Twitterreko haren kontuan arakatuz gero (@antoniiioLuna), Palestinaren aldeko aldarriak eta Israelen kontrako iritziak irakurtzen dira, besteak beste. «Sarraskia ari da egiten Israel Palestinarekin», esan du solasaldiaren tarte batean. «Badakit nondik natorren, eta bertatik bertara ikusi dut zer den bizitza aurrera ateratzeko sufrimendua. Horregatik, laguntza behar dutenen alboan egotea dagokit».

Kausa askotan da laguntzaile, baina batik bat Saharako herria dauka begi ninian sartuta. Urtero, uda bakoitzean, hango haur bat hartzen dute Sevillako etxean. Aurten ere han izan da Mohamed haurra: «Urte asko darama gurera etortzen, eta hurrengoan ere etorriko da. Etxeko bat gehiago da. Gure familiarekin egoten da, gurasoekin-eta. Ohikoa da Pedrera herrian Saharako haurrak familietan hartzea». Ama egona da saharar kanpamentuetan; bera ez oraindik: «Ez dut astirik joateko, baina joango naiz noizbait, ikusteko nola bizi diren».

Mohamedekin egoteko aukera handirik ez du izan uda honetan, dena dela: «Etorri zenean, kanpoan harrapatu ninduen, eta gero, egun gutxiren buruan Eibarren nintzen». Harremana izaten du haurrarekin eta bere familiarekin urtean zehar: «Gauzak bidaltzen dizkiegu, dirua ere bai, eta haiei laguntzen jarraitzeko bide bat da».

Gizarte gaietan barneratzen den jokalari asko ote dauden galdetuta, hauxe erantzuna: «Ematen duen baino gehiago gara, baina batzuek ez dute nahi izaten jendearen aurrean adierazi zertan ari diren. Baina nik ezagutzen ditut asko sahararrei laguntzen ari zaizkienak». Hain aktiboa izateak eta bere iritzia hain garden emateak arazoak sortu izan dizkiola aitortu du: «Izan dut buruhausteren bat edo beste, bai». Baina ez dauka aldatzeko asmorik.

Batzuentzat, kontraesana ere bada hainbeste diru irabazten duten jokalariak gizarteko arazoetan hainbeste sartzea; kontraesana ikusten diote bi egoerak uztartzeari. «Nik irabazi dut nire lanarekin nagoen lekuan egotea, eta sakrifizio handiak egin behar izan ditut jokalari profesionala izatera heltzeko. Gero, bakoitzak nahi duena egiten du bere diruarekin, eta, nik neuk, laguntza eskatzen didaten guztiei ematen diet».

Beharra duenari laguntzea da, haren ustez, «mundu injustu hau zuzentzen hasteko» egin daitekeena: «Zaila ikusten dut egoera asko aldatzea, agintean dauden gutxiengoei ez zaielako komeni munduan berdintasuna izatea».Baina ez du amore emango, eta bere esku dagoen guztia egingo du aurrerantzean ere. Orain arte egin duen bezala.

Pertsonaren ondoren, futbolaria, eta futbolean eman ditu buelta batzuk Sevillan hasi zenetik. Utzita egon zen Almerian eta Mallorcan, Ingalaterrara joan aurretik: «Aston Villak fitxatu ninduen 2013an, eta hiru denboraldirako kontratua egin. Baina sasoi bakarra osatu nuen han. Aurreko denboraldian, utzita aritu nintzen Italian, Hellas Veronan eta Specia Calcion —Jon Errasti eibartarra ari da orain talde horretan—». Eibarrek deitu zion udan, eta ez zuen bi aldiz pentsatu: «Raul Navas laguna dut, eta hark esan zidan etortzeko. Badakit nolako kluba den, nola zaintzen dituen jokalariak, eta, gainera, gehien gustatzen zaidan ligara itzultzeko aukera zen».

«Zoragarri nago hemen»

Gainera, ikusi ahal izan du uste zuen baino hobea dela kluba: «Zoragarri nago». Eibarren bertan bizi da, eta kalean gustura ibiltzen da herritarren animoak jasotzen: «Kritika txar bat ere ez dizute egiten». Ordu libreetan Bilbo aldera joan zalea da: «Taldekide batzuk joaten gara zinemara eta erosketak egitera».

Taldearen ibiliarekin zoratzen dago, baina oinak lurrean ditu: «Ezin dugu lo hartu. Badakigu zer gertatuko zaigun konformatzen hasten bagara. Lanean jarraitu behar dugu orain arte bezala». Luna, bistan da, ez dago ilargian. Eta zelaitik kanpo ere ez da ilargira begira bizi, jokalarien mundu itxi horretan sartuta. Zelaian ezkerra, zelaitik kanpo ezkertiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.