Itsaso zakarra zegoen gaur Donostian. Bi metro eta erdiko olatuak izan dira batez beste, eta haizea. Ustekabekoak izateko baldintza aproposak zeuden, baina ez da halakorik izan. Faboritoek ez dute huts egin Kontxarako sailkatze estropadan, eta Eusko Label ligako lehen zazpi ontziak sailkatu dira: Urdaibai, Orio, Zierbena, Hondarribia, Getaria, San Juan eta Isuntza. Donostiarra ere ariko da datozen bi igandeetan, baina ez du sailkatze estropada jokatu behar izan, hura baita Donostiako trainerua. Bestalde, Galiziako ontzirik ez da izango.
Bou Bizkaia traineruak egin du denborarik onena, eta aspaldiko partez sailkatu da Lekittarra, baita Erreka ere. Pozez txoratzen ospatu dute arraunlariek. Hunkituta hitz egin du Osertz Aldai Isuntzako entrenatzaileak: «Taldeak merezi zuen. Urteetan esfortzu handia egin dugu, eta gaur sailkatzea oso garrantzitsua zen guretzat. Bagenekien gure lana egiten bagenuen azkar ibiliko ginela, eta dena eman dugu».
Lekeitioko taldeak 1999an parte hartu zuen azkenekoz Kontxan; hots, duela 26 urte. Kostata, baina apurtu dute madarikazioa. Herriko jaiak dituzte, eta Donostian ere piztu dute festa. Azken bi urteetan gutxigatik geratu ziren kanpoan, baina hirugarren saiakera balekoa izan da. Haiek eskuratu dute zazpigarren postua.
Irribarretsu hitz egin du Ander Makazaga San Juan taldeko arraunlariak ere: «Gure helburua, ligan ondo ibiltzeaz gain, Kontxan sartzea zen, eta lortu dugu. Urte asko daramatzagu marea arrosa ikusi gabe, eta egundokoa izan da». 2017tik sailkatu gabeak ziren. Gaur, ontzi azkarrenetan seigarrena izan da.
Hala ere, biei luze egin zaie itxaronaldia. Faboritoak izan dira lehiatzen aurrenekoak. San Juan bigarren taldea izan da erlojupekoari ekiten, eta Isuntza laugarrena. Hortaz, behin lanak amaituta, zain egon behar izan dute. B multzoan, Santurtzi eta Chapela ziren ezustekoa emateko hautagai nagusiak, eta joaneko luzea ikusita, haiek soilik zuten beste bi taldeen denbora hobetzeko aukera. Santurtzik irabazi du KAE1 liga, eta Chapelak Galiziakoa. Dena den, azkenean, dezentez beranduago helmugaratu dira. Lekittarra-k baino hemeretzi segundo gehiago behar izan ditu Sotera-k —bederatzigarren egin du—, eta 28 segundo gehiago Chapelak —hamaikagarren egin du—.
Ziaboga ematerakoan ere, talde onenetan zortzigarrena zen Isuntza, baina estu: bi segundoren aldea ateratzen zion Ondarroari, hirurena Santurtziri, eta bostena Aresi. Poparean, baina, bikain aritu dira, eta, azkenean, zortzigarren trainerua baino hamahiru segundo lehenago bukatu dituzte lanak. San Juanen denbora hobetzekotan ere egon dira; ehunenen aldea baino ez da izan batetik bestera.
Gaurko onena, berriz, Urdaibai izan da, azken hiru aldietako txapelduna. Aldaketa asko izan dituzte traineruan, eta balentria handia litzateke aurten Bou Bizkaia-k lortzea Kontxako Bandera. Hala ere, erakutsi dute sasoiko daudela. Orio izan da bigarren, irabazteko hautagai nagusia, eta Zierbena hirugarren. Joaneko luzean, galipoak izan dira azkarrenak, baina poparean joan egin zaie ontzia, eta denbora asko galdu dute.
Hondarribiak eta Getariak ere lan ona egin dute. Laugarren bukatu du Ama Guadalupekoa-k, eta bosgarren Esperantza-k. Ligan bezalaxe, parean aritu dira, eta merezita sailkatu.
Txanponaren beste aldea
21 ontzi lehiatu dira, eta ezin denak asebeteta geratu. Kontxarako sailkatze estropadan, zortzigarren postua da onartzen zailena, eta Ondarroak bete du gaur. Xanet Gimeno patroia, ordea, itxaropentsu aritu da etorkizunaz: «Kontua ez da hainbeste guk huts egin izana: Isuntza eta San Juan hobeak izan dira, eta zoriondu nahi ditut. Egin dugun denboraldiaz harro gaude, eta hurrengo urtean sartuko gara». Konbentzituta mintzatu da.
Ares izan da Galiziako ontzirik azkarrena, baina urrun samar geratu zaio zazpigarren postua: hogei segundora. Lan erdietan oraindik bizi-bizirik zegoen, baina bueltako luzean ez da hain fin aritu. Cabok, berriz, makal egin du arraun. Galiziarrak Eusko Label ligako azken postuan daude, eta Kontxarako sailkatze estropadan ez dira hobeto aritu. Azken-aurreko postuan bukatu dute, hogeigarren.
Horiek horrela, jakina da zer ontzi lehiatuko diren Kontxan datozen bi igandeetan. Baita irailaren 7an ontzi bakoitza zer txandatan ariko den ere: Urdaibai, Orio, Getaria eta Zierbena izango dira lehen txandan. Eta Donostiarra, Isuntza, San Juan eta Hondarribia bigarrenean. Sentipen onei eustea izango dute helburu.