Paolo Galbiatik Baskoniako entrenatzaile izaten jarraituko du datorren denboraldian. Hala adierazi du Felix Fernandez kirol zuzendariak kazetariekin egindako gosari informatiboan. Joan den denboraldian heldu zen taldera Italiako entrenatzailea. Geroztik, Arabako taldeak Espainiako Kopa irabazi eta ACB ligako kanporaketak jokatzea lortu du. Zaleen kuttun ere bihurtu da teknikaria. Baina kanporaketetan ezustean geratu zen kanpoan Baskonia, final-laurdenetan, partida erabakigarria etxean galduta, gainera. Galbiatik kezkatuta amaitu zuen, eta asko zabaldu zen haren irudia, bakarrik, Buesa Arenaren erdialdean. Fernandezek Galbiatiren lan egiteko era azpimarratu du: «Egun osoan sekulako energia dauka. Entrenatzaile bikaina da, erritmo azkarra ezartzen du eta jokalariei ilusioa pizten die. Hori da bere indarguneetako bat».Â
Jokalariei dagokienez, kirol zuzendariak iragarri du Forrestek, Omoruyik eta Radzeviciusek ez dutela taldean jarraituko. Diakitek irteteko etete klausula ordain dezake, eta hari eustea «zaila» izango dela aitortu du. Horrez gain, gaineratu du Sedekerskisek, Diopek eta Kurucsek kontratua dutela oraindik taldearekin, eta Buesa Arenan izango direla.
Xevi Pujol, idazkari teknikoak, berriz, ez du Gasteizen jarraituko. Bazebilen zurrumurrua, eta baieztatu egin da. Fernandezek aipatu du Pujolek Bartzelonara joan nahi duela adierazi diola taldeari: «Pujolen inguruan interesa sortzen duten albisteak daude. Klubeko norbait da, eta hiru urterako kontratua zuen». Harekin ere hitz egin zutela aipatu du kirol zuzendariak: «Gure proiektuaren parte zela jakinarazi genion, baina hark Bartzelonara joan nahi duela esan digu».