Fernando Bidarte Aspeko buru ohia zendu da

26 urte egin zituen administratzaile bakarraren karguan. Iazko urrian Baineti saldu zizkion bere akzioak, eta «osasun arazoek» eta «ilusio faltak» bultzatuta hartu zuen kargua uzteko erabakia.

Fernando Bidarte, urtarrilean egin zuen agerraldian. JON URBE / FOKU
Fernando Bidarte, urtarrilean egin zuen agerraldian. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko irailaren 26a
17:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fernando Bidarte hil da (Eibar, Gipuzkoa, 1952), Aspe pilota enpresako buru izandakoa. Gaixorik zegoen, eta gaur zendu da. 74 urte betetzekoa zen bihar. Urtarrilean egin zuen azken agerraldia, eta bertan iragarri zuen Bainet taldeari saldu zizkiola bere akzio gehienak. Egun batzuk lehenago jakin zen Bidartek utzi egin ziola Aspeko administratzaile bakarra izateari, eta Iker Moranek hartuko zuela ardura hori aurrerantzean. Bidarte Asperen administratzaile bakarra izan zen 26 urtez, 1999ko abuztutik.

Bidarteri Enrique aitonarengandik eta Alberto aitarengandik zetorkion pilotarekiko lotura eta zaletasuna. Enrique aitonak Astelena frontoia kudeatzeko aukera ematen zuten 40 akzioetako bat erosi zuen 1924an. Ondoren gehiago erosi zituen, eta azkenerako Alberto semeak akzioen %40 eskuratu zituen. Hala, Albertok ordu hartako hainbat frontoi kudeatzeko enpresa bat sortu zuen, beste hainbat enpresarirekin: Enpresa Batuak. Besteak beste Donostiako, Bergarako (Gipuzkoa), Gasteizko eta Iruñeko frontoiak kudeatu zituen enpresa hark. 

Enpresa horretan hainbat ardura izan zituen Fernandok berak. Julian Retegi eta Ladis Galarza gorenean ziren urte haietan. Ondoren, Asegarce sortzearekin batera, pilotatik aldendu zen. Baina Aspe enpresaren jabe egiten hasi zen, eta handik urte batzuetara itzuli zen. Asegarcerekin batera  Esku Pilota Enpresen Liga sortu zuen. 

Asperen akziodun nagusi egin zen 1999ko abuztuaren 19an, Muntion eta Iturza pilotari ohiei enpresan zuten partaidetza erosi ondoren. Erosketa gauzatu ondoren, enpresako akzioen %60ren jabe egin zen. Artean enpresak bost jabe zituen: Muntion, Iturza, Salaverri eta Iribarren errioxarrak, eta Bidarte bera. Bakoitzak enpresaren %20 zuen. Bidartek erosi egin zien euren partaidetza Muntion eta Iturzari, eta Asperen akzioen %60ren jabe egin zen.

Ordutik kargu horretan jardun zuen, eta pilotaren eta pilotako txapelketen modernizazioan hartu zuen parte. Aurtengo urtarrilean zuen azken agerraldia, Aspen zituen akzioak Baineti saldu zizkiola iragartzeko. Bidartek esan zuen «zaila» izan zela erabakia hartzea, baina bere «bidaia» amaitu zela, eta «amestutako amaiera» izan zuela. Azaldu zuenez, «osasun arazoek» eta «ilusio faltak» bultzatuta utzi zion enpresari izateari, eta «pilotaren onerako» saldu zizkion akzio gehienak Baineti.

Jakinarazi zuenez, beste bizpahiru talderekin hitz egin zuen, baina ez ziren ados jarri. «Beharrezkoa zen, eta lasai nago, dena eman baitut. Seguru nago Bainetek lagundu egingo diola pilotari, hazten jarraitu dezan. Bainetek eskarmentu handia du», azaldu zuen. «Egoera oso zaila zen. Begira nola gauden orain: lepo daude frontoiak». Akzio batzuk beretzat gorde zituen, «modu sinbolikoan», familiak pilotari dion «maitasunagatik». Jakinarazi zuenez, semeak, Jorge Bidartek, kudeatzaile lanetan jarraituko zuen Aspen. Hark hartu zuen lekukoa duela bi urteko otsailean, Fernando Bidartek erretiroa hartu eta gero.

Iker Moran zen administratzaile bakarraren kargua hartzekoa. Moran Bainet enpresako finantza zuzendari eta kudeatzaileen ondokoa zen, eta bigarren aldaketa izan zen denbora gutxian: EPEL Eskuzko Pilota Enpresen Ligari izena aldatzea izan zen bestea. Pilota Pro Liga izena du orain, eta Jose Ramon Garai da haren kontseilari ordezkaria. Bizkaia frontoiaren kudeatzaile eta Baiko enpresako zuzendaria zen Garai. Bi erabaki horiek Baiko indartu zuten. Are gehiago, erabaki horien ondorioz, monopolio itxura hartu zuen esku pilota profesionalaren kudeaketak.

Baina Bidartek argi utzi zuen: «Aspek berdin jarraituko du, baita kirol arloan ere: Baikorekin lehiatuko da aurrerantzean ere. Aspek bere espirituari eutsiko dio. Pilota profesionala ez da monopolio bat izango».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA