FIFAren «baldintza berriek» sortu dituzte zalantzak Munduko Futbol Koparako hautagaitzei buruz, Pradalesen arabera

2030eko Munduko Futbol Kopa Espainian, Portugalen eta Marokon jokatuko dute, eta Bilbo eta Donostia ziren lehiaketa horretarako egoitza posibleak. Azken asteetan, hautagaitza horien inguruko zalantzak sortu dira, eta horien inguruan mintzatu da Pradales.

Pradales gaur, Ajuriaenean, Munduko Kopari buruzko adierazpenak egiten. IREKIA
Pradales gaur, Ajuriaenean, Munduko Kopari buruzko adierazpenak egiten. IREKIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 20a
15:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru herrialde. Inoiz baino egoitza gehiago izango ditu 2030eko Munduko Futbol Kopak, Marokon, Espainian eta Portugalen jokatuko baitute. Herrialde horietako hiri ugaritan jokatuko dira lehiaketako partidak. Euskal Herrian ere badira Munduko Futbol Koparen egoitza izateko bi hautagai: Donostia eta Bilbo, hain zuzen ere. Azken asteetan, ordea, Espainiako futbol selekzioak Euskal Herriko lurretan jokatzeko aukerak eztabaida politikoa eragin du, eta hiri horien hautagaitza mantenduko ote den, horren inguruan ere sortu dira zalantzak. Gaur egindako agerraldian, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak arrazoi politikoen ildotik aldendu nahi izan du eztabaida, eta FIFAk ezarritako «baldintza berriak» aipatu ditu zalantza horien oinarri gisa. 

Lehendakariak oroitu duenez, martxoan Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFA) hainbat «bisita tekniko» egin zituen Bilbora eta Donostiara, «horrelako ekitaldi batek behar dituen azpiegitura eta xehetasun guztiak sakonki ezagutu eta aztertzeko». Bisita horietan, Munduko Kopako partidak hiri horietan jokatzeko ezinbesteko «hainbat baldintza» ezarri zituzten FIFAko teknikariek, horietako asko «orain arte ezezagunak». Baldintza horien guztien «analisi xehea» egiten ari dira orain inplikaturiko erakundeak, Bilboren eta Donostiaren hautagaitzak mantentzea merezi ote duen edo ez erabakitzeko. Hala ere, Pradalesek «lasaitasuna» helarazi nahi izan die herritarrei, azterketa hori egiteko «denbora nahikoa» badela iritzita.

Oposizioaren kritikak

Lehendakariak eztabaida arlo politikotik atera nahi izan badu ere, zenbait talde politiko eta politikariren arrapostu ugari sortu dute haren deklarazioek. EH Bilduko Nerea Kortajarenak kritika zorrotzak izan ditu. Haren arabera, orain azaleratu diren zalantza berberak planteatu zituen koalizio abertzaleak «duela hiru urte». Pizturiko eztabaidak «garapen eredu baten agortzea» erakusten du, Kortajarenaren iritziz, eta «gardentasuna eta elkarrizketa falta» leporatu dizkio EAJri eta hark kontrolaturiko erakundeei, eztabaida aurrez gainerako alderdiekin hitz egin gabe planteatzeagatik. «Gure selekzioaren parte hartzeari uko egiten dion lehiaketa bat» Euskal Herrian hartzearen aurka agertu da EH Bildu.

FIFA-REN baldintzak

  • Erabilera esklusiboa. Lehen partida baino 30 egun lehenago hasita eta azken partidatik zazpi egun geroago arte ezingo litzateke estadioa beste ezertarako erabili. 
  • Eserlekuak. Gutxienez 40.000 eserleku behar ditu estadioak. Baina, horrez gain, gutxienez 4.000 eserleku gorde beharko lirateke bazkide komertzialentzat, horietatik %30 palkoetan. 
  • Inguruak. Estadioaren inguruetan 4.000 metro koadroko eremua bermatu behar da irrati eta telebistentzat, baita 550 metro koadroko akreditazio eremu bat eta mila metro koadroko eremu bat boluntarioentzat ere. Hortaz gain, beste 300 metro koadroko eremu bat ere behar da sarreren salmentarako. Estadio barruan, berriz, bi pantaila erraldoi jarri beharko lirateke, 200 metro koadrokoa bakoitza.
  • Neurri ekonomikoak. FIFAk ia erabateko zerga-salbuespena eskatzen du, bai erakundearentzat, baita hornitzaileentzat ere. Horrez gain, tokiko erakundeek 100 milioi dolarreko aseguru bat sinatu behar dute, nahiz eta FIFAk kontratua bertan behera uzteko eskubidea izan. 

Ezkerretik soilik ez, eskuinetik ere jaso ditu kritikak Pradalesek. Munduko Koparen aferan «kikildu» eta atzera egin izana aurpegiratu dio lehendakariari EAEko PPko presidenteak, Javier de Andresek. De Andresen arabera, Anoetak eta San Mamesek «baldintza guztiak betetzen dituzte, txikikeria batzuk kenduta», eta Bilbo eta Donostia Munduko Kopako egoitza izateko «borondate politiko eta soziala badago». PPko presidentearen ustez, EAJ «etengabe EH Bilduren esanetara lerratzean» datza arazoa. ««EH Bilduk zer agindu, horretan jokatzen du EAJk, eta etengabekoa da EH Bilduk EAJren gainean duen lidergoa», De Andresen aburuz, eta koalizio abertzalearen iritziei men eginez ari da orain EAJ Munduko Kopako hautagaitzen inguruan zalantza egiten. 

Erakundeen analisiak

Donostiako alkate Jon Insaustik (EAJ) piztu zuen polemikaren sua, larunbatean LinkedIn plataforman argitaraturiko hausnarketa batekin. Idatzian, aitortu zuen Munduko Koparen egoitza izatearen inguruko eztabaida «zilegia» zela, eta aferaren inguruko zenbait gogoeta plazaratu zituen. «Inpaktu positiboak egon badaude, bai, baina zorrotz aztertu behar ditugun eskakizunak, tentsioak eta arriskuak ere bai», adierazi zuen Insaustik, eta, hala, zalantzak agertu. Jarrera hori, baina, ez dator bat aurreko alkateak, Eneko Goiak, erakutsitakoarekin. Insaustiren aitzineko alkateak Munduko Kopa Donostian hartzearen aldeko defentsa fermua egin zuen, eta horren aurkariak «triste» hutsak zirela ere esan zuen. 

Asteartean, berriro heldu zion gaiari Insaustik. Gipuzkoako hiriburuko alkatearen arabera, «uda honetan» erabakiko du Donostiako Udalak hiria Munduko Kopako egoitza izango den. Insaustiren arabera, halako ekitaldi bat hiriarentzako «ona» dela «ehuneko ehunean ziurra» denean soilik emango dute baiezkoa. Insaustik adierazi du Pradalesek aipaturiko «analisi sakon» hori egiten ari direla orain. «Hiru txosten egingo ditugu. Bi jada entregaturik daude, gobernantzari eta lege arloari dagozkienak, eta hirugarrenaren zain gaude», azaldu du Insaustik. Arlo ekonomikoaren ingurukoa da azken txosten hori. Donostiak erabakia modu «independentean» hartuko duela ere azpimarratu du alkateak, baina gehitu du «herri ikuspegia» ere kontuan hartuko dutela. 

Bizkaian ere piztu du eztabaida aferak. Bilboko Udalak ez du adierazpenik egin, baina astelehenean Bizkaiko ahaldun nagusiak, Elixabete Etxanobek (EAJ), oihartzun egin zien Insaustiren adierazpenei, irratian egindako elkarrizketa batean. Hain zuzen ere, ahaldun nagusiak esan zuen «sakon» eztabaidatzen ari zirela Bilbok Munduko Kopako egoitza izan behar duen, eta proposamena «xeheki aztertu» behar zela. 

Antzeko zerbait adierazi zuen asteartean bertan Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak, Irune Berasaluzek. Berasaluzeren arabera, Munduko Koparen egoitza izateari buruzko erabakiak «herrialdeko erabakia» izan behar du, inplikaturiko instituzio guztiek «adostasunean eta modu koordinatuan» hartu beharrekoa. «Ekitaldi handi bat da, eta, horrenbestez, hausnarketa eskatzen du», laburbildu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera Berasaluzek. «Hautagaitzari dagokionez, orain hausnarketa betean gaude, izan ditzakeen ondorio positiboak eta negatiboak aztertzeko», zehaztu du bozeramaileak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA