Miarritze 19. Brive 0

Finalean da Miarritze

Euriak baldintzatu du partida, eta xuri-gorriek une oro izan dute kontrolpean eta erraz menderatu dute Brive

Miarritzek eta Brivek atzo Aguileran jokatutako partidako jokaldi bat. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Miarritze
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Miarritze. Marconnet, Hegi (August, 60. min.), Van Staden; Thion, Carizza (E. Lund, 30. min.); Guyot (M. Lund, 66. min.), Lakafia, Gray; Yachvili (Peyrelongue, 72. min.), Bosch; Baby, Traille, Haylett-Petty (Gimenez, 65. min.), Ngwenya; eta Balshaw (Baraque, 66. min.).

Brive. Poirot, Natriashvili (Lacombe, 60. min.), Barozzi (Barnard, 56. min.); Uys, Caisso (Ledevedec, 50. min.); Azoulai, Claasen, Forgues; Figuerola, Belie; Galala, Noon, Swanepoel, Cooke; eta Atayi.

Markagailua. 3-0, 6-0, 13-0 (atsed.); 16-0 eta 19-0.

Epailea. George Clancy.

Oker hasitako sasoia modurik ederrenean bukatzeko aukera dauka Miarritzek. Sasoi guztian jaisteko postuetatik hurbil egon ondoren, eta Heineken kopan hasieratik kalera joan ondoren, heldu den maiatzaren 18an Europako Challengeko finalean izanen da. Europako lehen kopa irabazteko aukera izanen dute lapurtarrek. Duela hogei urte Top14ko finalean bezala, Toulon izanen da Miarritzeren aurkaria. Kopa irabazita, Heineken kopan aritzeko txartela eskuratuko lukete.

Miarriztarrek Top14ko beste aurkari bat izan zuten parean atzoko finalerdian: Brive. Hura Miarritze bezala, sasoi osoan jaisteko postu arriskutsuetatik oso hurbil ibili da, eta Baionarekin batera, berak du arrisku handiena bigarren mailara jaisteko. Euriak eta haizeak asko baldintzatu zuten partida. Arnaud Hegik partida bukaeran aitortu bezala, argi zegoen «aitzinekoentzako partida» zela. Eguraldi horrekin, garrantzitsua da aitzinean sendo aritzea eta gauzak garbi egitea. Zangoz ere zelaia betetzen jakin behar da, eta aurkariari presioa sartzen.

Defentsa, zango jokoa, eta aitzineko borroka Brivek baino askoz hobeki erabili zituen Miarritzek, eta aise irabazi zuen. Brive sendoa da aitzinean, baina une anitzetan nahastuta ibili zen, gehiegizko grinagatik eskasak eta uztartzeak garbi ezin kontrolatuz. Miarritzek, berriz, ez zuen akatsik egin, eta baloiak garbi irabazi zituen. Dimitri Yachvilik eta Ian Balshawek, gainera, estu hartu zuten zangoz Brive. Presio horren ondorioz, Briveren zelaian jokatu zuen Agilerako taldeak. Kanpokoek gauzak nahasiago egin zituzten, eta faltak egiten hasi ziren. Hor zegoen Yachvili faltak zigortzeko, eta 9-0 ezarri zen lehen zatian.

Traille: itzuli eta entsegua

Partidako entsegu bakarra lehen zatian sartu zuen Miarritzek. Balshawek presioa egin zuen zangoz, eta hurrengo jokaldian, Marcelo Boschen ostikadaren azpian azaldu zen Traille entsegu eremuan: 13-0 ezarri zen Miarritze atsedenaldian. Bigarren zatian, Miarritzek ondo kudeatu zuen aldea. Baloia eskuetan izan zuen, eta Brive itzali egin zuen. Kanpokoek ez zuten asmatu Miarritze zailtasunetan ezartzen, eta Agilerakoak patxadaz aritu ziren. Partida bukaeran Yachvilik beste bi zigor kolpe sartu zituen, bukaerako 19-0ekoa ezarriz. Bukaera biribila, titulu batekin buka daitekeen sasoia biribiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.