Azken txanpan da Munduko Eskubaloi Txapelketa. Jada zehaztuta dago zein lau selekziok jokatuko dituzten finalerdiak ostiralean, Malmon (Suedia): Frantziak, Espainiak, Danimarkak eta Suediak. Partidak zeintzuk izango diren falta da orain zehazteko. Gaur jakingo da, multzo bakoitzeko azken partidak jokatuko baitira.
Frantzia eta Espainia atzo sailkatu ziren finalerdietarako. Frantziak 26-31 irabazi zion Norvegiari, eta Espainiak 24-32 Islandiari. Espainiaren garaipenean zerikusi handia izan zuten Eduardo Gurbindo iruindarrak eta Julen Aginagalde irundarrak: sei eta lau gol sartu zituzten, hurrenez hurren. Atzoko emaitzekin, Frantziak eta Espainiak zazpi puntu dituzte lehen multzoko sailkapenean, eta jada inork ezin die aurrea hartu. Espainia-Hungaria eta Frantzia-Islandia partidek zehaztuko dute gaur nor izango da lehen eta nor bigarren.
Danimarkak eta Suediak, berriz, herenegun lortu zuten finalerdietara pasatzea bigarren multzoan, Argentinari eta Kroaziari irabazita. Sailkapenean Danimarkak zortzi puntu ditu, eta Suediak, sei. Bi selekziok elkarren aurka jokatuko dute gaur.
Finalerdietako taldeak, zehaztuta
Frantzia, Espainia, Danimarka eta Suedia ariko dira dominen lehian Munduko Eskubaloi Txapelketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu