Bi urteko kartzela zigorra, bost urtez futbol zelaietara sartzeko debekua eta 5.400 euroko isuna —askatasun publikoa eta funtsezko eskubideak urratzeagatik—, horixe eskatu du fiskaltzak Iñaki Williams Athleticeko jokalariari oihu eta keinu arrazistak egin zizkion akusatuarentzat. Gertakaria 2020ko urtarrilaren 25ean jazo zen, Espanyolek eta Athleticek Bartzelonan jokatutako norgehiagokan. Gaizka Garitanok, orduko Athleticeko entrenatzaileak, 69. minutuan aldatu zuen Williams Raul Garciagatik, eta orduan harmailetako zale batzuek irain arrazistak oihukatu zituzten, eta tximu itxurak egin, jokalaria iraindu asmoz.
Fiskaltzaren arabera, irain eta keinu horiek «jokalaria gutxiesteko» egin zituzten, haren «azal koloreagatik», eta horrek «frustrazioa, lotsa eta umiliazioa» eragin zizkion Williamsi. Fiskaltzaren ustez, gertakariak «inpaktu eta oihartzun handia» izan zuen sare sozialetan, eta hori «pertsonen funtsezko eskubideen eta askatasun publikoaren aurkakoa» da.
Epaiketa bihar hasiko dute, eta ostegunean amaitzea aurreikusten dute. Williamsek bideo dei bidez deklaratuko du, eta akusatuak eta kasuan lanean aritu diren mossoek ere hitz egingo dute.
Maroani ere irainak
Aurreko denboraldian, Espanyolen RCDE Stadium futbol zelaian, Maroan Sannadi Athleticeko aurrelariari ere irain arrazistak egin zizkioten harmailetan zeuden zale batzuek, berotzen ari zen bitartean. Epaileak arrazakeriaren aurkako protokoloa jarri zuen martxan, eta neurketa eten zuen tarte batez.
Williamsek berak bost urte lehenago gertatutakoa gogoratu zuen, partida amaieran egindako adierazpenetan: «Ez da lehen aldia Cornellan halako zerbait gertatzen dena».