Floren Nazabal zortzigarrenez nagusitu da Donostian, Urrezko Kopan

Markarik onenetik urrun geratu bada ere, erabat nagusi izan da etxarriarra; Aitzol Atutxa izan da bigarren

Erredakzioa
Donostia
2013ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Inor ez da nekatzen irabazten, baina bide horretan nahikoa aurrera joanda dabil Floren Nazabal. Aizkorako Urrezko Koparako faboritoen izenak aipatzen hasi eta etxarriarrarena bakarrik agertzen zen batean eta bestean. Eta nafarrak ez zuen hutsik egin atzo Donostiako Trinitate plazan. Hasi eta bukatu, kontrolpean izan zituen aurkariak, eta 30.57 minutuko denbora ona eginda, zortzigarrenez irabazi zuen Donostiako Aste Nagusiko proba preziatua. Enbor gozoen laguntzarekin, aipagarria izan zen denbora, etxarriarrak 1.20 minutuan jaitsi baitzuen iazko marka —Donato Larretxearena da denborarik onena, 1995ekoa (27.17)—.

Azken hamar urteotan bitan bakarrik huts egin du Nazabalek: 2007an —Joxemari Olasagastik irabazi zuen orduan—, eta 2010ean —Juanjoxe Lopez Azpilikueta nagusitu zen—. Gainerako urteetan inor gutxi izan da gai nafarraren parean jartzeko. Aitzol Atutxa ibili zen atzo Nazabalengandik gertuen, baina minutu-minutu eta erdi inguruko alde erosoa neurtuz ibili zen, une oro, txapelduna. Azkenerako, nafarrak baino 1.09 minutu gehiago behar izan zuen bizkaitarrak.

Olasagasti, denbora onarekin

Txukuna izan zen Iñaki Azurmendiren lana ere (33.21), txapeldunarengandik 2.24 minutura amaitu baitzituen lanak. Eta zer esanik ez Olasagastirena. 54 urterekin, oso denbora ona egin zuen igeldotarrak (34.11), eta aurrea hartu zion Joseba Otaegiri (36.19). Unai Otaño ezinean zebilela eta, azken unean jakin zuen zizurkildarrak Urrezko Kopan ariko zela, eta prestaketa zehatzik gabe irten zen plazara gipuzkoarra. Lan duina egin arren, Nazabalengandik bost minutu luzera geratu zen Otaegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.