Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Frank Schleckek positibo eman du Tourrean

Diuretiko bat hartzeagatik izan da, eta UCIk ez dio zigorrik jarriko, halere, taldeak itzulitik kanpo utzi du

Erredakzioa
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Frank Schleckek (RadioShack) positibo eman du Frantziako Tourrean, iragan uztailaren 14ean eginiko kontrolean. Diuretiko bat hartzeagatik izan da baina, eta botika arrunta denez UCIk ez du espero behin behineko zigorrik jarri beharko dionik. Halere, Radioshackek txirrindulariak Tourrean ez jarraitzea erabaki du kasua argitu arte. UCIk taldearen esku utzi zuen erabaki hori.

Schlecktar anaietako zaharrenak iragan larunbatean eman zuen positibo, Xipamide hartzeagatik, hipertentsioarentzako eta edemak sendatzeko botika bat. Dena den, UCIk atzo ohar bidez zehaztu zuenez litekeena da zigorrik ez jasotzea. «Substantziaren jatorria zein den ikusita UCIk ez du behin behineko zigorrik espero, substantzia zehatza delako». Halere, txirrindulariarekin zer egin taldearen esku utzi zuen,«Tourraren lasaitasunerako» egokia den erabakia hartuko zuelakoan. Oharra ezagun egin eta ordubetera jakin zen Schleckek ez zuela jarraituko.

Zer da baina substantzia zehatz bat? Eta zergatik ez du zigorrik? Dopinaren aurkako munduko agentziak hala azaltzen du: «Euren presentzia azaltzeko, dopinarekin loturarik ez duten kontsumorako arrazoi sinesgarriagoak dituzten substantziak dira». Botika arruntak dira. Dena den, Schleckek lau eguneko epea du bigarren analisiaren aurretik, eta bide batez bere defentsa prestatzeko.

Txirrindulariak 32 urte ditu egun, eta atzora arte sailkapen nagusiko 12. postuan zegoen, Bradley Wiggins (Sky) liderrarekiko hamar minutura. Iaz, aldiz, hirugarren izan zen, eta aurten ez zen berarengandik espero zitekeen mailarik ematen ari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.