Frantzia finalerdietan da, Marokori 2-0 irabazi eta gero

Bigarren zatian Mbappek eta Dembelek sarturiko golek markagailura eraman dute europarrek zelaian erakutsitako nagusitasuna.

Mbappe, arerioz inguratuta, lehen gola sartzeko jaurtiketa egiten. GREG M. COOPER / EFE
Mbappe, arerioz inguratuta, lehen gola sartzeko jaurtiketa egiten. GREG M. COOPER / EFE
jon olano
2026ko uztailaren 10a
00:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziak hirugarren izarra josi nahi du elastikoan. 1998ko eta 2018ko Munduko Kopako txapelduna, azken edizioko txapeldunordea, finalerdietarako sailkatu da, ez edozein aurkari gaindituta: 2-0 irabazi dio Afrikako txapeldun eta 2022ko laugarren sailkatuari, baina, batez ere, Marokoren aldean nagusitasun beldurgarria erakutsi du. Belgika edo Espainia zain dauzka finalerako bidean.

Futbolak batzuetan misterio gutxi dauka: talde bateko jokalari onena atezaina bada, talde horren ezinen seinale. Eta, Frantziaren aurkako final laurdenetan, Marokoren izarra Yassine Bounou atezaina izan da; Frantziak bere zelaian ito du Maroko lehen zatian, eta soilik Bounouren geldiketek eutsi diote berdinketari markagailuan. Guztira 21 jaurtiketa egin dituzte europarrek, eta lau baino ez afrikarrek. Lehen zatiko abagune nabarmenena Frantziaren aldeko penalti bat izan da, baina hori ere gelditu dio atezainak Mbapperi. Bounou aditua da penaltietan —munduko kopetan bederatzi penaltitik bi baino ez dizkiote sartu—, baina aurrelari frantziarrak ez dizkio lanak bereziki zaildu atezainari; bigun jo du baloia, atezaina etzan den aldera.

Real Madrileko aurrelariak bi erronka pertsonal ditu aurretik: aurtengo Munduko Kopako golegile nagusia izatea eta munduko kopen historian gol gehien sartu dituen jokalaria izatea. Lehenari dagokionez, lehia bizia du Leo Messi Argentinako izarrarekin; zortzina gol daramatzate. Zortzi gol sartu zituen Mbappek berak 2022ko txapelketan, eta beste hainbeste Ronaldo Nazariok 2002koan, baina zortzi baino gehiago sartu zituen azkena Gerd Muller izan zen, 1970ean. Bigarrenean, Messi bera du aurretik, baina soilik gol bat falta zaio argentinarra gainditzeko (21-20), eta espero izatekoa da Mbappek oraindik urteak eta txapelketak dauzkala aurretik, Messik ez bezala. Lasterketa horretan, frantziarrak ez du barkatu Marokoren kontra; 60. minutuan, baloia Mbapperen oinetara iritsi, eta, area barruan, ertzetik gertu, zegoen tokitik bertatik, baloia nahi duen lekuan jarri du: zutoinaren ondoan, Bounourengandik urrun. Orduko 77 kilometroko abiadura hartuta egin du baloiak sarerako bidea.

Frantzia ez da jokaldiak zelai erdian mamitu eta mamitu behar dituen talde bat; atzeko lerrotik arerioaren areara joateko gainditu behar diren metroen multzoa baino ez da zelai erdia, lehenbailehen igaro beharrekoa, eta gaurko partida ez da salbuespena izan. Datu bat: atera askoz maizago jaurti arren, frantziarrek gutxiago izan dute baloia marokoarrek baino (%44-%49), trantsizio ikusgarriak egiteko gai baita Didier Deschamps lapurtarraren taldea. Oliseren birak, Dembeleren bertikaltasuna, Mbapperen abiadura; Frantzia hiru izarreko konstelazio bat baino gehiago da, baina ez du hori baino askoz gehiago behar min emateko.

Horren adibide da partida erabakita utzi duen gola, frantziarren bigarrena. 66. minutuan zelai erdiko eskuin hegalean baloia berreskuratu eta bi pase geroago, area ertzean zen Dembele. Eskuinez, behetik jaurti, eta barrura.

2-0ekoarekin, Frantziak finalerdietan jarri du burua, Marokori utzi dio baloia, eta tramite hutsean utzi du minutuen iragana 90.era arte. Orduan ere, afrikarrek ez dute batere estutu Magnan atezaina.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA