Frantziak eta Ukrainak oso bestelako moduetan amaitu zuten lehen jardunaldia. Frantziarrak Ingalaterra baino gehiago izan ziren, baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten. Aldiz, ukrainarrek hiru puntu eskuratu zituzten, Suedia baino gehiago izan gabe.
Gaur elkarren aurka ariko dira, Donetsken, D multzoko bigarren jardunaldiko lehenbiziko partidan. Frantziak behar luke izan faborito, jokalari zerrenda banan-banan aztertuta Ukraina baino hobea delako. Ustezko nagusitasun hori, hala ere, zelaian dago erakutsi beharra. Frantziarrek euren benetako maila emanez gero, irabazi egin behar lukete. Horretarako, hori bai, defentsan eta erasoan hobetu beharra daukate: ezin dute berriro hutsik egin atzean, eta aurrean eraginkorrak izan behar dute. Horren jakitun, baliteke Blancek aldaketaren bat egitea: M'Vila zelairatu Alou Diarraren ordez, adibidez.
Frantziak hobetu ezean, ez harritu Ukrainak beste ezusteko bat ematea. Etxean ariko da, konfiantzaz lepo estreinakoan Suediari irabazi ondoren, eta Xevtxenko bere jokalari onena sasoi betean dagoela. Irabaziz gero, final-laurdenetan izango dira ukrainarrak.
Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: D multzoa
Frantziak Ukrainari irabazi beharra dauka
Ukrainarrak konfiantzaz lepo daude, eta gaur irabazten badute, final-laurdenetan izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu