Txirrindularitza

Frantziako Tourra: inoizko gogorrenari aurre egiteko prest

Bihar hasi eta hilaren 8ra bitarte jokatuko da Frantziako Tourra, eta hirugarrenez parte hartuko du Laboral Kutxak. Usoa Ostolazarekin sailkapen nagusia lehiatzea da helburua, baina etapa garaipenei aterik itxi gabe.

Pauline Ferrand-Prevot iaz Tourreko azken etapan lortutako garaipena ospatzen. J.C. BOTT / EFE
Pauline Ferrand-Prevot iaz Tourreko azken etapan lortutako garaipena ospatzen. J.C. BOTT / EFE
jon eskudero
2026ko uztailaren 31
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hirugarren urtez jarraian, Frantziako Tourrean parte hartuko du Laboral Kutxa taldeak. Bihar hasiko da lasterketa Lausannen (Suitza), eta abuztuaren 8an amaituko, Nizan, Frantziako lurretan. Bada, inoiz baino gogorragoa izango da, 1.175 kilometro osatu beharko baitituzte txirrindulariek, bederatzi etapatan banatuta. Ez dute atseden egunik izango, eta aski etapa gogorrak gainditu beharko dituzte. Besteak beste, zazpigarren etapa izango da gogorrena, Mont Ventoux mendatea igo beharko baitute. Laugarren etapan, berriz, 21 kilometroko erlojupekoa izango dute, eta garrantzitsua izan daiteke sailkapen nagusiari begira. Guztira 98 txirrindularik parte hartuko dute, eta hautagai nagusi bat ageri da beste guztien gainetik: Demi Vollering (FDJ). 2023an lasterketa irabazi ondotik, berriz ere gorenera igo nahi baitu. Hots, azken bi urteetako txapeldunak izango ditu etsai handienak: Pauline Ferrand-Prevot (Visma) eta Kasia Niewiadoma-Phinney (Canyon).

Erronkari aurre egiteko, zazpikote «indartsua» errepideratuko du Laboral Kutxak. Usoa Ostolaza izango da liderra, eta harekin batera ariko dira Naia Amondarain, Idoia Eraso, Yuliia Biriukova, Arianna Fidanza, Paula Patiño eta Deboera Silvestri. «Lasterketaren ezaugarriak ikusita, ahalik eta zazpikote lehiakorrena osatu dugu», azaldu du Peio Goikoetxea kirol zuzendariak. Haren arabera, guztiaren premia izango dute, oso gogorra izango baita aurtengo ekitaldia. «Pentsa, soilik etapa bakarra aurreikusten da esprintean amaitzea. Beste lasterketa guztiak desnibel handikoak izango dira, baina konfiantza handia dugu gure ziklistekin. Oso ondo prestatuta iritsiko gara». Andorran egin dituzte prestaketa lanak. «Saiatu gara desnibel handiko saioak egiten, altueran. Sentsazio onekin abiatuko dugu Tourra».

Aterik ez du ixten

Helburuei begira jarrita, Goikoetxeak argi du zeri begira jardun behar duten. «Ahalegindu behar gara Laboral Kutxaren maillota ahalik eta gehien ager dadin lasterketaren muturrean. Talde gonbidatu gisa ariko gara Tourrean, baina ez da lehen aldia izango, hirugarrena baizik. Horregatik, ezin dugu konformatu parte hartze hutsarekin. Gure dohainen berri eman behar dugu». Ostolaza izango da lider nagusia. «Sailkapen nagusiko lehian ibili nahi dugu Ostolazarekin, eta ea gai garen lehen hamar postuetan sailkatzeko. Egia da erlojupekoak ez digula mesede handirik egiten, baina baikorrak gara, Mont Ventoux igo behar izatea onuragarria baita guretzat». Sailkapen nagusirako lehian aritzeak ez du taldea baldintzatuko, Goikoetxearen esanetan. «Etapa ehiztari bikainak ditugu taldean, eta nahi genuke etapa garaipen bat lortu. Ez diogu aterik ixten ezertxori ere, eta egunez egun aztertzen joango gara egoera».

Ostolazari dagokionez, lan ona egiten ari da denboraldi honetan: Espainiako Vueltan laugarren izan zen, Euskal Herriko Itzulian zazpigarren, Burgosko Itzulian hirugarren eta Pirinioetako Tourrean zazpigarren. Joan den ekainaren 14tik errepidean lehiatu gabe dago ofizialki. «Tourrerako prestaketa lanetan oso ondo sentitu da, baina egia da hilabete eta erdi badela lehiatu gabe dagoela. Horregatik, Tourreko lehen egunetan denborarik ez galtzea gakoa izango da». Goikoetxea lasai dago, badaki eta errepide bazterretan ez dutela laguntzarik faltako. «Urtero bezala, euskal zaleen presentzia ugaria izango da, eta horrek asko lagunduko digu gure onena ematen. Talde gisa aurrerapauso bat eman nahi genuke aurtengo ekitaldian».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA