Futbola

Franz Beckenbauer hil da

Urrezko bi baloi eta munduko bi kopa irabazi zituen defentsako jokalari alemaniar historikoak; 78 urte zituela hil da.

FRANZ BECKENBAUER
Beckenbauer, 2019an saritu zuten ekitaldi batean. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
pettan uralde
2024ko urtarrilaren 8a
18:00
Entzun

Franz Anton Beckenbauer, 1945ean Munichen jaioa, astelehen honetan hil da, 78 urte zituela. Alemaniar jokalari, entrenatzaile eta zuzendari izana, germaniar futboleko mito peto-petoa, zendu egin da aste batzuk osasunez gaizki egon ondoren. Azken urteetan bihotzeko bi ebakuntza egin zizkioten, eta kontu handiz ibili beharra zuen. Astelehen honetan esan du agur, eta hutsune handia utzi du Alemanian eta munduko futbolean.  

Beckenbauer Alemaniako futbolaren mito gorentzat hartzen da. 1974an munduko txapeldun izan zen jokalari gisa, eta 1990ean ere bai, entrenatzaile gisa. Gainera, hiru aldiz irabazi zuen Europako Kopa FC Bayernekin eta Eurokopa bat Alemaniarekin. Azken urteetan bizimodu publikotik erretiratuta egon da, osasun arazoengatik, baina baita 2006ko Munduko Txapelketaren egoitza Alemaniarentzat lortzeko bere lanean izandako ustezko irregulartasunak zirela-eta sortutako eskandaluagatik ere.

Gaur egungo futbolean desagertua den jokalari mota bat izan zen, libero postua ondoen gorpuztu zuena, historiako defentsa jokalaririk onenetakotzat jotzen dena. Bere palmaresean, bi Urrezko Baloi lortu zituen, 1972an bata eta 1976an bestea. Gainera, 2020an, sariaren Dream Team historikoan sartu zuten, futbolaren historiako beste mito batzuekin batera.

Mito baten sorrera

Beckenbauer Munikeko Giesing auzoan hazi zen, eta SC 1906 Munich taldearekin hasi zen jolasten haurra zela. Garai hartan Bavariako hiriburuko lehen taldea ez zen Bayern, 1860 Munich baizik, eta Beckenbauer 13 urterekin talde harekin fitxatzekotan egon zen.

Hala ere, ospetsu egin den pasarte batek, Bayernera eraman zuen. Gerhard Königek, 1860 Municheko beheko mailetako jokalari batek zaplaztekoa eman zion partida batean, eta hortik aurrera, Beckenbauerrek erabaki zuen ez zuela inoiz talde horretan jokatuko.

Beckenbauer Bayernera heldu zenean, jokalari gisa izarretara iritsi zen, eta kluba Europako gailur gorenetara igo zuen. Istorio bakar bat balitz bezala elkartu ziren jokalariaren eta taldearen bideak.

1965ean Bayern Bundesligako lehen mailara igo zen, taldean Franz Beckenbauer, Sepp Maier eta Gerd Müller jokalari ezagunak zeudela. 1966an Beckenbauerrek Alemaniako Kopa irabazi zuen Bayernekin, eta munduko txapeldunorde izan zen Alemaniarekin. Une hartan idolo bat zen, bere ibilbideko arrakastarik handienak oraindik iritsi gabe zeudela.

1967an bavariarrek Errekopa irabazi zuten, kontinente mailako lehen titulua. 1969an Beckenbauerrek bere lehen Bundesliga irabazi zuen Bayernekin. 1972tik 1974ra bitartean, Bundesliga jarraian hiru denboraldiz irabazi zituen, eta 1974tik 1976ra hiru aldiz jarraian irabazi zuen Europako Kopa zaharra. 1972.ean Alemaniak Eurokopa irabazi zuen, Beckenbauer kapitain zela, eta Urrezko Baloia ere irabazi zuen, lau urteetara errepikatuko zuena. 1974an, Munichen, Beckenbauerren Alemania munduko txapeldun izan zen, Cruyffen Holanda 2-1 garaituta.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.