Fusto eta Gaubeka dira faboritoak buruz buruko pala txapelketan

Iazko txapelketako emaitzen arabera eratu dituzte kanporaketak, eta Bilbon jokatuko dira partida guztiak

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Binakakoa bukatu eta buruz burukoa hasi. Munduko Pilota Batzarrak eta Innpalak lankidetzan antolatu dute banakako Munduko Pala Txapelketa, eta hamabi pilotarik hartuko dute parte. Larunbatean hasiko da txapelketa, lehen faseko bi kanporaketarekin, eta apirilaren 20ra arte iraungo du. Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dituzte partida guztiak, eta bi dira txapelerako hautagai nagusiak: Pablo Fusto iazko txapelduna eta Esteban Gaubeka.

Buruz buruko txapelketa pilotaleku motzean jokatuko da, eta Innpalako ia pilotari guztiek hartuko dute parte. Zortzik lehen kanporaketetan ekingo diote bideari, eta enpresak iazko emaitzen arabera osatu ditu. Hala, Garmak, iaz finalerdietatik gertuen gelditu zenak, Larrinagaren aurka jokatuko du, emaitza txarrena lortu zuenaren aurka. Era berean, kanporaketa horretako irabazleak Fusto izango du aurkari final-laurdenetan. Zerrendaburuak iazko finalerdietan sartu ziren lau palistak dira: txapelduna, Lujan, Urkijo eta Ibargarai. Euren mehatxu nagusia, baina, atzetik iritsiko da: Esteban Gaubeka. Kepa Arroitajauregi pilota batzarreko teknikariak Armintzakoa eta Fusto jo zituen faborito atzoko aurkezpenean. Final-laurdenetako irabazleek finalerdietako ligaxka jokatuko dute apirilean, eta lehen bi sailkatuak igaroko dira hil bereko 20ko finalera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.