FUTBOLA. Irabazi, irabazi...

Clementek ohiko jokalariak zelairatuko ditu gaur Betisi aurre egiteko; entrenatzaileak zaleei eskaini gura die garaipena

haritz gallastegi
2005eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Futbolariei sarritan errepikatu behar zaizkie gauzak», esan zuen Javier Clementek atzo. Hasiberriek egiten dituzten akatsen gainean ari zen berbetan adierazpenok egin zituenean. Athleticen ardura hartu zuenetik lantzen ari den oinarrizko kontzeptuen aurretik ikasten denaren gainean ari zen jardunean, alegia.

Halere, oinarrizko kontzeptuen eta gainerako kontuen gainean berba egiteaz gain, ez litzateke txarto egongo jokalarien buruan «irabazi» kontzeptua barneratzea. Athletici ahaztu egin zaio irabazten, eta askok uste baino gaitzagoa da garaipenaren bidera itzultzea. Horretarako lan handia egin behar da astean zelai gainean zein aldagelan. Presaka egin beharreko beharra da, ordea. Izan ere, Athleticek berandu baino lehen berreskuratu behar du hiru puntuen bidea. San Mamesek beti izan duen indarra berreskuratu behar du.Katedraleko partidak ezerosoak izan dira beti aurkarientzat. Goi mailako taldeek ere ez zuten San Mamesen jokatzerik gura izaten. «Igandean San Mamesera. Jokalariak eta zaleak gainean izango ditugu. Partida gaiztoa izango da», pentsatzen zutela jokalariek esan du sarri askotan Andoni Zubizarretak Dream Team-eko partaide zenean. Denboraldion Bilbora etortzen diren taldeek ez dute beldurrik. Jakin badakite, atzean sendo egonda puntu bat bermatuta izango dutela. Kontraerasoan eraginkorrak izanez gero, hiru puntuekin itzuliko dira. Aldatu beharra zegoen, derrigorrez.Clementek atzeko aldetik hasi zuen egoerari buelta emateko egitasmoa. Taldeak konfiantza hartzeko atzelari gehiago zelairatu zituen. Bost defentsarekin hobeto babestu dute Aranzubia. Atzealdea sendotzeak gabeziak eragin ditu erasoan. Hiru jokalari bakarrik aritu dira askatasunez zelai erditik aurrera. Horrela gaitza da emaitza onak lortzea. Egiari zor, ezin da esan Athletic ez dela eraginkorra izan. Mallorcan eta Valentzian «aukera» bana izan zuen taldeak eta baita asmatu ere. Emaitza: lau puntu.

Iraola, Urzaiz eta Casas hasieratik ariko dira

Etxetik kanpo atzealdea sendotzea irtenbide egokia izan daiteke larri dagoen talde batentzat. Jokoan egon diren azken bederatzi puntuetatik bost irabaztea ere oso ondo dago. Halere, zulotik irteteko hirunaka lortu behar dira puntuak. Beraz, etxean, jokoaren ekimena eraman behar den zelaian beste era batera jokatu behar da. Bestela ez da etekinik lortuko eta jokalariei ahaztu egingo zaie jokatzen.

Clemente ere ohartu da. Betisen aurka ohiko joko sistema eta ohiko jokalariak zelairatuko ditu. Aspaldiko Athletic erasokorrena ikusiko dute San Mamesera joaten diren jarraitzaileek. Lauko defentsan Iraola arituko da eskuin hegalean. Bere aurretik Etxeberriak jokatuko du. Ezker hegalean, berriz, Dañobeitia gazteak jokatuko du. Valentzian egin zuen lanak beste aukera bat eman dio barakaldarrari. Erdian, ostera, Yestek eta Urzaizek jokatuko dute. Helburua? Aukera gehiago eta hobeak sortzea. Halaber, Clementek argi dauka nori eskaini gura dien garaipena: zaleei. Talde zuri-gorriaren filosofiaren ardatz nagusietako bat dira. Ez dago merkaturik egon bai, baina gainerako taldeek baino aukera gutxiago eta garestiago lortzen dute balekoa den produktua. Horren aurrean, beste arma batzuk erabili behar izaten ditu. Zaleen laguntza da arma nagusietako bat. Athleticeko jarraitzaileek ez dute huts egin. Jardunaldiak joan, jardunaldiak etorri bete egiten dute San Mames. Bete bakarrik ez, sekulako giroa sortu dute. Larunbatean jokatu bada neurketa, are eta beroagoa izan da giroa. Denboraldi honetan huts egin ez duten bakarrak dira. «Lanean ari gara. Arlo fisikoan eta jokoan asko hobetu dugu. Jarrera, ostera, beti da ona. Orain arte horrenbeste eman diguten zaleei garaipena eskaini gura diet».Zaleek merezi dute euren taldea irabazten ikustea. Abuztuan ikusi zuten azken aldiz. Halere, arrazoi garrantzitsuagoak ere badaude Betis mendean hartzeko. Salbazioa puntu bira dago eta huts egiteak areagotu egingo ditu zailtasunak. Bestalde, Betis aurkari zuzena da eta hiru puntuek balio handiagoa dute. Athleticek ez du mendekurik gura, Athleticek hiru puntu behar ditu. Irabazi, irabaziÉ

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.