Espainiako Kopa jokatzen hasi zenetik Athletic atsedenik gabeko zurrunbilo batean sartuta dago. Bi partida jokatzen ditu aste bakoitzeko, txapelketa ezberdinak elkartuz. Trabzonsporri irabazi zion, baina hiru egun geroago ez zen gai izan Getaferi irabazteko. Gero Parmari irabazi zion, baina ondoren Albaceteren aurkako porrota etorri zen. Aurreko astean etxetik kanpo Gimnastica Segoviana mendean hartu eta Espainiako Kopako final-hamaseirenetan sartu zen, baina larunbatean San Mamesen ez zuen Bartzelonaren aurka irabazterik izan.
Atseden lasaia amets
Partidaz partida buruari patxada emateko denborarik gabe, orain arte San Mames izan du makulu Athleticek denboraldi hasieran. UEFA Kopan emaitzak ezin hobeak izan dira bitik bi garaipen, baina Espainiako Ligak etxetik kanpo ere irabazi beharra dagoela irakatsi die jokalariei. Orain arte Gimnastica Segovianaren aurkako partida da kanpoan irabazi duen bakarra. Gaur Turkian irabaziz gero, sei punturekin, sailkapena ia eskuan izango luke Athleticek, eta, gainera, hurrengo asteetan Espainiako Ligan eta Kopan buru-belarri aritzeko aukera izango luke. Azaroaren 25ean atsedena izango dute zuri-gorriek UEFAn, eta abenduaren 1a arte ez dira Europara itzuliko: Steaua Bucaresten aurka.
Beheranzko joerari buelta emateko aukera du gaur Athleticek. Kolpe sendoa izango litzateke Inonu futbol zelaian irabaztea, bai etxetik kanpo lortutako garaipena litzatekeelako, baita aurkaria Besiktas delako. Turkiarrentzat ligaxkako lehen partida da, eta euren zaleen aurrean ez dute hutsik egin nahi. Gaurkoak ez du Parmaren aurkako partidaren antzik izango.Partida pilaketak eraginda eta Levanteren aurkako norgehiagoka burutik kendu ezinik, ziurrenik gaur Ernesto Valverdek atseden emango dio Asier del Hornori. Berak eta Andoni Iraolak gainkargak dituzte, baina gallartarraren kasuan soilik erabakiko du entrenatzaileak ordezko jokalari bat ateratzea. Javi Casas izango da ezker hegala zaintzeko arduraduna. Gainerakoan, Parmaren aurka hasieratik jokatu zuen taldeak jokatuko du, jakinik etxetik kanpo garaipen batek Athletici hiru bider balio diezaiokeela.
-
entrenatzaileak
VICENTE DEL BOSQUE (Besiktas)
«Multzoko faboritoa da Athletic. Sasoi onean da. Partida azkarra izango da»
«Multzoko faboritoa Athletic da. Sasoi onean dago, eta Ernesto Valverderen lana eta klubaren filosofia goraipatzeko modukoa da. Partida azkarra izango da. Guk ilusio handiz jokatuko dugu, ligaxkako lehen partida baita guretzat».
ERNESTO VALVERDE (Athletic)
«Gure helburua irabaztea da, batez ere arreta guztia Espainiako Ligan jartzeko»
«Gure helburua partida irabaztea da, batez ere aurrerantzean gure arreta guztia Espainiako Ligan jarri ahal izateko. Baliteke hasierako hamaikakoan txandakatze batzuk egitea, zenbait jokalarik giharretako arazoak dituztelako».
-
Sailkapenak
B multzoa
2. jardunaldia (gaur)
Besiktas -Athletic
Parma -Steaua Bucarest
Atsedena: Standard Lieja
PuntuakJ I B G
1.Athletic 3 1 1 0 0
2.Steaua B. 3 1 1 0 0
3.Standard L.0 1 0 0 1
4.Parma0 1 0 0 1
5.Besiktas 0 0 0 0 0
3. jardunaldia (azaroak 25)
Standard L. -Parma
Steaua B. -Besiktas
Atsedena: Athletic