FUTBOLA

Futbolariek bertan behera utzi dute greba, akordioa lortuta

Hurrengo hiru denboraldietarako gutxieneko soldatak adostu dituzte Lehen Mailako futbolariek eta patronalak: 21.000 euro denboraldi honetan, eta, diru sarrera komertzialen arabera, 23.000ra iristeko aukerarekin; 22.500 euro 2024-2025eko denboraldian, 25.000ra iristeko aukerarekin; eta 23.500 euro 2025-2026ko denboraldian, 28.000ra iristeko aukerarekin. Bihar hasiko da liga.

Athleticek eta Realak Guardian jokatutako Euskal Herria kopako finala. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko irailaren 14a
00:40
Entzun

Hamaika tirabiraren ostean, ados jarri dira Espainiako Lehen Mailako futbol ligako patronala eta sindikatuak. Horren ondorioz, bertan behera geratu da aurreneko bi jardunaldietarako deituta zegoen greba. Lanuztea dela eta, ez zen jokatu lehen jardunaldia aurreko asteburuan. Baina, akordioari esker, bihar bertan hasiko da liga.

Bigarren jardunaldia jokatuko dute. Maila nagusian ari diren hiru euskal taldeek asteburuan ekingo diote lehiari. Athleticek Atletico Madrilen zelaian jokatuko du larunbatean, 12:00etan, eta, ordu berean, Eibarrek Levante Las Planas jasoko du Unben. Realak, berriz, igandean jokatuko du estreinako partida, Granadan (Espainia), 19:00etan.

Gauerdian lortu dute akordioa patronalak eta sindikatuek. Espainiako Arbitraje eta Bitartekaritza Zerbitzuaren egoitzan bildu dira berriro, Madrilen. Oraingoan, ordea, ados jarri dira: Lehen Mailako futbolariek 21.000 euroko gutxieneko soldata izango dute denboraldi honetan, 23.000ra iristeko aukerarekin; 22.500 eurokoa 2024-2025eko denboraldian, 25.000ra iristeko aukerarekin; eta 23.500 eurokoa 2025-2026ko denboraldian, 28.000ra iristeko aukerarekin.

Urtebeteko negoziazioak

Duela urtebete hasi ziren sindikatuak eta patronala hitzarmen berria negoziatzen. Gutxieneko soldataren inguruan maiatzean hitz egin zuten sindikatuek jokalariekin. Bozketa bat ere egin zuten. Egun, 16.000 euroan dago soldata hori, eta sindikatuek hurrengo proposamena egin zuten, hasieran hiru denboraldirako: 20.000 euro aurrenekoan, 25.000 bigarrenean, eta 30.000 azkenekoan. Patronalaren eskaintza, berriz, hau izan zen: 16.500, 17.500 eta 19.000. Guztiak %100eko partzialtasunarekin. Proposamena erretiratu egin zuen gero.

Aurreko astean gerturatze bat egon zen arlo horretan. Lehen bileran, sindikatuei presioa egin nahian, patronalak, F ligak, eman zuen horren berri. Haren proposamen berria jakinarazi zuen. Horren arabera, kontratuetan partzialtasuna kenduko litzateke. Gutxieneko soldata 18.000 eurora igoko litzateke, eta hiru denboralditan 25.000 eurora igoko litzateke. Diru kopurua zertxobait igo arren, ez zen egon adostasunik.

Bigarren bilera ere ez zen balekoa izan. Denboraldi honetarako gutxieneko soldata 23.000 eurokoa izateko eskatu zuten sindikatuek, baina patronalak 20.000 eurokoari eutsi zion. Hori ikusita, sindikatuek grebara deitu zuten. Horren ondorioz, ez zen jokatu lehen jardunaldia.

Astebete pasatuta, eta hamaika negoziazioren ostean, ados jarri dira patronala eta sindikatuak. Hala ere, igoera egon arren, oso urrun dago oraindik gizonezkoen Lehen eta Bigarren Mailako futbolarien gutxieneko soldatatik: 182.000 eurokoa da Lehen Mailakoena, eta 91.000 eurokoa Bigarren Mailakoena.

Futbolarien bigarren greba

Emakume futbolariek egindako bigarren greba izan da. Kontuan izan behar da 2019ko otsailean sinatu zutela lehen lan hitzarmena Espainiako Ligako emakume futbolariek. Borroka luzea izan zen emakume futbolariena. Izan ere, 2018ko azaroan hasi zituzten negoziazioak. Orduan, traba nagusia kontratuen partzialtasuna izan zen. Jokalariek gutxienez %75ekoa izatea nahi zuten, eta patronalak %50ean jarri zuen marra gorria. Negoziazioak aurrera ez zihoazela ikusita, greba egin zuten jardunaldi batean futbolariek.

Azkenean, Mediapro ekoiztetxeak 100.000 euro eman zizkien klubei telebista eskubideak eta zelaietan dauden publizitate estatikoak kudeatzegatik, eta horrek eman du modua egoera bideratzeko. Hitzarmenaren arabera, jardun osoko kontratua zuten futbolariek 16.000 euroko gutxieneko soldata izango zuten urtean; %75ekoa zutenek, berriz, 12.000 eurokoa. Beste hainbat puntu garrantzitsu ere jasotzen zituen lan hitzarmenak. Horien artean zegoen, esaterako, lan jazarpeneko eta haurdunaldi kasuetarako protokoloa. Izan ere, jokalariek, haurdun geratuz gero, ez zuten babesik, klubak kanporatzea erabakiz gero. Gainera, amatasunerako 600 euroren laguntzak aurreikusi ziren akordioan. Oporrak ere arautuko zituzten estreinakoz lan hitzarmenari esker. Hala, jokalariek 30 eguneko oporraldia izango zuten. Aste horiek jarraian eta udan izan behar zuten.

Aurreko denboraldian ere, lehen jardunaldian grebarekin hasi zen liga. Orduko hartan, epaileena izan zen. Azkenean, Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak esku hartu behar izan zuen Espainiako Federazioaren eta F ligaren artean. Azkenean, adostasun batera iritsi ziren, sektorea profesionalizatu eta epaileei gutxieneko soldata bat ezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.