Selekzioak

Futbolariek ez dute 'Euskadi' izenarekin jokatuko

=iEuskal Herria=i izenaren eta euskal selekzio nazionalaren aldeko agiria plazaratu dute 165 jokalarik, haien artean, gizonezkoen lehen eta bigarren mailetako talde nagusietako futbolariek.

2008ko azaroaren 13a
18:52
Entzun
"Beraiek (Federazioak) hartu dute atzera egiteko erabakia, beraiek dira emandako hitza bete ez dutenak, eta orain haiei dagokie zuzentzea. Hala ez bada, gu ez gara partida jokatzera joango. Eta beraiena izango da ardura".

Hitz horiekin amaitzen da Euskal Herriko 165 futbol jokalarik euskal selekzioaren izenaren eta izanaren inguruan plazaratu duten gogoeta, eta horrenbestez, argi utzi dute Euskadiko Futbol Federazioak Euskadi izenera itzultzeko asmoari eusten badio, gizonezkoen euskal selekzioak abenduan jokatu ohi duen nazioarteko partida aurten ez dela izango. Hots, futbolariek uko egin diote Euskal Herria ez den beste izen batekin jokatzeari, eta sinatzaileen artean gizonezkoen lehen eta bigarren mailetako futbolari nagusiak daude: Athleticeko, Realeko, Alaveseko, Eibarko, Baionako Avironeko eta Angelu Genetseko jokalari nagusiak. Atzerriko taldeetan dabiltzan hainbat jokalarik ere bat egin dute ekimenarekin, hala nola, Mallorcako Aritz Adurizek edo Panathynaikoseko Josu Sarriegik.

Gainera, ekimenarekin bat datoz emakumezkoen liga nagusietan dabiltzan jokalariak, hala nola, Athleticekoak eta Realekoak.

Eta zerrenda sendotzeko, futbolari ohi ugarik agertu dute iritzi bera: Alkizak, Lopez Rekartek, Gorrizek, Endika Guarrotxenak, Inaxio Kortaberriak, Urzaizek, Mikel Lasak, Arantza Andresek eta Nerea Onaindiak batzuk aipatzearren.

Euskal Herria izenarekin jokatzea onartu zuen iaz Euskadiko Futbol Federazioak, jokalariek eskaera hori egin eta elkarrizketa prozesu baten ondoren. Aurten, ordea, atzera egin du eta abenduaren 27an Iranen kontra jokatzekoa den partida Euskadi izenpean jokatuko duela iragarri du.

Sinatzaileen iduriko, erabaki hori onartezina da, besteak beste, izenaren atzerapauso horretan euskal selekzioaren osaera berean atzera egiteko asmoa sumatzen dutelako; hau da, selekzioa zazpi herrialdeetako jokalariekin osatu ordez Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoekin eratzekoa. "Euskal Herriko kirolariok ez gaude prest atzera egiteko. Guk zazpi herrialde eta 21.000km_-k osatzen duen nazioa ordezkatu nahi dugu eta horrek gaur eta orain Euskal Herria izena du", azpimarratu dute agiria sinatu dute 165 jokalariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.