Athleticek suspertu beharra dauka

Txapeldunen Ligako bigarren garaipena eskuratu nahi du gaur Athleticek, Newcastleren zelaian. Jokalari garrantzitsuak faltako dituzte zuri-gorriek, ez baitira ariko Williams anaiak, Sancet eta Yuri.

Robert Navarro baloia eraman nahian, Karabakheko bi jokalariren artean. LUIS TEJIDO / EFE
Robert Navarro baloia eraman nahian, Karabakheko bi jokalariren artean. LUIS TEJIDO / EFE
jon eskudero
2025eko azaroaren 5a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hogeita hamar urte joan diren arren, Athleticeko jarraitzaile askok atzo izan balitz bezala oroituko dute Newcastleren aurka jokaturiko kanporaketa. 1994. urtea zen, eta UEFAko final-hamaseirenetako lehia hark betirako senidetu zituen bi klubak. Joaneko partidan 3-2 nagusitu zen Newcastle, baina itzulerakoan 1-0 irabazi zuen Athleticek, San Mames zaharrean, Kuko Zigandaren gol bati esker. Artean, Ingalaterrako Ligako liderra zen Newcastle, eta hurrengo fasera igarota, balentria handia lortu zuten zuri-gorriek. Sailkapena ospatzeko, zelaira jauzi egin zuten hainbat jarraitzailek, baina jaia ez zen bere horretan geratu. Besteak beste, Newcastleko zaleak zeuden harmailara hurbildu ziren, eta elkarri emandako babesa eta animoak etengabekoak izan ziren. Une horretantxe abiatu zen bi kluben arteko elkartasuna, oraindik bizirik mantentzen dena.

Izan ere, ordutik irudi esanguratsu bat ageri da St James Park estadioan, Newcastleren zelaian. Hormetako batean ikurrin bat dute jarria, eta ikurrinaren barruan ageri dira Newcastleren eta Athleticen ezkutuak. Hain zuzen, duela 31 urteko partida hartan jokalari gisa aritzekoa zen Ernesto Valverde, baina deialditik kanpo geratu zen azken orduan, lesio bat tarteko. Horregatik, Athleticeko ordezkari gisa gaur lehiatuko da lehen aldiz bertan. Bada, egoera zailean iritsiko zaio Txapeldunen Ligako laugarren jardunaldia. Kirol krisi betean murgilduta dabil talde zuri-gorria, aspaldian bururik altxatu ezinda. Hori gutxi ez, eta jokalari garrantzitsuak faltako dira zelaian, ez baitira jokatzeko moduan izango Yuri Berchiche, Oihan Sancet, Maroan Sannadi, Iñaki Williams eta Nico Williams.

Alde guztietatik, kezkagarria izaten ari da Athleticen denboraldia. Buruhauste galantak ditu min hartutako jokalariekin, eta emaitzak ere ez ditu lagun. Ligari dagokionez, jokoan izandako azken 24 puntuetatik soilik bost bildu ditu. Gainera, maldan behera doa taldearen jarduna, partidatik partidara gero eta joko eskasagoa egiten baitu. 11 jardunaldi dituzte jokatuak ligan, eta dagoeneko bost galdu dituzte. Iragan sasoian, esaterako, guztira sei partida galdu zituen Athleticek, eta aurten sasoiaren lehen herena bete baino lehen, marka hori ia berdindu dute zuri-gorriek. Gainera, porrot asko neurri txikiagoko taldeen aurka izan dira.

Taldearen beherakada aztertuz gero, orain arte bi aitzakia erabili ditu Valverdek prentsaurrekoetan: min hartutako jokalari asko daudela eta golari begira distirarik ez dutela erakutsi. Ordea, horri guztiari beste argudio bat erantsi behar zaio: defentsaren biguntasuna. Esaterako, Athleticek sekulako erraztasunak eman zizkion Realari atzeko aldean, joan den larunbateko derbian. Estatistikek ez diote gezurrik. Joan den sasoian ligan gol gutxien jaso zuen taldea izan zen Athletic, 29 baino ez baitzituen jaso. Denboraldi honetan hamahiru sartu dizkiote jada. Taldeko jokalari garrantzitsuenak euren sasoi onenetik urrun daude, eta lerro guztietan ditu arazoak Valverdek.

3.000 zaleren babesa

Urduritasuna eta kezka antzeman zaizkio entrenatzaileari azken egunetan. Hiru arotan banatuta, hamar urte daramatza Athletic entrenatzen, eta inoizko boladarik zailenean murgilduta dago. Joan den astean esan zuen Txapeldunen Liga ez dela Athleticentzat egindako lehiaketa bat, horren ondorioak nabaritzen dituelako taldeak ligan, eta horrek haserrea sortu zuen zale askorengan. Gainera, entrenatzaileak berak ditu kontraesanik handienak. Anoetan soilik hiru aldaketa egin zituen, eta ondorioak nabarmenak dira: taldeko izar nagusiak min hartuta daude, Newcastleren aurka jokatu ezinda. Halere, 3.000 zaleren babesa izango du talde zuri-gorriak harmailetan. Baikortasunik ez da falta, eta Karabakhen aurka Txapeldunen Ligako lehen garaipena bildu ondoren, bigarren partida irabazi nahi dute bilbotarrek.

Egiari zor, Newcastle bera ere ez dago garairik onenean. Askoren ustez, 2021az geroztik hura da Ingalaterrako talderik boteretsuena. Saudi Arabiako inbertsio talde batek erosi zuen kluba 330 milioiren truke, eta ordutik fitxaketa garestiak egin ditu. Ez dute nahi bezalako emaitzarik lortu, ordea. Sasoi honetan soilik hamabi puntu bildu dituzte Ingalaterrako Ligan, eta urduritasuna areagotzen hasia da zaleen artean. Hori jakinik, aukera baliatu nahi du Athleticek.

Halaxe esan zuen atzo Valverdek: «Partida on bat egiten eta Ingalaterran irabazten saiatuko gara, bigarren garaipena nahi dugu». Newcastle taldeak erritmo bizian jokatzen duela adierazi zuen, eta jokalari arriskutsuak dituela nabarmendu. Baina aurre egiteko pronto daude zuri-gorriak; ez dute esku hutsik itzuli nahi.

Newcastle-Athletic

Newcastle: Nick Pope; Trippier, Fabian Schar, Malick Thiaw, Burn; Miley, Bruno Guimaraes, Joelinton; Anthony Elanga, Nick Woltemade eta Harvey Barnes.

Athletic: Unai Simon; Areso, Vivian, Paredes, Adama; Rego, Jauregizar; Berenger, Unai Gomez, Robert Navarro; eta Guruzeta.

Epailea: Ivan Kruzliak (Eslovakia).

Lekua: St James Park (52.143 ikusle).

Ordua: 21:00 (Movistar).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.