Athleticek hamabost urte luze daramatza Sanchez Pizjuan futbol zelaian irabazi barik. Egia da azken aldiz irabazi zuenetik Sevillari Bigarren Mailan jokatzea tokatu zaiola. Beraz, zenbait denboralditan ez du bolada txarra ahazteko aukerarik izan. Halaber, ez da ahaztu behar azkena irabazi zuenetik hainbatetan berdindu dutela. Joan den mendeko azken txanpan izan ziren berdinketa gehienak. Eta etxetik kanpo puntu bat irabaztea ezin da emaitza txar moduan hartu.
Hala ere, 1993ko abendua oso urrun geratzen zaie talde zuri-gorriko jarraitzaileei. Hamabost urte asko dira oso azkar doan gizarte batean. Athleticeko belaunaldi berriek ez dute ikusi euren taldea Sanchez Pizjuanen irabazten. Julen Guerrero -bi gol- eta Ernesto Valverde -gol bat- protagonista izan zituen garaipena joan den mendekoa da. Zentzu guztietan, gainera.
Baina litekeena da datorren denboraldian kontu berberen gainean jardun behar izatea. Azken denboraldietako emaitzek ez baitute baikor izateko arrazoirik ematen. Azken bost norgehiagokak galdu egin ditu Athleticek Sanchez Pizjuanen. Eta are larriagoa den datua: ez du irabazteko aukerarik izan. Puntu bat eskuratzeko ere ez. Bost partidatan hiru gol sartu ditu eta hamabost jaso, eta neurketa gehienetan jipoitu egin dute.
Baina estatistikak apurtzeko daudela esaten da. «Horrelako kontu negatiboen gainean berba egiten dugun bakoitzean apurtu egiten dira estatistikak», adierazi zuen Gabilondok. Ez zaio arrazoirik falta. Joan den sasoian horrela izan zen, behintzat. Vicente Calderonen eta Mestallan irabaztea lortu zuen Athleticek. Mendea hasi zenetik irabazi barik zegoen Madrilen talde zuri-gorria. Mestallan, berriz, ia hogei urte zeramatzan garaipenaz gozatu ezinda. Beraz, argi dago estatistikak apurtzeko daudela eta apurtzen direla.
Baina estatistikek esaten duten baino kezkagarriagoa da aurkariak duen maila. Athleticek azken bost denboraldietan ez du erraz galdu madarikatua den zelai batean jokatu duelako, aurrean zuen taldeak bikain jokatu duelako baizik. Sevilla Europako onenen artean egon baita azken denboraldiotan. Eta hasi berria den sasoian ere bide beretik jarraitu gura du. Caparrosek argi dauka: «Sevilla txapelketako onenen artean dago. Bartzelonaren eta Real Madrilen mailan dago», adierazi zuen atzo entrenatzaile zuri-gorriak.
Aste barruan UEFA Kopako kanporaketa jokatu izanak ere ez omen du eraginik izango andaluziarren jokoan, non aukeratu bai baitauka Manolo Jimenezek. «Joan den denboraldietan zuen garaipen gosea berreskuratu duela dirudi. Jokalari onak baina oraindik oso ezagunak ez direnak fitxatu ditu. Hor dago arrakastaren gakoa. Gainera, ez dauka hamaikako indartsu bat. Hamaika baino gehiago dira oso onak».
Aldaketa gutxi
Bolada txarrari amaiera ematea gaitza izango dela dirudi. Baina ez da ezinezkoa. Athleticek partida ona jokatzen badu eta bere armak behar den moduan erabiliz gero, emaitza ona eskura dezake. Entrenatzaile zuri-gorriak ez du galdu esperantza. «Geure buruarengan konfiantza daukagu. Talde lan ona eginez gero, zerbait lor genezake».
Talde lan hori egoki egiteko, joan den igandean jokatu zuten futbolari gehienen alde egingo du. Atzeko lerroan astero aritzen direnek jokatuko dute. Beharbada zelai erdian egongo dira aldaketak. Sevillak duen talentuari eta indarrari aurre egiteko, baliteke Javi Martinez zelairatzea entrenatzaileak, defentsan lan ona egiten du eta. Erdilari nafarrari atsedena eman zion azken jardunaldian. Beraz, fresko dago gaurko partidarako.
Yeste edo Susaeta zelairatu, horixe izan daiteke entrenatzailearen beste zalantza nagusia. Eibartarra fresko dago, zuzena da eta hegalean defentsako beharra egiten lagundu dezake. Yestek, berriz, zelai erdia indartu eta taldeak baloia bere hanketan gehiago izatea ekar diezaioke taldeari. Bestalde, Muñoz, Lafuente eta Garmendia deialdian egotea ere albiste da. Izan ere, ez dira entrenatzailearen gustukoenak. Zerrendan sartu arren, ez daukate hasieratik jokatzeko aukerarik.
Gaitza bai, ezinezkoa ez
Hamabost urteko bolada txarra amaitu gura du Athleticek gaur arratsaldean Sanchez Pizjuan futbol zelaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu