Errugbia. Europako Challenge kopako finala: Miarritze-Toulon

Gaizki hasi zena ongi bukatzeko

Miarritzek denboraldia salbatzeko aukera du gaur Challenge Kopa irabazi eta Heineken Kopako txartela eskuratuzToulonek bere izarrak zelairatuko ditu, eta bera izanen da irabazteko faboritoa

Miarritzeko Marcelo Bosch, lurrean, Touloneko Mathieu Bastareaudekin lehian, sasoi honetan Top14an Agileran jokatutako partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Londres
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Miarritzek bere hirugarren Europako finala jokatuko du, iluntze honetan. Londresko Twickenham Stoopen ariko da, Mediterraneoko Toulonen aurka. Stoopa, Ingalaterrako selekzioak jokatzen duen Twickenham estadio handiaren anaia txikia da. Bihar, Irlandako Ulster eta Leinsterrek Twickenhamen bertan jokatuko dute Heineken kopako finala.

Azken bi aldietan ez bezala (2006 eta 2010ean), Miarritzek ez du Heineken kopako finalik jokatuko, eta Europako Challenge koparekin, senide txikiarekin, konformatu beharko du. Baina horrek ez du asko axola Aguilera aldean. Sasoi hastapenean taldeak izan zuen ibilbidea ikusita, pozik egoteko modukoa da final bat jokatzea: «Joaneko partidak bukatzean, sailkapeneko azken postuan ginelarik, denek gustura izenpetuko genuen Challenge kopako finalean egotea», azaldu du Arnaud Hegi Miarritzeko aztalkari milafrangarrak.

Egia erran, urrezko aukera dauka Miarritzek oso beltza izan den denboraldiari argia emateko. «Sasoia biziki zaila izan da guretzat. Hurrengo sasoian Heineken koparako sailkatzea itzela litzateke», aitortu du Jerome Thionek. Top14an etxeko lanak ez ditu behar bezala egin Miarritzek, eta Heineken kopako postuetatik kanpo gelditu da. Europako Challenge kopa irabaziz, alta, bigarren aukera bat izan dezake. Challenge kopako irabazteak Heineken koparako sailkatzeko aukeraemanen lioke.

Ekuazioa biziki sinplea da lapurtarrentzat. Europan onenekin lehiatu nahi badu, Challenge kopa irabazi beharko du. «Talde honek badauka tradizioa Heineken kopan. Jokalariek historia ederra dute bertan, eta denak daude txapelketa horretan aritzeko irrikan. Uste dut Miarritzek merezi duela Heineken kopan aritzea», esan du Patrice Lagisquet Miarritzeko kirol zuzendariak.

Heineken koparako sailkatzeko aukera izatea motibazio iturri handia izanen da Miarritzerentzat, baina presio erantsi bat ere bai. Jokalariek ez dute horretan pentsatu nahi, ordea. «Nire lehen finala izanen da. Beste hainbat gaztek ere, lehen finala izanen dute. Noski, presioa da hori, baina presio ona. Bidearen bukaeran Heineken kopa daukagu, eta horrek ilusioa pizten digu», gaineratu du Hegik.

Abentura ederrenak zailtasunetan abiatutakoak omen dira. Miarritzen Challenge kopako finala hurrengo sasoirako abiapuntutzat hartu nahi dute. «Ederra litzateke jokalariontzat lorpen kolektibo handi bat ukatea. Hurrengo sasoian konfiantzarekin eta anbizioarekin aritzeko abiapuntua litzateke», azpimarratu du Hegik.

Sasoia gaizki hasi du Miarritzek, baina azken asteetan itxuroso ari da. Azken partidetan garaipen dezente pilatu ditu. «Bigarren itzulia bakarrik kontuan hartuta, laugarren postuan amaituko genuke Top14a. Gauzak ongi egin ditugu, eta gure egiazko lekua Top 14ko final-laurdenak jokatzen egon behar luke,» aipatu du Lagisquetek.

Miarritze itxaropentsu dago, baina Challenge kopa irabazteko faboritoa Toulon izanen da. Mediterraneokoak bikain aritu dira denboraldi osoan, eta Top14a hirugarren postuan bukatu dute. Mourad Boudjellal presidente aberatsak 2006an taldea erosi zuenetik, titulurik ez du irabazi Toulonek, eta horren bila joan da Londresera.

Azken egunetan, jende zenbait espekulatzen aritu da Toulonek ez ote duen burua izanen hurrengo astean jokatu beharreko Top14ko final-laurdenean. Miarritzen, hala ere, inork ez du horrelakorik espero. «Final bat final bat da, eta denek irabazteko asmoz jokatuko dute» erran du Thionek. «Dituen jokalariak izanda, ez dut uste burua nahastuko duenik Toulonek», erantsi du Lagisquetek.

Bi taldeen hamabostekoak ikusiz, arrazoia eman behar zaie miarriztarrei. Toulonek bere izarrak zelairatuko ditu Twickenhameko Stoopean. Gibeleko lerroak errespetua ematen du. Gibelean ariko den Benjamin Lapeyre kenduta, denak dira izarrak, eta gehienak hego hemisferiokoak. David Smith, Matt Giteau, Alexis Palisson eta Mathieu Bastareauden arteko eraso lerroak dena dauka: Smithen abiadura, Giteauren zangoa, Palissonen klasea eta Bastareauden indarra.

Aitzinean ere, eskarmentuko taldea zelairatuko du Bernard Laportek. Aipatzekoa da bigarren lerroan Bakkies Botha eta Simon Shaw eskas izanen direla. Hala ere, hor izanen dira Carl Hayman, Scot Chesney edo Joe Van Niekerk. Denak dira jokalari gogorrak, eta, gainera, nazioartean eskarmentu handia dute.

Bi taldeetako jokalariak eta entrenatzaileak ere irabazteko anbizioarekin mintzo dira. «Final bat izanen da, irabazi behar dugu, eta kito», nabarmendu du Laportek, Toulonek burua Top14an izanen duen galdetuta. Touloneko harrobian hazitako Pierrick Guntherrek ere irabazteko gogoa izanen du. « Hogei urte dira deus ez dugula irabazi. Bada garaia behingoz ziklo hori bukatzeko ».

Hala ere, Miarritzek lotsagabe jokatu beharko dio Touloni, beldurrik gabe. «Toulonek All Star taldea dauka. Bereziki motibatzen nau izarren aurka aritzeak», aitortu du Takudzwa Ngwenyak. Oraindik denek daukate gogoan estatubatuarrak Ospreyseko Shane Williamsen aurka sartu zuen 80 metroko entsegua. Sireli Bobo fijiarraren parean, berriz, sekulako ikuskizuna piztu zuen. Haren ondoan, Iain Balshaw eta Dan Haylet-Petty izanen dira patxada emateko arduradunak.

Bere jokalari onenen ekarpenaren beharra izanen du Miarritzek, Touloni finala irabazi nahi badio. Hurrengo sasoian Heineken kopan aritu nahi badu beste erremediorik ez du.

MIARRITZE-TOULON

Miarritze. Watremez, Hegi, Van Staden; Thion, Taele; Guyot, Hariñordoki (kapitaina), Lauret; Yachvili, Peyrelongue; Haylet-Petty, Traille, Barraque, Ngwenya; eta Balshaw.

Toulon. Lewis Roberts, Bruno, Hayman; Samson, Chesney; Gunther, D. Armitage, Van Niekerk (kapitaina); Tillous-Borde, Wilkinson; Smith, Giteau, Bastareaud, Palisson; eta Lapeyre.

Epailea. Wayne Barnes (Ingalaterra).

Lekua. Twickenham Stoop estadioa (14.816 ikusle).

Ordua. 21:00 (France4).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.