Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: B multzoa

Gaiztakerian berriz ere

Nicklas Bendterrek UEFA haserrarazi du galtzontzilloetan publizitatea erakutsita. Aurrelari daniarra eskandaluengatik da ezaguna.

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Kirol sailetan bainoago prentsa arrosako orrialdeetan agertzen diren futbolari horietako bat da Niklas Bendter (Kopenhage, 1988). Ingalaterrako ligan ume gaizto, ahobero, eta harroxko ospea du. Ondo irabazia, gainera. Etorkizun handiko aurrelaria fitxatu zuela uste zuen Arsenalek, baina azken urteetan ez du maila onik eman. Eurokopako azken partidan, halere, bi gol sartu zizkion Portugali, eta ospakizunean egin zuen azken gaiztakeria.

Aurrelari garaiak —1,95 metro luze da—galtzontzilloak erakutsi zituen ospakizunean, eta hizki handitan apustu etxe baten izena irakur zitekeen. UEFAk arau zorrotzak ditu publizitate eskubideak babesteko, eta jokalariek badakite debekatuta dagoela inolako markarik erakustea. UEFA keinua aztertzen ari da, eta litekeena da Bendter zigortzea. Jokalariak bere burua zuritu du lagun batek eman zizkiola esanez, eta ez zuela publizitatea egiteko asmorik. Apustu etxeak, era berean, koartada eman dio, eta aurrelariari ez diola dirurik eman argitu du.

Kasua anekdota hutsa litzateke aurrelariak hautsak harrotu dituen lehen aldia balitz, baina Ingalaterran ohituta daude Big Ben-en eskandaluetara. 2009an muturka bukatu zuen Adebayorrekin Manchester Unitedek Arsenal Txapeldunen Ligatik kanporatu zuenean. Hurrengo egunean, egunkari bateko azalean mozkor-mozkor eginda zegoela eta dantzaleku baten aurrean galtzak jaitsita zituela agertu zen.

Zerrenda luze baten lehen atala izan zen, gero etorri baitziren bi auto istripu, gidatzeko baimena kendu izana, hoteletako langileak erasotzeagatik jasotako bi salaketa, eta lagun batekin batera atxilotua izana autoetako ispiluak ostikoka hausten ibiltzeagatik. Danimarkako prentsan ere ohikoak izaten dira Bendtnerren parranden kronikak.

Harroxko fama ere merezia du. 2010eko Munduko Koparako sailkatze fasean, Danimarka eta Suediaren arteko partida baten aurretik, hiru urtean bera baino hobea izango zela esan zion Ibrahimovici, eta munduko aurrelari onenetariko bat bihurtuko zela. Ez zuen asmatu. Jarrera hori ez da harritzekoa Arsenaleko psikologoak eginiko azterketan bere buruan duen konfiantza neurtzeko garaian 10 bat jaso zuen jokalari batentzat, eskala 1etik 9koa zenean.

Igarle baino futbolari hobea da Bendter, dena ez duelako iluna bere ibilbidean. 18 urterekin debuta egin zuen selekzioarekin, baina ordurako Arsenalen zegoen. 2006an Birminghamen utzita jokatu zuen, eta, haren golei esker, Lehen Mailara igo zen. 2007tik 2009ra maila txukuna eman zuen hasieratik zein aulkitik irteten jokatuz. Egunik gozoena Txapeldunen Ligan bizi izan zuen, Portori hiru gol egin zizkionean. Bere mailak, baina, apurka behera egin zuen, eta azken sasoian Sunderlanden jokatu du utzita. Zortzi gol sartu ditu,baina ikusteko dago Arsenalera itzuliko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.