Futbola kirol unibertsala da, eta horrek aukera ematen dio jokalari askori urrunera joateko: esperientzia berriak bizi nahi dituzte. Hori da Asier Illarramendiren (Mutriku,Gipuzkoa, 1990) kasua. Talderik gabe zegoen 2024ko urritik. Orduan amaitu zitzaion kontratua AEBetako Dallas taldearekin. Baina, geroztik, buru-belarri aritu da Mutrikuko futbol zelaian, hainbat kide eta lagunekin entrenatzen. Asteazkenean jakin zen Hong Kongeko Kitchee SC taldean jokatuko duela aurrerantzean, eta, beraz, urrunetik ikusi beharko du Realak eta Real Madrilek gaur Anoetan jokatuko duten norgehiagoka.
Adi egingo du, bederatzi denboraldi eman baitzituen Realaren lehen taldean, eta bitan aritu baitzen Real Madrilen. Illarramendik partida zaila espero du: «Realarentzat ez da norgehiagoka erraza izango. Denboraldi hasiera ez da espero bezalakoa izan, eta horrek taldea estutu dezake eta irabazteko presioa sortu».
Aro berri bat hasi du Realak Sergio Franciscorekin eta Erik Bretosekin: «Aldaketa asko egon dira. Erik Roberto Olaberekin aritu da urte askoan, eta badaki hemen lana nola egin behar duen. Sergio Franciscok, berriz, harrobian egindako lan onari esker irabazi du postua. Garrantzitsua da lan ona egin dutenei aukera ematea».
«Sergio Franciscok harrobian egindako lan onari esker irabazi du postua»
Asier Illarramendi,Futbolaria
Aldaketak daudenean, jokatzeko era ere ez da berdina izaten. Realak orain arte jokatutako hiru norgehiagokak ikusi ditu Illarramendik, eta hori aztertu du: «4-3-3ko sistemarekin hasi ohi dira. Oiartzabal batzuetan aurrean jartzen du, baina, beste batzuetan, punta erdian. Mugimenduak izan dira, eta oraindik ikusteko dago taldearen garapena. Kalitate handiko jokalariak daude, eta garrantzitsua da modu ezberdinetan jokatzea».
Oskarssonek min hartu zuen Oviedoren aurkakoan, eta ikusteko dago Sergiok noren aldeko apustua egiten duen hura ordezkatzeko. Illarramendik jokalari horren faltak duen garrantzia azpimarratu du: «Pena izan da. Joan den denboraldian ere ez zuen zorterik izan. Lehen partidetan ondo ikusi dut, eta banuen esperantza».
Ez dira arituko ez Oskarsson eta ez Yangel Herrera. Venezuelako jokalaria merkatuko azken egunean iritsi zen Donostiara, baina, oraindik min hartuta dagoenez, itxaron egin beharko da berriro zelaian ikusi arte. Txanponaren beste aldean Carlos Soler dago; baliteke erdilariak debuta egitea gaur Anoetan, eta, gainera, hasieratik jokatzea. Deialdiko izen deigarriena, halere, Alvaro Odriozolarena da. Donostiako jokalaria Sergioren planetatik kanpo zegoen, baina deialdian sartu da azkenean.
Realaren merkatua mugitua izan da aurten. Besteak beste, Martin Zubimendi joan da: «Realean urtero izaten dira mugimenduak. Urte onak izaten direnean, talde indartsuek beti dauzkate begiz jota jokalariak. Martinek alde egiteko ordua ere iritsi da, hemen egon den bitartean dena eman du taldearen alde». Orain Jon Gorrotxategik darama lau zenbakia elastikoan. Mutrikuko jokalariak haren inguruan jardun du. «Gogoan dut, taldean nengoenean, tarteka gurekin entrenatzera etortzen zela, eta ikusten nuen kalitatea bazuela».
Alonsoren balioa Madrilen
Illarramendik ongi ezagutzen du Xabi Alonso, Real Madrileko entrenatzailea, eta hura nola ikusten duen ere aipatu du: «Prestatuta ikusten dut. Reala B-n eta Alemanian urte onak izan zituen, eta talde lehiakorrak osatzea lortu zuen. Real Madrilentzat entrenatzaile ezin hobea da. Mourinho, Ancelotti eta Guardiola maisuekin ibili zen, eta haiengandik asko ikasi zuen. Pertsona azkarra da. Ziur naiz Madrilen ere emaitza onak lortuko dituela».
Partidaren atariko adierazpenetan, Sergio Franciscok ere aipatu du Xabi Alonso, hark Real Madrilen jokoan egin dituen aldaketak azpimarratuta: «Baloia gehiago edukitzen dute orain, eta baloia galdu ostean, gehiago estutzen dute. Gu ere aukerak sortzeko gai gara, eta, gainera, etxean gure zaleen aurrean jokatuko dugu».