Erremontea

Galarretako azken txapelak lehiatuko dituzte, binakako txapelketetan

Lau bikote ariko dira Binakako Erremonte Txapelketa Nagusian; Bigarren Mailan, aldiz, hiru. Azaroaren 28tik abenduaren 26ra jokatuko dituzte.

Lehen eta Bigarren Mailako binakako txapelketak jokatuko dituzten erremontistak, eta erakudeentako ordezkariak eta babesleak, gaur, Oronaren egoitzan, aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Lehen eta Bigarren Mailako binakako txapelketak jokatuko dituzten erremontistak, eta erakudeentako ordezkariak eta babesleak, gaur, Oronaren egoitzan, aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Hernani
2026ko azaroaren 18a
19:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txapelketa bati ekitea beti da pozgarria, baina beti ez neurri berean. Izan ere, Oriamendi 2010 enpresak iaz iragarri zuen Galarretako erremonte jarduna kudeatzen azken urtea izango zela 2026a, eta ondorioz, ezustekorik ezean, urtearen amaierarekin batera helduko dira erremonteko azken txapelketak ere bai. Gaur aurkeztu dituzte Binakako Erremonte Txapelketa Nagusia eta Bigarren Mailako Binakako Txapelketa, eta gogotsu azaldu dira erremontistak. Bost jardunalditan banatu dituzte bi txapelketak, eta azaroaren 28an hasi eta abenduaren 26an amaituko dira. Antolatzaileek azken aldia izatearen garrantzia azpimarratu dute, hala adierazi du Orona Fundazioko Garbiñe Gerezak: «Azken txapelketa hau ospakizun bat izatea nahi dugu. Azken tantoa jokatu arte goza dezagun erremonteaz». Halere, Oriamendiko gerente Xabier Gonzalezek iradoki du etorkizunari begira itxaropen apur bat baduela: «Ea norbaitek guk egin dugunaren lekukoa hartzen duen, hori izan da beti gure nahia».

Bi txapelketek iazko formatu bera jarraituko dute, baina bikote kopuru ezberdinarekin: lau bikote lehiatuko dira Lehen Mailan, eta hiru Bigarren Mailan. Duela bi urte erabaki zuen Oriamendik lehiaketa lau bikoteren artean egitea, eta ez bosten artean, aurrez egin bezala; bada, aurten Bigarren Mailan bikote bat gutxiago egotea erabaki dute.

Bikote hauek arituko dira Lehen Mailako ligaxkan: Ezkurra II.a eta Aiestaran VI.a; Aldabe eta Zubiri; Jabalera eta Barrenetxea IV.a; eta Goikoetxea V.a eta Azpiroz. Iazko bikoteekin alderatuta, ofizialki, erdiak dira berritasunak. Izan ere, Aiestaran VI.a, Jabalera, Barrenetxea IV.a eta Goikoetxea V.a ez zeuden iazko Lehenengo Mailakoen kartelean. Halere, Jabalerak min hartutako Segurola ordezkatu zuen. Aipatutako lau berritasunek Juanenea, Larrañaga, Segurola eta Ansa II.a ordezkatuko dituzte. Berritasunen atzean badira zenbait azalpen: Barrenetxea IV.a aitatasun baimenetik itzuli da, Goikoetxea V.a Bigarren Mailatik lehenengora igo dute, eta Ansa II.ak pasa den astean eten zuen behin-betiko Oriamendirekin zuen hitzarmena.

Bigarren Mailan, berriz, hiru bikote arituko dira txapelaren lehian: Deskarga eta Ugarte II.a; Martixpe eta Goikoetxea VI.a; eta Arluziaga eta Eskudero. Hiru bikote, eta bi berritasun: lehendabizikoz ariko dira binakako txapelketan Ugarte II.a eta Martixpe; eta txapelketatik kanpo geratu dira iaz lehian aritu ziren Martirena, Aiestaran VII.a eta Gurrutxaga.

Antzeko baina desberdin

Formatuari dagokionez, iazkoaren ezberdina izango da. Iaz bikote guztiak elkarren aurka lehiatu ziren birritan. Aurten, ordea, behin bakarrik egingo dute. Ondorioz, iazko bederatzi jardunaldietatik laura eta bostera murriztu dira txapelketak. Joko bakoitzari dagokionez, berriz, egitura berbera izango dute partidek: bi joko jokatuko dituzte hamabost tantora, eta berdinketa egonez gero, hirugarrena zortzira lehiatuko dute. Eta puntuaketa sistema ere iazkoaren berbera izango da: partida bi jokotan irabazten duen bikoteak lau puntu batuko ditu; 2-1 irabazten duenak, hiru; galdu baina joko bat irabazten duenak, bat; eta lehen bi jokoak galtzen duenak, bat ere ez. Eta iaz moduan, bi jokoak galdu, eta gainera hamabost tantora iristen ez den bikoteari puntu bat kenduko diote.

Bi txapelketetako ligaxketako lehenengo neurketak azaroaren 28an jokatuko dituzte, eta abenduaren 12ra arte luzatuko da fase hori. Larunbat bakoitzean hiru neurketa egingo dituzte: Lehenengo Mailako bi, eta Bigarren Mailako bat. Abenduaren 19an Bigarren Mailakoen egun handia izango da. Izan ere, egun horretan maila horretako finala lehiatuko dute ligaxkako bi bikote onenek (15:15). Eta egun berean jokatuko dute Lehen Mailako finalaurrekoa (15:15), kasu horretan, ligaxkako bigarren eta hirugarren bikote onenek. Lehia horretako irabazlea ligaxkako talde onenaren aurka jokatuko duten finalera igaroko dira, eta abenduaren 26an jokatuko dute hori.

Azken hiru larunbatetako norgehiagokak eskainiko ditu ETB1en. Lehen bi egunetakoak, hau da, abenduaren 12ko eta 19ko neurketak zuzenean eskainiko dituzte; final handia 16:00etan jokatuko duten arren, 22:15ean emango dute telebistan.

Are bereziagoa egiteko

Bost egunetako sarrerak jada eskuragarri daude oriamendi.eus webgunean, eta Gonzalezek dei egin du finalaz gain, beste norgehiagoketara ere bertaratzeko: «Azken txanpa honetan laguntza behar dugu. Badakigu finalean Galarreta beteko dugula, baina beste egunetan ere hala gertatzea nahi dugu». Eta azken aldia are bereziagoa egiteko, antolatzaileek harago joan nahi izan dute, eta elastiko berri bat osatu dute, aurretik egindako ibilbidearen oroigarri gisara. Hori ere webgunean egongo da eskuragarri, eta norberak nahi dion izena ipini ahalko dio.

BIKOTEAK

Lehen Mailakoak: Ezkurra II.a eta Aiestaran VI.a; Aldabe eta Zubiri; Jabalera eta Barrenetxea IV.a; eta Goikoetxea V.a eta Azpiroz.
Bigarren Mailakoak: Deskarga eta Ugarte II.a; Martixpe eta Goikoetxea VI.a; eta Arluziaga eta Eskudero.

LEHIAKETA SISTEMA
Ligaxka
: Lehen eta Bigarren Mailan, bikoteek behin jokatuko dute elkarren aurka. Azaroaren 28an, abenduaren 5ean eta 12an.
Finalerdia: Soilik Lehen Mailakoek jokatuko dute, zehazki ligaxkako bigarren eta hirugarren sailkatuek, abenduaren 19an.
Finala: Lehenengo Mailakoen kasuan ligaxkako lehen bikoteak eta finalerdiaren irabazleak jokatuko dute, abenduaren 26an. Bigarren Mailakoen kasuan, ligaxkako lehen bi bikoteek, abenduaren 19an.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA