Erakustaldi handia eginda irabazi du Filippo Gannak (Ineos) Giroko hamargarren etapa. Erlojuaren aurka jardun dira txirrindulariak, Toscanan barrena, eta Gannak ez du aurkaririk izan. Italiarra tximistaren pare aritu da 42 kilometroko ibilbidean, eta astindu handia eman die gainontzeko ziklistei. Jonas Vingegaardek (Visma) ere danbatekoa eman nahi zuen, baina faboritoen mahaian. Bada, espero zena baino apalago aritu da danimarkarra, eta erdizka geratu da azkenean: 1.22 atera dio Felix Galli (Decathlon), mendiko etapetan gertuen izan duen ziklistari, baina, era berean, aurretik izan ditu hainbat hautagai. Horien artean, Thymen Arensman (Ineos) izan da onena: bigarren amaitu du, Ganna taldekidearekin 1.54 galduta. Etapako podiuma Remi Cavagnak (Groupama) osatu du.
Afonso Eulaliok (Bahrain) ia bost minutu galdu ditu Gannarekin, baina irabazletzat jo dezake bere burua. Izan ere, haren helburua Vingegaardi eustea zen, eta, hartara, arrosaz jantzita jarraitzea. Azkenean, lortu du, 27 segundo eskasengatik izan bada ere. Sailkapen nagusian 2.24ra zuen Vingegaard; egun ona eduki izan balu, danimarkarrak bere egingo zukeen lidergoa. Haatik, makal antzean aritu da, eta Eulaliok, kontrara, zain eta muin defendatu du maglia arrosa. Hortaz, ez da aldaketarik izan lehen postuan. Bai, ordea, podiumean: orain Arensman ageri baita hirugarren koskan, Galli aurrea hartuta. Jakina zen austriarrak dezenteko atzerapena izango zuela erlojuaren aurka, eta hala gertatu da. Arensmanek, bere aldetik, saio bikaina osatu du.
Espezialista petoen neurrira diseinaturiko saioa zen, laua bezain luzea. Arnasa luzeko ahalegin horretan, indarra, erregulartasuna eta aerodinamika ziren erakutsi beharreko ezaugarri behinenak. Bere ditu Gannak, eta gaur, hegan egin du Viareggio eta Massa lotu dituen ibilbidean: orduko ia 55 kilometroko abiadura mantendu du batez beste. 45.53an geratu du kronometroa, eta hala, bi minutu atera dizkio Sjoerd Baxi (Pinarello), ordura arte denborarik onena egin duenari. Beste datu batek ere ondo islatzen du Ganna zeinen nagusi izan den: zortzi txirrindulari aurreratu ditu guztira. Filippo Magli (Bardiani) hura baino zortzi minutu lehenago atera da, baina, halere, Gannak harrapatu egin du helmugara iristear zela.
Maximilian Wlascheid (Lidl) izan da helmugara iritsi den aurrenekoa. Denbora ona egin du: 48.10. Tarte batez, ezin izan du inork gainditu, harik eta Bax helmugaratu den arte. 48 minutuko langa apurtzeko gai izan da Pinarello taldeko herbeheretarra. Bazen zerbait. Gannak, ordea, txikitu egin ditu Baxen eta haren aurretik jardun duten beste ziklista guztien erreferentziak. Azkarrena izan da hiru mugarrietan, eta baita helmugan ere, alde handiz. Faboritoen artean, Vingegaard eta Arensman ziren apur bat hurbil zekizkiokeen bakarrak. Halaber, ez da izan Italiako erlojupeko txapeldunari begietara begiratu dion espezialistarik; Cavagnak oso saio ona osatu du, baina urrun geratu zaio Gannaren marka, 1.45era. Italiarrak zazpigarren garaipena lortu du Giroan erlojuaren aurka.
Belokiren urratsa
Vingegaard, harrigarriki, ez da hamar onenen artean sartu —hamahirugarren izan da—, eta hiru minutu atera dizkio Gannak. Eta ez hori bakarrik: faboritoen artean, aurretik izan ditu Arensman, Derek Gee (Lidl) eta Ben O’Connor (Jayco). Geek hamalaugarren postutik zortzigarrenera egin du jauzi, eta O’Connor bosgarren ipini da —zortzigarren zen lehen—. Markel Belokik (Education First) ere aurrerako urratsa egin du: hamazazpigarren amaitu du gaurko saioa, eta hamargarren jarri da nagusian. Giulio Pellizzari eta Jay Hindley (Red Bull), beren aldetik, hainbestean aritu dira, azken egunetan tripetako birusa izan dutela kontuan hartuta. Pellizzari Vingegaard baino 18 segundo motelagoa izan da, eta Hindleyk 31 segundo galdu ditu danimarkarrarekin.
Bihar 195 kilometroko saio gorabeheratsua lehiatuko dute Porcari eta Chiavari artean. Ibilbidearen lehen erdian apenas izango den zailtasunik; hortik aurrera, baina, hiru mendate puntuagarri agertuko dira bidean, eta ondoren, Red Bull kilometroa beste igoera batean egongo da.