Txirrindularitza

Gannak irabazi du ibilbide laburtua izan duen erlojupekoa

Hesiz eta poliziaz inguratuta lehiatu dira txirrindulariak, Palestinaren aldeko protesten karietara antolatzaileek harturiko neurrien ondorioz. Ganna izan da indartsuena, eta Almeidak hamar segundo kendu dizkio Vingegaardi; liderra 40 segundora du orain.

Filippo Ganna. JAVIER LIZON / EFE
Filippo Ganna Ineos taldeko txirrindulari italiarra, ahalegin betean, gaur Valladoliden jokatutako erlojupekoan. JAVIER LIZON / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko irailaren 11
18:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kosta ahala kosta, Vuelta amaieraraino lehia dadin nahi dute antolatzaileek. Gaurko erlojupekoa puntu kritikotzat jotzen zuten, Israel taldearen aurkako mobilizazioak anabasa handia sor zezakeelakoan. Hori horrela, ibilbidea laburtu egin dute, baita gotortu ere: hesi bidez, eta ehunka polizia mobilizatuta. Horrenbestez, protestek ez dute eragotzi lasterketa, Palestinaren aldeko aldarriak berriz ere oso presente izan diren arren. Gotorleku baten barruan lehiatu dira txirrindulariak, eta Filippo Ganna (Ineos) izan da denetan azkarrena. Oso gutxirengatik, ordea: segundo bakarrera izan du Jay Vine (UAE). Hirugarren sailkatua, berriz, Joao Almeida (UAE) izan da, zortzi segundoko atzerapenarekin.

Etapa irabaztea bainoago, Jonas Vingegaard (Visma) liderrari denbora kentzea zen portugaldarraren helburua. Eta lortu du: hamar segundo hobea izan da. Gauzak hala, Vingegaardek 40 segundoko aldea defendatu beharko du larunbateko etapa erabakigarrian. Penaz izango da Almeida, akaso errenta handiagoa lortuko zukeelako erlojupekoa jatorrizko ibilbidean lehiatu izan balute. Sailkapen nagusiko hirugarren postuari dagokionez, Tom Pidcockek (Q36.5) hiru segundo eskas atera dizkio Jai Hindleyri (Red Bull), eta 39 segundoko abantaila du orain. Ikusteko dago nor igoko den podiumera. Era berean, maillot zuria irabazteko borrokan jarraitzen dute Giulio Pellizzarik (Red Bull) eta Matthew Riccitellok (Israel). Azken horrek seigarren postua kendu dio gaur Felix Galli (Decathlon).

Hirugarren aldiz, txirrindulariek ez dute osatu aurrez finkatutako ibilbidea. Oraingoan, ordea, antolatzaileek aldez aurretik laburtu dute etapa; atzo gauean hartu zuten erabakia, erlojupekoan «segurtasun handiagoa» bermatzeko intentzioz. Txirrindulariek banaka jardun behar zuten, eta Palestinaren aldeko protestek lasterketan eragina izatekotan, nahasmen handia sor zitekeen kirol lehiari zegokionez: bazitekeen ziklista batzuek saioa arazorik gabe osatzea, eta beste batzuek hanka lurrean jarri behar izatea. Hori dela eta, hasieran diseinatutako ibilbidea nabarmen laburtu dute antolatzaileek: hamabi kilometro izan ditu ibilbideak —27 zituen hasieran–, eta guztiz hesituta egon da. Baita poliziaz josita ere: mila agentetik gora mobilizatu dituzte. Asko kalez jantzita ibili dira.

Oscar Riesebeek (Alpecin) izan da irteerako arrapalan azaldu den lehen txirrindularia. Hortik gutxira, Ganna izan da errepidean. Ibilbide laburrean abantaila murritzagoa zuen espezialista italiarrak, baina halere, hegan egin du Valladolideko kaleetan: orduko 56 kilometroko abiaduran osatu du saioa, eta hamahiru minutuan geratu kronometroa. Mads Pedersen (Lidl) eta Stefan Kueng (Groupama) Ganna baino azkarragoak izan dira tarteko bi mugarrietan, baina azken zatian indar erakustaldia egin du munduko txapeldun ohiak. Ivo Oliveira (Movistar) izan da, tarte luze batez, Gannari gehien hurbildu zaiona: 11 segundoko atzerapena izan du. Kuengek segundo bat gehiago behar izan du saioa osatzeko.

Beloki, txukun berriz ere

Oso zaila zirudien sailkapen nagusiko hautagairen batek Gannaren garaipena ezbaian jartzea. Onenak errepidera irten aurretik, ordea, Vinek ahalegin bizia egin du aurtengo Vueltan beste etapa bat irabazteko; hirugarrena zukeen. Bada, segundo bakarra falta izan zaio denborarik onena lortzeko. Berriz ere, azken lau kilometroetan egon da koska; zati horretan gaindiezina izan da Ganna.

Horma berarekin egin du tupust Almeidak. Azken txanpan alde egin dio garaipena lortzeko aukerak, baina, era berean, handitu egin du Vingegaardekiko aldea. Lehen bi mugarrietan liderra baino hiru segundo hobea izan da; azken lau kilometroetan, berriz, beste zazpi segundo atera dizkio. Bi hautagaiek neke zantzuak erakutsi zituzten Morrederon gora, eta larunbatean lehia erabakigarria izango dute. Markel Belokik (Education First) oraindik badu indarrik, eta maila ona eman du gaur ere: 32 segundo besterik ez du galdu Gannarekiko. Helmugara iristean 14. ipini da behin-behinean, eta 24. sailkatu da azkenean.

Mendiko azken etaparen aurretik, ibilbide samurreko etapa jokatuko dute bihar, Rueda eta Guijuelo artean. Baliteke esprintean amaitzea, baina ihesean irabazteko ere izango da aukerarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.