Garai «gogor» baten hasiera

«Benetan hunkituta» hartu du Osasunako presidente kargua Artxankok, eta agindu du «arduraz eta zuhurtziaz» jardungo delaEneko Satrustegi Numantzian ariko da datorren denboraldian, Osasunak utzita

2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Miguel Artxanko da Osasunako presidente berria. Atzo hartu zuen kargua, datozen lau urteetarako. Modu horretan, azken hamar urteetan Patxi Izkok izan duen lekua beteko du, eta talde gorritxoaren 22. presidentea da. Bere lehen helburua «pazientziaz» aritzea da, Osasunak dituen arazoak konpondu ahal izateko: «Erronkak oso garrantzitsuak eta gogorrak izango dira». Horregatik, agindu zuen «lasaitasunez, arduraz eta zuhurtziaz» ariko dela.

Egun «berezia eta benetan hunkigarria» zela onartu zuen Artxankok: «Kargua hartzeko ekitaldia xumea baina oso polita izan da». Bere kontseilua egon zen bertan, eta baita Patxi Izko ere. Presidente berriaren iritziz, Izkori postua uztea asko kostako zaio: «Urte asko dira, indar handiz bizitakoak». Taldean egindako lana eskertzeko, Artxankok Osasunako elastiko bat oparitu zion, A un gran presidente [presidente handi bati] leloa idatzita zuela.

Hunkituta, Izkok eskerrak eman zizkion bere kontseiluari: «Asko jasan behar izan duzue». Gainera, eskaera bat egin zion presidente berriari: Espainiako Kopa bat irabaztea. «Hori da hamar urte hauetan geratu zaidan arantzatxoa». 2005ean Osasunak Betisen aurka galdutako finalaz ari zen presidente ohia.

Eskaera hori betetzea zail ikusten du Artxankok, ordea. Taldea dagoen egoeran, helburu nagusia Lehen Mailan jarraitzea dela uste du. Horretarako, talde lehiakor bat osatu nahi du, baina taldearen ahalmen ekonomikoari erreparatuz. Edozein kasutan, jarraitzaileek ilusioa izateko deia egin zuen: «Dagoena dagoela, familia bat osatzen duten jokalari zoragarriak izango ditugu».

Osasunaren zorra ere izan zuen hizpide Artxankok. Presidente berria harremanetan jarri da Nafarroako Gobernuarekin, eta akordio bat lortu dute, taldeak duen zorraren ordainketa hamar urtez atzeratzeko. Soilik «xehetasun batzuk» adostea falta zaiela ziurtatuz, Osasunak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatuko dutela adierazi zuen. Bertan, Osasunak zorra ordaintzeko «konpromezu osoa» adieraziko du. «Ogasunak ziurtasun osoa izan dezake klubak duen zorra kobratuko duela», Artxankok azaldu zuenez.

Horretarako, taldearen gastuekin «kontu handiz» aritu beharra dutela azpimarratu zuen. Murriztuko duten gastuetako bat jokalarien soldata izango da. Etorkizunera begira, kontraturik garestienak «arindu» behar dituztela uste du. Izan ere, taldearen egoera ekonomikoak muga batzuk ditu, eta muga horien baitan osatu behar dute taldea: «Errealistak izan behar gara».

Nafarroako Gobernuaren jarrera eskertu nahi izan zuen Osasunako presidenteak: «Atzerapena onartzeak taldeari laguntzeko nahia erakusten du». Taldearen osaketari dagokionez, hainbat mugimendu aurreratu zituen Artxankok. Eneko Satrustegi Numantzian utzita ariko da datorren denboraldian. Dejan Lekicekin kontratua eten ondoren, atzelari nafarraren irteera baieztatu du talde gorritxoak. Atzo lortu zuten akordioa bi taldeek, eta urtebetez jokatuko du Soriako taldean.

Satrustegik otsailean sinatu zuen Osasunarekin lehen kontratu profesionala, 2014ra artekoa. Joan den sasoian hamabi partida jokatu zituen lehen taldean. Irteera horrekin, beste atzelari bat galduko dute gorritxoek, Sergio Fernandezek ere taldea utzi baitzuen. Haatik, bi jokalari fitxatu berri ditu Osasunak, defentsa indartzeko: Alejandro Arribas eta Fernando Maceda Nano.

Aldaketa gehiagoren zain

Taldea utzi dezake Javad Nekunam erdilariak ere. Erdilari iraniarrak Osasunarekin duen kontratua eteteko asmoa erakutsi du. Irango Esteghlal taldean aritu nahi du Nekunamek. Presidente kargua hartu zuen ekitaldian, jokalariarekin negoziatzen ari direla ziurtatu zuen Artxankok. Iraniarrak «ia ziurtasun osoz» utziko du talde gorritxoa, presidente berriak azaldu zuenez. Hala ere, ez diote nolanahi joaten utziko; Osasunak etekina atera nahi dio jokalariaren irteerari. Izan ere, bi milioi eta erdiko etete-klausula du, eta 2013ko ekainera arteko kontratua.

Fitxaketei dagokienez, Emiliano Armenterosena baieztatzea denbora gutxiko kontua da. Artxankok adierazi zuenez, «fax baten zain» daude. Konfirmatzekotan, Osasunaren laugarren fitxaketa izango litzateke. Sisinio Gonzalez Sisi, Fernando Maceda Nano eta Alejandro Arribas dira beste hirurak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.