REALA 3-1 ELX

Garaipen sendo batekin, San Mamesera begira jarri da Reala

Europako postuetatik gertu da Reala, ligako azken hamabost puntuetatik hamahiru zakuratuta. Elxek dezente estutu du minutu batzuetan, baina Remirok galarazi egin die valentziarrei markagailua berdintzea.

Mikel Oiartzabal, Anoetan, gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Mikel Oiartzabal, Anoetan, gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
inaut matauko rada
2026ko otsailaren 7a
23:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak beste garaipen bat zakuratu du Pellegrino Matarazzoren aroan. Goian asko estutzen duen talde baten bisita izan du Anoetan, Elxena, eta denboraldi osoko lana errepikatu du Alacanteko taldeak Donostian. Baina Reala izan dute aurrean, eta bolada gozoan dira donostiarrak, eta ez dute huts egin: 3-1 irabazi dute, eta Espainiako Kopako partidan pentsatzen hasi dira orain txuri-urdinak. Athleticen kontra jokatuko du Realak San Mamesen asteazkenean, eta azken hamar partidetatik zazpi irabazita eta porrotik gabe egingo du bisita. Athletic, berriz, kontrako egoeran da, baina zuri-gorriek ez diote Realari lana erraz jarriko, aurreko asteko derbian erakutsi moduan.

Reala nagusi izan da lehen zatian, amaieran batez ere. Hala ere, lehen 25 minutuetan Elxek bost jaurtiketa egin ditu; arriskutsuena zortzigarren minutuan izan da, baina Alex Remirok geldiketa bikaina egin du. 25. minutuan iritsi da txuri-urdinen lehen gola, Luka Sucic kroaziarraren eskutik. Kontraerasoa ederki gidatu du Alvaro Odriozolak, Gonçalo Guedesi hutserako pase zehatz bat eginda. Sakoneraino sartu da Guedes, eta atzera pasea egin dio Sucici. Kroaziarrari eskuinarekin egindako jaurtiketa gaizki atera zaio, baina baloia hanken artean geratu zaio berriro, eta ezkerrarekin, oin onarekin, gola sartu du.

Sucicek denboraldi honetan sartu duen lehen gola izan da, baina handik lau minutura zelaia utzi behar izan du, min hartuta; Beñat Turrientes zelairatu da haren ordez. Reala erosoago egon da zelaian golaren ostean, eta, Elxen defentsaren akats bati esker, bigarrena egin du Mikel Oiartzabalek, 38. minutuan. Martim Neto portugaldarra atezainari atzera pasea egiten saiatu da zelai erditik, eta erdian sartu da aurrelari eibartarra; pasea moztu du, bakarrik geratu da, eta ligako denboraldiko bederatzigarren gola sartu du. Une gozoan da Oiartzabal, azken gol horrekin bost baitira azken bost partidetan sartutakoak.

Gol horrek Realari lasaitasuna eman behar ziola zirudien, baina Elxek erdi lo harrapatu ditu Realeko jokalariak 42. minutuan: Iñaki Peña atezainak luze atera du, eta, Alvaro Rodriguezen burukada batekin, Remiroren aurrean bakarrik geratu da Andre Silva Realeko jokalari ohia. Ez du barkatu. Atsedenaren atarian erasoan jarraitu du Realak, eta aukeraren bat izan du, baina 2-1 amaitu da lehen zatia.

Remiroren geldiketak funtsezko

Bigarren zatiaren hasiera askoz irekiagoa izan da, ezinegona eragiten duten horietakoa, bi taldeek aukera asko izan baitituzte. Baina lehen aukera garbia Elxentzat izan da: Peñaren sake luze batean berriro bakarrik geratu da Silva, baina Remirok geldiketa bikaina egin du beste behin. Hurrengo jokaldian, Turrientes area kanpotik gola sartzen saiatu da, baina langatik gora joan zaio baloia. Handik minutu batera, talde jokaldi bikain bat baloia sareratuz amaitu du Pablo Marinek, baina jokoz kanpo izan dela ebatzi du epaileak, ozta-ozta. Elxek beste eraso arriskutsu bat egin du segidan, baina bikain atera du baloia Remirok.

Handik aurrera, lasaitu egin da pixka bat partida, erritmoa handiegia zelako, baina aukerak sortzen jarraitu dute bi taldeek. Hala joan dira minutuak, eta 84. minutuan iritsi zaio Realari hirugarrena sartzeko abagune bikaina, baina Orri Oskarssonek kanpora bota du baloia. Turrientesek jokaldi bikaina egin du, eta jaurtiketa txarra islandiarraren oinetara iritsi da, baina, gola egiteko dena alde zuela, langatik gora bota du baloia.

Islandiarrak izan du, baina, aukera akats hori ahazteko, eta ez du huts egin, 88. minutuan hirugarrena sartu baitu. Jon Gorrotxategik zelai erdian baloia berreskuratu du, eta bikain irakurri du Oskarssonen mugimendua. Atezainaren aurrean bakarrik geratu da aurrelari islandiarra, eta ondo aukeratzeko aski denbora izan du. Atezainaren ezkerraldetik jaurti du baloia, goxo, eta, gola sartuta, Anoeta garaipena ospatzen hasi da jada.

Matarazzoren Realak ez daki oraindik zer den partida bat galtzea. Abenduaren 20an iragarri zuen talde txuri-urdinak estatubatuarra fitxatu zuela, Sergio Francisko irundarraren aginduetan jaitsiera postuetatik gertu zegoelako Reala. Alavesen eta Gironaren kontra galdu ostean bota zuen Realak Sergio Francisco, eta bi partida Ion Ansotegik gidatu zituen, Matarazzo iritsi arte. Bi entrenatzaile horiek hamar partida zuzendu dituzte guztira, eta zazpi garaipen lortu dituzte; beste hirurak berdinketak izan dira. Espainiako Kopan final erdietan da Donostiako taldea, eta ligan, 31 punturekin, zortzigarren postuan da, Europako txapelketetarako sailkatzeko postuetatik gertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.