Realak ez du ondo hasi denboraldia. Gorka Alvarezek zuzentzen duen taldeak ez du partidarik irabaztea lortu oraingoz. Azken hiru neurketetan gertu izan du garaipena: merezi ere, merezi izan du. Baina bihar, merezi bakarrik ez, garaipena lortzeko urratsa ere egin nahi du, Zubietan, Europa kopako partidan (19:00, ETB1), Eskoziako Hearts taldearen kontra. Sari handia izango du hala egiten badu: talde txuri-urdinak kanporaketa bat gaindituko du estreinakoz Europan —Txapeldunen Ligan jokatutako bi atarikoak galdu egin zituen—, eta txapelketako final-zortzirenetarako sailkatuko da. Hirugarrena balekoa izatea nahi dute jokalari txuri-urdinek. Gainera, bolada txarrari bukaera emango liokete horrela.Â
Joanekoan, Edinburgon, 0-0 berdindu zuten. Txuri-urdinak nagusi izan ziren, eta, lehen minutuetan izan ezik, partidaren aginte makila izan zuten. Makina bat aukera sortu zituzten, batez ere hegaletatik, Ainhoa Marinek eta Cecilia Marcosek egindako buruz buruko jokaldiekin. Baina lehen zatian, adibidez, Johnstonek, Heartseko atezainak, gelditu bikaina egin zion Seelenfreudi. Bigarren zatiaren hasieran, berriz, Campok zutoinera bidali zuen erremate bat. Hala ere, aukerarik argiena 94. minutuan izan zuten txuri-urdinek. Nerea Eizagirrek egindako erdiraketa batek Heartsen jokalari baten eskuan jo zuen, eta epaileak penaltia adierazi zuen. Kapitainak berak jaurti zuen, baina gora bidali zuen baloia. Emaitzak aho zapore gazi-gozoa utzi zien, kanporaketa etxean erabakitzeko aukera izan arren bideratuta uzteko modua izan zutelako. Gainera, Carlota Chacon jokalariak lesio larria izan zuen eskuineko belaunean; lotailu gurutzatua apurtu zuen.Â
Txuri-urdinek gaur egin dute partida aurreko azken entrenamendua, eta ondoren mintzatu dira Alvarez eta Cecilia. Prestatzaileak nabarmendu du ez duela uste Heartsek gauza asko aldatuko dituenik biharko neurketari begira: «Agian jokatzeko sisteman aldaketa txikiren bat egin dezake, zeren joanekoan, bigarren zatian, hala egin baitzuen. Baina gainontzean berdin jarraituko duela uste dut. Buruz buruko lehietan eta fisikoki talde indartsua dira». Â
«Zentzuz jokatu behar dugu, lasai, eta gure asmoak eta ideia zelaian erakutsi. Hala eginez gero, aukera handiagoa izango dugu kanporaketa gainditzeko»Â
GORKA ALVAREZÂ Realeko entrenatzailea
Baina Alvarezek zera nabarmendu du: aste honetan aurkariarengan baino gehiago eurengan jarri dutela arreta. «Jokalariek bikain bete zuten partidarako prestatu genuen plana, eta segida egin behar diogu defentsan egin genuen lan onari. Taldea oldarkor aritu zen, eta fisikoki ere ondo jardun zuen. Hori indartzen ahalegindu gara azken egunetan»; baita gaizki egin zutena hobetzen ere: «Argi dago haien ate aurrean asmatzea falta izan zitzaigula, gola sartzea. Zelai erditik aurrerako erabakietan nola jardun lantzen aritu gara, eta jokaldiak nola amaitu entrenatzen». Izan ere, uste du aurkariaren areara jokalari askorekin ailegatzen ari direla. «Baina modu ordenatuagoan egin behar dugu hori, eta, esan bezala, azken erabakietan gehiago asmatu». Joanekoan aurkariari nola min egin asmatu zutela berretsi du, eta horri eman dio garrantzia: «Batez ere hegaletatik aukerak sortzeko gai izan ginen. Barrutik ere zuloak topatu genituen».
Bihar pazientzia izatea funtsezkoa izan daitekeela uste du. «Zentzuz jokatu behar dugu, lasai, eta gure asmoak eta ideia zelaian erakutsi. Hala eginez gero, aukera handiagoa izango dugu kanporaketa gainditzeko»
Taldea, «lasai»
Ceciliak nabarmendu du ilusioz eta baikor daudela bihar jokatuko duten neurketari begira, nahiz eta orain arteko emaitzak ez diren onak izan. «Taldea lasai ikusten dut, bikain ari baikara lanean. Egia da golak sartzea kostatzen ari zitzaigula, baina larunbatean, galdu arren, hiru sartu genituen. Aurrerapauso bat eman genuen, eta horrek konfiantza eman behar digu».
Taldea  garaipena lortzeko «gogotsu» dagoela azaldu du: «Baina horrek ez du zama bat izan behar, zeren, esan bezala, egunerokoan lan ona egiten ari gara, eta garaipena gero eta gertuago dago». Cecilia sasoi betean dago: taldeko jokalaririk onena da oraintxe, eta larunbatean bi gol sartu zituen: «Fisikoki eta buruz oso ondo nago, nahiz eta, taldea bolada onean ez dagoenez, arraroa egiten zaidan»
«Egia da golak sartzea kostatzen ari zitzaigula, baina larunbatean, galdu arren, hiru sartu genituen. Aurrerapauso bat eman genuen, eta horrek konfiantza eman behar digu»Â
CECILIA MARCOSÂ Realeko jokalaria
 Zaleei baikor hitz egin die Alvarezek: «Zubietara etor daitezela esango nieke, haien babesa funtsezkoa baita guretzat. Denboraldi hasiera zaila izaten ari da, gorabehera askokoa. Baina jokalariak sekulako lana egiten ari dira, izugarrizko konpromisoa erakusten. Multzoak merezi du babesa». Antzera mintzatu da Cecilia: «Plan ederra da, eta zaleek merezi dute gure lehen garaipenaz gozatzea».Â
Biharko neurketari begira, Maria Molinak min hartuta segitzen du; Chacon, aipatu bezala, denbora luzerako egongo da min hartuta; eta Arola ere ez da osatu. Larunbatean Real Madrilen aurka zelairatutako hamaikakoarekin alderatuz, litekeena da Nerea Eizagirre aulkian geratzea, eta Seelenfreud hasieratik aritzea; baliteke Ainhoa Marin ere hasieratik aritzea, Esther Laborderen ordez. Sailkatuz gero, ostiralean izango da hurrengo kanporaketen zozketa.