Ez da ametsa. Egia da. Bene-benetakoa da. Athleticek Old Trafforden jokatuko du gaur. Bere historia luze eta loratsuan Ametsen antzokian egingo duen lehen agerraldia izango da. Eguneko talde gonbidatua da talde zuri-gorria. Bada zerbait. Ez da ametsa, baina ohikoa ere ez. Beharbada Athleticek Europan duen benetako neurria zein den erakusten duen datua da. Zuri-gorriak ez dira sarri nabarmendu beste txapelketa batzuetako taldeen kontra lehiatzea egokitu zaienean. 1956-1957 sasoian gaurko aurkariaren aurka jokatutako Europako Kopako final-laurdenak eta bi hamarkada beranduago Juventusen aurka galdu zuen UEFA kopako finala dira gogoratuenak. Jakinekoa da ez dela erraza Athleticek duen filosofiarekin onenen artean lehiatzeko txartela eskuratu eta ondoren arlo guztietan askoz ere boteretsuagoak diren taldeei aurre egitea, baina eskuragarri dagoen helburua da sarriago sailkatzea aste barruan jokatzeko. Horrela aukera gehiago egongo da gaurkoaren trazako norgehiagokak jokatzeko. Athletici ezin baitzaio gehiago eskatu.
Athleticek Old Trafforden jokatuko du gaur. Ametsen Antzokia San Mames halako bi da. 77.000 lagun inguru sartzen dira. Eta Katedralean gertatzen den legez, ia beti betetzen da. Giro itzela egoten da, eta jarraitzaileak kantuan hasten direnean ez dago zereginik. Ingalaterrako zelaietako jarraitzaileak abesbatzak dirudite eztarriak berotzen dituztenean. Ikustekoa eta entzutekoa da. Ikaragarria. Ederra. Gainera, irabaztera ohituta dagoen klub batean zale guztiek dakizkite kantuak. Athleticen, esate baterako, San Mamesera hamabostero joaten diren zaleetatik zenbatek kantatuko lukete klubaren ereserki osoa? Hobe ez ikertzea. Old Trafforden ez dute horrelako arazorik. Xarma berezia duen zelaia da. Athleticeko jarraitzaile batek askoz ere gehiago baloratzen du futbola usaindu egiten den zelai bat, izen handia eduki baina hotzagoa den beste bat baino. Milango (Italia) San Siron, Turingo (Italia) Delle Alpi berria eta gisa horretako futbol zelaiak, esate baterako.
Arrazoi askorengatik egun handia da gaurkoa Athleticentzat. Gozatu beharrekoa. Baina, era berean, lehiatu egin behar da. Old Trafforden jokatu edota Granadako (Espainia) Los Carmenesen aritu garaipena baita helburu nagusia. Ez dago besterik. Tira, gaurkoan, Manchesterretik bizirik, final-laurdenetarako sailkatzeko aukerekin irtetea da zuri-gorrienxedea. Hau da, irabazi ezin bada, berdindu eta txarrenean jarrita gol baten aldeaz galtzea da xedea. Zuri-gorriek jakin badakite eta gaur aurrean izango duten taldea hobea dela. Iaz Ingalaterrako Liga irabazi eta Txapeldunen Ligako txapeldunorde izan zen taldea izango dute aurrean. Sasoi honetan kale egin du txapelketa nagusian, baina beste Premier bat irabazteko lehian sartuta dago Manchesterko beste taldearekin, Cityrekin, alegia. Beraz, maila ona ematen jarraitzen du.
Alex Ferguson da arrakastaren errudun nagusia. Entrenatzaile eskoziarrak dauka Manchester Uniteden edabe magikoa. Berak aldatu zuen duela mende laurden une latzak bizitzen ari zen klubaren norabidea. Bai , Fergusonek 25 urte daramatza punta-puntako talde bat entrenatzen. Hori ez da beste inon ikusten. Bada, tarte horretan irabazi beharreko guztia irabazi du: hamabi Premier eta bi Txapeldunen Liga, besteak beste. Jokalariak fitxatzeko abilezia bereziaduela esaten da. Bizpahiru izarren inguruan ustez talde handietan jokatzeko maila ez duten futbolariak jarrita lortu du arrakasta. Manchester Uniteden handiak egin diren hainbat futbolarik Fergusonekin bakarrik nabarmendu direla esaten da. Nekez jasoko du entrenatzaile batek hori baino lora handiagorik.
Egungo deabru gorriak Wayne Rooneyren inguruan sortuta daude. Gol sena, talentua eta grina neurri berean dituen izarra da aurrelari ingelesa. Nani, Valencia eta denboraldi honetan fitxatutako Young hegalekoak, Welbeck eta Chicharito Hernandez aurrelari gazteek eta, batez ere, jokalari beteranoek inguratzen dute Rooney. Vidic, Evra, Giggs eta Scholes. Azken biena ez sinestekoa da. Giggsek 901 partida jokatu ditu Manchester Unitedekin eta beste urtebeterako luzatu du kontratua. Scholesek, berriz, utzi egin zuen futbola iragan sasoi amaieran, baina taldearen ibilbide gorabeheratsuak behartu egin zuten Ferguson harrobian teknikari lanetan ziharduen lagunari bueltatzeko eskatzera. Ikusgarri ari da bere itzuleran. Gaur, hala ere, ez da ariko, entrenatzaileak atseden emango baitio.
Errespetua merezi duen taldea da Manchester United. Erdipurdi jokatuta ere partida asko irabaztekogai da.Beraz, ondo aritu beharko du Athleticek. Beharbada erritmo biziz jokatzea izan daiteke jokalari beteranoei aurre egiteko arma nagusia. Hain zuzen ere, arrisku horretaz ohartarazi zuen atzo Fergusonek. «Athleticek ondo presionatzen du, eta ez du beldurrik erasora joateko. Kanporaketa oso zaila izango da. Konforme nengoke gaur 1-0 irabazita». Marcelo Bielsa eta Fernando Llorente nabarmendu zituen ere. Entrenatzaileaz esan zuen «mirestu egiten» duela, eta talde «ona» egiten ari dela. Aurrelariaz, berriz, «arriskutsua» dela, «oso ondo» errematatzen duela buruz, eta «sarri» sartzen dituela golak.
Marcelo Bielsak ere Manchester United goraipatu zuen. Hori bai, bere estiloari leial, zuhur mintzatu zen. «Ezin dugu ahaztu aurkariak duen ospe handia, baina honek futbol partida bat izaten jarraitzen du». Bielsak argi du «ohi baino hobeto» aritu beharko dutela. «Hori eskatzen du talde handi baten aurka jokatzeak».
Iturraspe izango da hamaikakoko berritasun nagusia. Javi Martinez atzealdera bueltatuko da, eta San Josek jokatuko du bere ondoan, Amorebietaren lekuan.
Gaurko gonbidatua: Athletic
Talde zuri-gorriak estreinako aldiz jokatuko du Old Trafforden, eta bigarrenez Manchester Uniteden kontraPartida historiko batez gozatzeaz gain, lehiatzea izango du helburu Bilboko taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu