Gernikak, Getxok eta Ordiziak asteburuan ekingo diote Espainiako Ligari

Alcobendas, Sevillako Ciencias eta Vigoko Unibertsitatearen aurka jokatuko dute euskal taldeek estreinakoan

Donostia
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da Espainiako Errugbiko Ohorezko Maila, eta bertan ariko dira hiru euskal talde: Bizkaia Gernika, Ampo Ordizia eta Getxo Artea. Hirurek helburu ezberdinekin ekingo diote txapelketari: ordiziarrek txapelketa irabazteko asmoz, gernikarrak goiko postuengatik lehiatzeko asmoz eta getxoztarrak ez jaisteko asmoz.

Gernikarrak izango dira lehenak jokatzen, bihar jokatuko baitute lehen jardunaldia Urbietan, Alcobendasen aurka (17:00). Gainontzekoek etzi jokatuko dute estreinako partida; gipuzkoarrek Vigoko Unibertsitatearen aurka Altamiran (12:00). Eta ordu erdi geroago, Sevillan (Espainia), Getxo Arteak jokatuko du, Cienciasen aurka.

Jokalari eta sistema berriak

Hasiko den denboraldiak lehiaketa sistema berri bat izango du. Horrela, lehiaketa liga erregularrean amaitu beharrean, final-laurdenak, finalerdiak eta finala jokatuko dira. Lehen sei sailkatuek parte hartuko dute. Lehenengo biak zuzenean finalerdietara sailkatuko dira, eta gainontzeko lau taldeen artean jokatuko dituzte final-laurdenak.

Euskal taldeen bulegoek lan handia izan dute udan, eta jokalari dezente fitxatu dituzte ahalik eta talderik lehiakorrenak osatzeko. Horren adibide da Gernika, guztira bederatzi jokalari fitxatu baititu, jokalari dezentek utzi baitzuten taldea: Swartbooi, Ruiz, Betty, Ashmore, Garcia Parrado, Goldspink, Hernandez, Montagut eta Mantovani. Taldeko zuzendaritzak Jorge Gimenez Chancha entrenatzaile argentinarra postuan mantentzea erabaki du, azken urteetako lanari segida emateko. Ordiziak eta Getxok joan zen denboraldiko oinarriari eutsi diote, lau jokalari fitxatu ondoren. Ordiziarren kasuan, hiru jokalari fitxatu dituzte: Abanzalegi, Lolotonga eta Kroll; entrenatzailea ere fitxatu dute: Paul Healy australiarra. Bryce Bevinen zeelandaberritarraren aginduetara lau jokalari berri izango dira Getxon: Rowland, Moore, Bentall eta Booiman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.