Gerokoa izateari utzi nahi dio

Betisen zelaian jokatu zuen aurrenekoz Gorka Elustondok sasoi honetan. Hilaren 20an bost urte beteko dira debuta egin zuenetik, eta haren asmoa Zubietako betiko esperantza gaztearen jantziak behingoz eranztea da.

Gorka Elustondo luzatze ariketak egiten, Zubietan, entrenamendu batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Irabazteko premiak gogorren estutzen zuenean eman zion lehen aukera Philippe Montanierrek Gorka Elustondori (Beasain, Gipuzkoa, 1987) joan den asteburuan, Sevillan. Mikel Aranburu eta David Zurutuzaren aldamenean eroso sentitu zen, tokia galdu gabe ibili luzean. Esan liteke nota onarekin gainditu zuela aurreneko azterketa latza, eta Reala zein egoeratan zelairatu zen kontuan hartuz, ez zen gutxi izan inolaz ere.

Ohitura gaizto bilakatu da Elustondoren ibilbidean gisa horretako neurketetan parte hartzea, lehen taldera jauzia eman ondorenean nekez ezagutu du eta giro atsegin eta lasairik. Denboraren bidean atzera eginez, 2006-2007 sasoian, jaitsieraren denboraldian topa daiteke erdilariaren aurreneko lorratz garbia. Pique, Mata, Javi Garcia, Granero, Jeffren, Canella eta enparauekin batera Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin Europako txapelketa irabazi berritan, Miguel Angel Lotina orduko Realeko entrenatzaileari haren dohainak nabarmendu zizkioten Zubietako egituran garai hartan pisu gehien zutenetako bi lagunek: Juanan Larrañaga harrobiko arduradunak eta Joxerra Eizmendi Real B-ko entrenatzaileak.

2006ko abendua da. Balaidosen jokatuko du Realak urteko azken neurketa, eta deialdian 19 urteko euskarri ezezaguna sartu du Lotinak. Gehiegi loratu zuen bere erabakia. «Erdilari bete-betea da, fina, motzean nahiz luzean ederki joka dezakeena, bai antolatzaile moduan, bai aurrelariaren atzetik lotura lanak eginez kontrako area erraz zapaltzen baitu. Futbolaria izango denez, noizbait eman behar genion aukera». Prentsa agerraldi hartan, gainera, zaleak pizteko asmotan, Xabi Alonsoren izena jarri zuen mahai gainean bizkaitarrak, baldar, alderaketa bidegabea eginez. Sei urte lehenago John Toshackek tolosarraren alde egindako apustua ikusi zuten askok, azken horrek Eibarren jokatzen zuenean. Gehiegizkoa. Etxekalte aritu zen, Elustondo babestu ordez, are gehiago Reala lokatz barrutian leporaino sartuta zegoela jabetuta, langa gaindiezina jarri baitzion muturren aurrean. Sei partida jokatu zituen Lotinaren urte beltz hartan.

Chris Coleman izan zen harenganako benetako hautua egiten lehena, 2007-2008 sasoiaren hasieran. Taldeak bezala, behetik gorako bidea hartu zuen, eta erakutsi zuen tokia izan zezakeela nagusien artean behin betiko. Elustondok ez du ahaztuko lehen itzulia amaitzetik gertu Alavesen kontra jokatutakoa partida. Azken minutuan irabazi zuten, beasaindarraren golari esker, neurketa bizi-bizian.

Ezegonkortasunaren zurrunbilo arriskutsuan zegoen sartuta, ordea, kluba. Zatituta, ozpinduta eta nahastuta. Iñaki Badiolak aginte makila hartzean, Pep Marti eta Fran Merida ekarri zituen zelai erdia indartzeko, eta Elustondorengan ustea izan zuten horiek taldetik kanpo geratu ziren tarte txikian. Hedabideetan haren izena erabili zuten lubakiaren alde banatan zeudenek, euren komenentziaren arabera zaleak kutsatzeraino. Horrek ere kalte egin zion 20 urteko mutilari, jarraitzaile talde batek begitan hartu zuelako. Mendizorrotzako hondamendiaren ostean igoerak ihes egin zien gipuzkoarrei. Hemeretzi norgehiagoka jokatu zituen aspaldiko sasoirik gorabeheratsuenean.

Hurrengo denboraldi hasieran azaldu zen orain arteko Elustondorik beteena, Juanma Lilloren eskutik. Aingura moduan jokatuz, makina olioztatzeko ardura eman zion tolosarrak, eta haren erantzuna aintzat hartzekoa izan zen, harik eta orkatilan bihurritu latza izan arte. 2008ko iraila da, eta ez du gehiago jokatuko, Elxen kontrakoa kenduta, ligako azken jardunaldian. Lehen sei neurketetan mundu guztia txundituta utzi zuen bere jokoarekin, baina oinaze hark errotik eten zion garapena. Orduan ere, bere ibiliaren hasiera-hasieran moduan, laudorio gehiegi jaso zituen gauza onerako. Eta jakina, zaleek maila horretara bueltatzea eskatu zioten hurrengo urtean, nahiz eta lesio larria gainditu berritan egon. Jokin Aperribairen zuzendaritzak beste lau urterako berritu zion kontratua itxaropen berarekin.

Ez da samurra norbere onera itzultzea besterik gabe. Denbora behar da, baina jarraitzaileek normala denez, berehalakoan jaso nahi zituzten emaitzak. Egoera horretan uler litezke Martin Lasartek zuzendutako jokalariek entzun zituzten txistuak Anoetan, Gironaren kontra berdindu eta gero. Laugarren jardunaldia baino ez zen, eta horrek argi erakutsi zuen zer-nolako egonezina arnasten zen inguruan. Gehienbat, Elustondorekin ez zuten errukirik izan, eta gaur oraindik arrastaka dakartza orduko gertaera guztiak. 30 partida jokatu zituen uruguaitarraren lehen urtean. Bigarrenean askoz gutxiago: hamahiru besterik ez hasieratik. Diego Rivas kasuaren zipriztinak ere heldu zitzaizkion inolako zerikusirik izan ez arren. Horregatik guztiagatik, ez aurrera, ez atzera gelditu da.

Bere garaia izan daiteke

Zubietako barne egituran urteak lanean daramatzan teknikari batek horrelaxe erantzun du beasaindarraz galdetzean. «Jokalari interesgarria da oso, inork gutxik dituelako haren ezaugarriak: ibilbide luzea du zelaian, eskuzabala da ahaleginean, ongi jotzen du baloia, bai motzean, bai luzean,eta gora iritsitakoan min egiteko gaitasuna dauka. Baloirik gabeko lanean hobetu behar du, bigun samarra da eta. Kontua da hainbat arrazoirengatik ez dituela aurreikuspenak bete. Ezeren gainetik, urtebetez geldi egon zeneko lesio hura nabarmenduko nuke. Kalte handia eragin zion. Ez du zorterik izan, alde horretatik; horren larriak izan gabe ere gehiago izan ditu eta. Koska bat beherago, bere buruarekin uste osoa izan behar du behingoz, dituen dohainetan sinestea».

Montanierrek Asier Illarramendiren alde egin badu, ez litzateke harrigarria izango beste hainbeste egitea Elustondorekin. Hain zuzen ere, mutrikuarraren jokoarekin antz handiena duen euskarria bera baita. Mailarik onenera itzultzeko bidea berriz aurkitzea bere esku dago orain: zelaian behingoz ardura bere gain hartuz gero, taldean duen pisua handituko luke. Benito Villamarinen eman zuen aspaldiko aurrerapausorik handiena. Gehiago eman behar lituzke horretarako ahalmena izan baduelako. Segidan aritzeko modua aurkitu behar du. Bost urte beteko dira aurki Balaidosen lotsaz azaldu zeneko hartaz, eta betiko esperantza izateari uzteko unea iritsi zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.