Beltza izaten ari da denboraldia Xabi Castillorentzat (Durango, Bizkaia, 1986). Joaquin Caparrosen konfiantza galdu du. Eta zelaietatik kanpo berdegunean baino zeresan gehiago eman du. Sasoi bukaeran ohikoa izan gura du Athleticen hamaikakoetan.
Luzaroan jokatu barik egon ostean, Almeriaren kontra aritzeko aukera eman zizun Caparrosek. Ilusioz hartuko zenuen notizia.
Gustura hartu nuen berria, eta pozik amaitu nuen neurketa. Denbora asko neraman jokatu barik, eta banekien niretzat ez zela norgehiagoka samurra izango. Irabazi egin genuen eta horrekin geratzen naiz.
Almerian egindako lanak jarraikortasuna izan dezakeela uste duzu?
Ilusioa ezin da galdu. Hamaikakoetan egoten diren futbolariak garrantzitsuak sentitzen dira. Ea Real Madrilen kontra jokatzeko aukera ematen didaten eta ondo aritzeko gai naizen.
Denboraldi honetan bost partida ofizial jokatu dituzu. Harrituta zaude zure egoerarekin?
Harrituta ez nuke esango. Denboraldi gaitza izaten ari dela esango nuke. Gutxi jokatzea ez da erraz eramaten. Ligaren azken txanpan nire egoera aldatzeko esperantza daukat.
Athleticek fitxatu zintuenean Caparrosen oniritziarekin egindako apustua zela pentsatzea da logikoena. Horregatik da ulergaitza zure egoera.
Entrenatzailearen erabakien aurrean ezin daiteke ezer egin. Nik gogor egin behar dut lan gauzak aldatzeko
Zer egin duzu txarto, eta zer falta izan zaizu gehiago jokatzeko?
Ez da erraza galdera horri erantzutea. Jokatu ditudan partidetan txukun ibili naizela uste dut. Beharbada, taldearen ibilbideak izan dezake zerikusirik. Athleticek joko ona egin du, eta, gauzak ondo egiten direnean, gaitza da jokatzen ari direnei postua kentzea.
Kirol arloarekin zerikusirik ez duen arazo bat ere izan duzu denboraldian [klubak zigortu egin zuen alkohol proba batean positibo emateagatik]. Barne arautegia ez errespetatu izanak kalte egin dizula uste duzu?
Ez dut uste eraginik izan duenik. Niretzat oso gauza negatiboa izan zen. Baina txarto egindakoei ere aurre egin behar zaie.
Athleticen lekua daukazula uste duzu?
Bai. Ez daukat zalantzarik. Nik talde barruan ikusten dut neure burua. Nire gaitasuna erakusteko aukera izateko ari naiz gogor lanean.
Zure egoera aldatu ezean, prest egongo zinateke beste aukera batzuk aztertzeko?
Horrela jarraitzeko prest ez nago, besteak beste jokatzeko gaitasuna daukadala uste dudalako. Neure burua talde barruan ikusiko ez banu, beste era bateko irakurketa egingo nuke.
Beraz, datorren sasoian Athleticen jarraituko duzu?
Bai, bai. Ez daukat beste talde batera joateko asmorik. Nire asmo bakarra da talde zuri-gorrian jokatzea.
Zuk denboraldion bizi izan duzun gurutze bidearen alde on bakarra izan daiteke sasoi amaieran gainerako taldekideak baino freskoago egon zaitezkeela.
Fisikoki oso ondo nago, sasoiko. Jakinekoa da lehen partidetan kosta egiten dela azken minutuetara bete-betean ailegatzea. Hala ere, nik ondo ikusten dut neure burua.
Kirol arloari dagokionez, asko eman al dio taldeari Almerian garaipena eskuratzeak?
Indarra eman digu. Atletico Madrilen eta Sevillaren garaipenek asko estutu zuten sailkapena. Almerian irabazita aurrerapauso garrantzitsua eman genuen.
Mediterraneoko Jokoetan irabazi izanak asko balio du Real Madrili aurre egiteko?
Bai. Almeriako garaipenak goitik behera aldatu du taldearen egoera. Gora begira gaude orain. Jokalarien mentalitatea beste bat izango da. Real Madrilen aurkako partidak gaitzak dira. Baina eurak galdu egin zuten ligako azken neurketa, eta guk, berriz, irabazi. Egoera aproposa da neurketa irabazteko.
Real Madril liga botata etorriko dela uste duzu?
Bartzelona duela aurretik kontuan hartuta, oso aukera gutxi du Liga irabazteko. Kataluniarrak oso indartsu daude. Hala ere, egoera batean edo bestean, oso gaitza da Real Madril mendean hartzea.
Real Madrilentzat baino garrantzitsuagoa al da biharko neurketa Athleticentzat?
Guretzat final bat da. San Mamesen indartsuak izan behar gara Europarako txartela eskuratu ahal izateko. Aurreko sasoian Real Madril garaitzeko gai izan ginen, eta oraingoan ere asmo bera daukagu.
Athletic Europan ikusten al duzu datorren sasoian?
Aukera ona daukagu. Denboraldion zazpigarren sailkatuak Europako Liga jokatzeko txartela lortuko du. Hori bai, atariko kanporaketa bat jokatu beharko du.
Harmailetan ohikoa baino zuri-gorri gutxiago egongo da. Bazkideek ordaindu egin behar dute, eta horrek eragina izan dezake harmailen kolorean.
Ez dut uste. Betiko giroa egongo da. Ikaragarria, alegia. Alde horretatik ez daukagu kexatzeko arrazoirik.
Xabi Alonso, Cristiano Ronaldo, Oezil…Zure ustez zein da Real Madrileko futbolaririk garrantzitsuena, funtsezkoena?
Cristiano Ronaldo da erabakigarriena. Partida asko bakarrik irabazten ditu. Egun txarretan ere partidak irabazteko gai da.
Bukatzeko: Real Madrili irabazteak ematen al du pozik gehien?
Nire ustez bai. Oso egun politak izaten dira.
Xabi Castillo. Athleticeko jokalaria
«Gertatu zitzaidanak ez du eraginik izan nire kirol egoeran»
Sasoi honetan bost partida bakarrik jokatu arren, Athleticen tokia baduela uste du. Alkohol proba batean positibo emateagatik klubak ezarritako zigorrak bere egoerarekin zerikusirik ez duela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu