Igor Rakocevic. Montepaschi Sienako jokalaria

«Gescrapek ezustekoa emango zuela esan nuen hasi aurretik»

Gasteizen ikur, Istanbulen gainbehera, eta Sienan toki bila. Bilakaera hori izan du Igor Rakocevicek. Montepaschi Bilbon irabazteko gai dela dio, eta Gescrap final-laurdenetan ikusten du.

Andoni Urbistondo.
2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Posta elektronikoz egin dio elkarrizketa eskaera BERRIAk Montepaschi Siena taldeko prentsa sailari, eta erantzunean esan bezala, agindutako egunean bidali dituzte erantzunak grabazio batean. Luze mintzatu da Igor Rakocevic (Belgrad, 1978), batez ere Gasteiz eta Baskoniaren inguruan. Aitortu du inoiz ez dituela ahaztuko Arabako hiriburuan pasa zituen hiru urte «zoragarriak».

Aurren-aurrena, zer moduz Sienan? Azken bi urteak nahiko zailak izan dira zuretzat Istanbulen.

Turkian baino askoz hobeto nago. Siena talde handia da, oso ondo antolatua dagoena, Baskonia bezala. Turkian antzeko antolakuntza on baten falta sumatu nuen, baita, noski, Gasteizen eta Sienan kirol arrakasta lortzeko duten grina eta kemena ere.

Gasteizen ondo gogoan zaitu jendeak, eta udan, Efesekin zenuen kontratua bukatu zenean, Baskoniara itzuliko zinela zioten zurrumurruek. Egiazkoak al ziren?

Zurrumurruak benetakoak dira. Harremanetan egon ginen udan, baita Turkian egon nintzen lehen urtean ere, gauzak ez zirelako gertatu nik pentsatu bezala. Ez genuen akordiorik lortu, eta joan den urteko uda hasieran ere hitz egin genuen. Ni kontratu eskaintzaren zain egon nintzen luze, baina azkenean Reggie Williams fitxatzea erabaki zuten, eta hor hoztu zen bi aldeen arteko harremana. Sienak eskaintza ona egin zidan gero, eta onartu egin nuen. Gasteiz eta Baskonia funtsezkoak izan dira nire kirol bizitzan; han eman ditut nire ibilbide profesionaleko hiru urte onenak, eta ez ditut inoiz ahaztuko. Ikusiko dugu zer gertatzen den etorkizunean, baina nik beti edukiko dut atea irekita Gasteizera bueltatzeko. 34 urte beteko ditut laster, baina zorionez ondo sentitzen naiz fisikoki, gazte, eta uste dut oraindik aurretik urte batzuk ditudala.

Zergatik hautatu zenuen Siena?

Antolakuntza bikaina duen talde garailea delako. Ni fitxatu aurretik ere erakutsi dute Euroliga irabazteko ahalmena dutela, eta gaitasun hori zeukan talde batekin jokatu nahi nuen. Kopa irabazi dugu asteburuan, eta Euroligan ere multzoko buru izateko aukera asko dugu, final-laurdenetan sartu eta Lauko Finalerako sailkatzeko bidean partida erabakigarria etxean jokatzeko abantaila txiki hori edukitzeko.

Izar handia izan zinen Gasteizen, baina Turkian gauzak ondo joan ez, eta atzerapausoa eman zenuen. Gogorra gertatu al zaizu berriro jaiki eta zure tokia bilatzea?

Lehen urtea oso gogorra izan zen. Ez nintzen ondo moldatu, gorabehera batzuk eduki nituen entrenatzailearekin… Bigarren urtea hobea izan zen, eta nire benetako maila ematen hasi nintzen. Euroligako final-laurdenetan sartzeko zorian egon ginen, baina luzapenean galdu genuen Real Madrilen aurka. Denboraldia ona izan zen, baina ez nik nahi edo pentsatzen nuen bezain ona, eta horregatik erabaki nuen taldez aldatzea. Orain, atzera begiratu eta bistakoa da Turkiara joateko erabakia ez zela zuzena izan, baina kirolari profesionalok gorabehera horiei aurre egiteko prest egon behar dugu, bestela akabo.

Beti jokatu izan duzu izar handiak alboan zenituela, eta Sienan ere antzekoa da egoera. Denetan batek egiten du distira gehien: Bo McCalebbek. Kanpotik ikusita, sekulako jokalaria dirudi. Zuk ondo ezagutzen duzu. Hain ona al da?

Jokalari berezia da, zalantzarik gabe. Oso ona. Talentu ikaragarria dauka, eta kontraerasoetan geldiezina dela esango nuke. Egunero entrenatzen naiz harekin, eta oso-oso azkarra dela esan dezaket. Ez da ohiko joko antolatzailea, Pablo Prigioniren modukoa, adibidez, baina erasoan ez dut uste haren pareko inor dagoenik Europa osoan.

Talde bikaina dauka Montepaschik, baina Euroligako lehen ligaxkan gorde antzean ibili zineten, burrunba handirik sortu gabe Bartzelona menderatu zenuten arte. Top16an, ordea, bikain ari zarete, eta Lauko Finala jokatzeko hautagai ziurra zaretela diote denek. Ados?

Denboraldi guztietan gertatzen dira gorabeherak, partida asko jokatzen direlako. Italiako ligan galdu behar ez genituen partida pare bat galdu genituen liga hasieran, baina 2012an sartuz geroztik bolada bikainean gaude. 11-12 partida irabazi ditugu jarraian, ez nago ziur. Bartzelonari irabazi genion lehen ligaxkan, eta Real Madrili eta Unicajari Madrilen eta Malagan, Top16an. Talde horiek oso onak dira, dena irabazteko gai, eta uste dut plaza zail horietan irabazi izanak gure benetako indarra erakusten duela.

Zuk badakizu zer den Lauko Finala jokatzea, Baskonian zeundenean. Beste talde batekin bada ere, polita izango litzateke zuretzat Istanbulera bueltatzea, ezta?

Bai, jakina. Sienarekin bueltatuko nintzateke, baina Istanbul nire etxea izan zen bi urtez, eta gustura itzuliko nintzateke.

Zein da Montepaschiren sekretua? Defentsa, talde luzea, Pianigianiren gidaritza…

Sekreturik ez dago, ez behintzat sekretu bakarra. Defentsan estutzen saiatzen gara, aurkaria itotzeko, eta hor hasten gara partidak irabazten. Plantilla luzea daukagu, hamabi jokalari, eta txandakatze asko egiten ditu entrenatzaileak, une erabakigarrietan denak bete-betean egon gaitezen. Taldea banan-banan aztertu, eta posizio bakoitzean bi jokalari on ditugu.

Ia-ia lotuta daukazue final-laurdenetarako sailkapena, baita F multzoko lidergoa ere Bilbon irabazten baduzue. Gescrap indarrean dabil azken hilabetean, baina Bilbon irabazteko gai zaretela uste al duzue?

Bai, noski, Montepaschik kantxa guztietan irabazteko gaitasuna duelako. Euroliga hasi aurretik esan nuen, ordea, Gescrapek oso talde ona zeukala eta ezustekoa emango zuela. Euroligan lehen aldiz ari den talde batentzat final-laurdenetan sartzea sekulako arrakasta da, lorpen historikoa.

Bilbon Montepaschik Real Madril final-laurdenetatik kanpo utzi nahi duela diote, Lauko Finalari begira, eta Gescrapek irabaztea komeni zaiola. Zuk zeuk, ordea, ia beti egin dituzu partida bikainak Bilbon, eta ez dirudi garaipena oparitzeko gogoa duzunik.

Sienak berea begiratu behar du, besteei mesede edo kalte egin baino gehiago. Irabazten badugu, final-laurdenetan egongo gara, eta multzoko lidergoa lotuta. Motibazio handia da hori, berez. Bestalde, ia beti jokatu izan dut ondo Espainiako hainbat kantxatan: Malagan, Bilbon… Pentsatzen jarrita, partida bat, agian bi bakarrik galdu ditut Bilbon, bai Baskoniarekin, baita Real Madrilekin ere, eta askotan jokatu dut han. Oroitzapen ona dut Bilbon jokatu dudanean, baina jakina, normala denez, bertako zaleek ez naute asko maite. Errespetu handia diot Bilbori; askotan izan naiz bertan bisitan, eta taldeko presidentea, Peja Savovic, lagun mina dut. Gasteiz edo Bilbo aukeratzeko eskatzen badidazu, jakina, Gasteiz aukeratuko nuke, han hiru urte zoragarri igaro nituelako, baina zorte onena opa diot Gescrapi.

Final-laurdenetarako sailkatuko da Gescrap?

Baiezkoan nago. Haren esku dago, eta hori garrantzitsua izaten da partida erabakigarrietan.

Gasteiz utzi zenuenean esan zenuen Gasteizen bukatu nahi zenukeela zure kirol ibilbidea, zure semea bertan jaio zelako. Bi urte geroago, antzera pentsatzen al duzu?

Bai, bai. Kirol ibilbidea non buka dezakedan pentsatzen hasi, eta hiru talde etortzen zaizkit burura: orain nagoena, Siena, nire etxekoa, Belgradeko Izar Gorria, eta Baskonia. Gasteiz utzi nuenean esandakoak ez ziren ondo geratzeko esandakoak, hala sentitzen nuelako esan nuen. Nire esku badago, ez dut zalantzarik izanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.