Arrauna

Getaria eta Orio: txanponaren bi aldeak

Eusko Label ligan, bikain aritu da ‘Esperantza’ ontzia, eta bigarren egin du Zierbenan, itsasoko lehen estropadan. Euskotren ligan, berriz, azken postuan bukatu du Oriok.

Orio ziaboga emateko prestatzen, Zierbenan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko uztailaren 6a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihurria da Zierbenako estropada eremua, eta jostagarria. Faboritoek ez zuten huts egin denboraldiko hirugarren estropadan, baina izan zen ezustekorik. Batzuek pozik amaitu zuten atzoko saioa, eta ez hain gustura beste batzuek. Getaria eta Orio dira txanponaren bi aldeak. Eusko Label ligan, bikain aritu zen Esperantza ontzia, eta bigarren egin zuen. Euskotren ligan, berriz, azken postuan bukatu zuen San Nikolas traineruak. Laugarren kalean aritu ziren biak, ustez kalerik okerrenean; batak atera zion zukua, baina besteak ez.

«Dena emanda atera ginen hasieratik, eta lortu genuen horri eustea. Pozik geunden egindako lanarekin, besteek zer egingo zuten pentsatzen jarri gabe. Azkenean, espero baino postu hobea lortu genuen». Iker Etxabe Getariako arraunlariaren hitzak dira, eta Zierbenako estropada nola bizi izan zuen kontatu du: «Bazeuden olatu batzuk, baina ez ziren handiak. Negu guztian aritzen gara itsas zabalean olatuekin borrokan, eta atzo nahiko ondo moldatu ginen. Hala ere, laugarren kalean hutsune handiak ere bazeuden, eta, nahiz eta aurretik joan, dezente sufriarazi ziguten».

Dena den, aise irabazi zuten bigarren txanda, eta haiek estutu zuten gehien Orio irabazlea: bost segundora bukatu zuten. Bandera irabazteko esperantza ote zuten galdetuta, hauxe erantzun du Etxabek: «Pertsonalki, ez nuen horretan pentsatu. Larunbateko Bilboko estropadan biribil atera ez zitzaizkigun gauzak hobetzen saiatu ginen, eta lortu genuen».

«Guretzat opari bat da ohorezko txandan aritzea. Aurkari oso gogorrak izango ditugu alboan, baina gure onena ematen badugu, ez gara hain urruti ibiliko»

IKER ETXABE Getariako arraunlaria

Bandera ez, baina saria bai. Oraintxe, laugarren postuan dago Getaria, eta ohorezko txandan ariko da hurrengo estropadan: «Guretzat opari bat da. Aurkari oso gogorrak izango ditugu alboan, baina gure onena ematen badugu, ez gara hain urruti ibiliko». Merezitako saria izango du, ederki hasi baitu sasoia.

Eta gakoa, hauxe: disfrutatzea. «Denboraldi honetan geure buruari jarri diogun helburua zera izan da: momentu bakoitza disfrutatzen asmatzea. Urte asko daramazkigu arraunean, eta askotan lortu nahi duzun horretan jartzen da arreta, edo helburuan, edo emaitzan, eta kostatu egiten da momentu bakoitza disfrutatzea. Entrenamendu politak egin ditugu neguan, eta ea udan helburu horri eusten diogun». Disfrutatuz errazagoa baita urratsak egitea. Konfiantzaz eta gogotsu daude, baina argi du: «Hau hasi besterik ez da egin, eta gogorrena geratzen da».

Getariako trainerua, Zierbenan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Getariako trainerua, Zierbenan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Hasiera gorabeheratsua

Goitik behera aldatu da Orioren trainerua, eta bazegoen jakin-mina ontzia nola ibiliko zen. Bada, gorabeheratsu hasi du sasoia: bigarren egin zuen Madrilen, laugarren Bilbon, eta zortzigarren atzo, Zierbenan.

Asteburuaren errepasoa egin du Maddi Alkain Orioko arraunlariak: «Larunbatean estropada polita egin genuen. Gure arraunkeran ibili ginen, eta gustura geratu ginen egindakoarekin. Baina atzo, ez. Bagenekien halako zerbait gerta zitekeela. Talde berria da, lehiatzen ikasi behar dugu, eta pixkanaka joango gara».

Ez du argi zer gertatu zitzaien: «Hasieratik galdu genuen denbora, eta gure arraunkeratik aterata ibili ginen. Analizatzeko dugu zer gertatu zitzaigun, eta landuko dugu». Laugarren kalean aritu izanak eragin ziela uste du, baina autokritika egin du: «Kale guztietan jakin behar da lehiatzen, eta buruz indartsu atera behar da. Agian hor egin genuen huts».

«Hasieratik galdu genuen denbora, eta gure arraunkeratik aterata ibili ginen. Kale guztietan jakin behar da lehiatzen, eta buruz indartsu atera behar da. Agian hor egin genuen huts»

MADDI ALKAIN Orioko arraunlaria

Ez da ohikoa Orio azken postuan ikustea, eta, noski, min eman zien emaitzak. Baina ez daude kezkatuta, inolaz ere: «Badakigu ondo arraun egiten, eta ikusi da hori; gurea erakusten dugunean, goian egon gaitezke».

Hain zuzen, denboraldiak aurrera egin ahala hobeto ariko direla uste du: «Talde berria gara, eta blokea oraindik egin gabe dago. Estropadak jokatu ahala, sendotuko dugu, eta konfiantza hartuz joango gara. Taldea gogoz dago, eta asko dugu erakusteko». Bi urteren ostean itzuli da arraunera Alkain bera ere, taldeari laguntzeko asmoz. Martxa hartzea kostatu zitzaiola aitortu du, baina indartsu dabilela sumatzen da orain; eta gogotsu.

Oraintxe, hurrengo asteburuan dute burua: «Guretzat oso inportantea da. Castroko estropada etxekoa balitz bezala bizi izango dugu, Castroko arraunlari bat ere badugu-eta taldean. Eta Oriokoa etxekoa da. Dena ematera aterako gara». Batzuek liga hasieran erakutsitako mailari segida eman nahiko diote; beste batzuek, jauzia egin. Lehia eta emozioa ez dira faltako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA