Getaria-Tolosak Euskotren liga erabakita uzteko aukera ona galdu du

Bi segundoko errenta txikia atera dio Galiziari, eta bien artean erabakiko da nor den garailea, gaur

Aitor Manterola Garate.
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Getaria-Tolosak dauka aukera gehien Euskotren liga irabazteko, atzo Galizia, Zumaia eta San Juan baino azkarragoa izan baitzen Zarautzen. Baina kontuak argiagoak izan zitezkeen, bigarren luzean aurrenekoan lorturiko errentari eutsi izan balio. Izan ere, Galiziari bi segundo pasatxo baino ez zizkion atera, aldea bost segundokoa izan bazen ere tarte batzuetan. Azkeneko txanpan, galiziarrek asko aurreratu zuten, eta hor jan zion aldea Getaria-Tolosari. Bien artean dago ligako garailea, eta gaur eguerdian erabakiko dute (12:00, ETB1). Zumaia eta San Juan batere aukerarik gabe daude, hamalau eta hemeretzi segundora, hurrenez hurren.

Lehen luzearen azken erdian nabarmendu zen buruan atzoko garailea. Hortxe lortu zuen itxuraz erabakigarria izan zitekeen errenta. Bost segundo aurretik zen Galiziarekiko. Bigarren eta azken luzean ere luzaro heldu zion aldeari, baina bukaeran gertatu zen gertatu zena. Gaurkoari begira, aurretik izatea ondo dago, baina txikia da aldea, aurkaria Galizia izanik.

Portugalete onena KAE 1ean

Zarautzen beste estropada bat ere jokatu zen atzo. Eguerdian aritu ziren KAE 1 ligako taldeak, eta faborito nagusi Portugaletek ez zuen hutsik egin (19.54,74). Aise nagusitu zitzaien Santurtziri (20.07,67) eta Lekittarrari (20.10,94). Zierbena bosgarren izan zen, eta Lekeitioko taldea lau puntura jarri zaio bigarren postua lortzeko borrokan. Portugaletek sendo segitzen du lehen postuan. Bihar beste estropada bat jokatuko dute, Plentzian (12:00). KAE 2koek ere lana dute bihar, 18:00etan, Castron.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.