Getaria-Tolosak lortu du denboraldiko helburuetako bat: Euskotren liga irabazi zuen Zarautzen, igandean. Bezperan lortutako bi segundoren aldeari beste hiru gehitu zizkion herenegun, eta Galiziari bosten aldea ateraz irabazi du erregulartasunaren saria. Ikusgarria izan zen garaileen estropada osoa. Ederki hasi ziren, eta betiko arraunketa hartuz, muturrean jarri ziren. Ziabogan hiru segundo atzetik zuen Galizia, eta ematen zuen egina zegoela dena. Baina galiziarrek zerbait baldin badaukate, horixe da, inoiz ez dutela amore ematen. Bigarren luzearen erdian, parean ziren bi traineruak. Atzetik aurrera etorri zen Galizia, baina une latz horretan, eutsi egin zion Getaria-Tolosak. Tarte batean, hortzak ederki estutu, burua galdu ez, eta saria eman zien horrek gero: hiru segundo aurretik sartu zen. Estropada ikusgarriari amaiera onena eman zion. Hirugarren Zumaia izan zen, eta laugarren, San Juan. Batere aukerarik gabe ibili dira biak asteburu osoan.
KAE1ean, Zierbena garaile
Atzo, KAE1ekoak Plentzian zeukaten lana, eta Zierbenak irabazi zuen (21.18,36), Portugaleteri (21.36,71) eta Zarautzi (21.41,99) aurrea hartuz. Ligako buruan Portugalete da lehenen, eta Zierbena bigarren.
KAE2an, Castron, azkarren Busturialdea ibili zen, Getariaren eta Ondarroaren aurretik. Atzoko garailea da lider, seira dago Ondarroa, eta zazpira Getaria.
Getaria-Tolosak irabazi du Euskotren liga, ikuskizuna emanez
Galiziak estu hartu zuen uneren batean igandean, baina garaileek handitu egin zuten bezperako aldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu