Getxo errugbi taldeak «beste urrats bat» egin nahi du sasoi honetan

Aurreko denboraldian ligako kanporaketetako finalerdietara iritsi eta gero, segida eman nahi dio igo zenetik izan duen hazkundeari. Igandean jokatuko dute sasoiko lehen partida, etxean, Sant Cugaten aurka. Ariane Torrontegi jokalaria baikor da.

Ariane Torrontegi Getxoko jokalaria. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ariane Torrontegi Getxoko jokalaria. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Oier Zumarraga
2026ko urriaren 8a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ariane Torrontegik (Getxo, Bizkaia, 2004) hamalau urte daramatza Getxoren elastikoa jantzita. Algortakoa da, eta 8 urte zituela hasi zen errugbian, klubaren harrobian, eta lehen taldeko uztartze erdilaria da egun. Haren ibilbidearen azken urteak eta Getxoren hazkundea batera joan dira. 2024an Espainiako Ohorezko Mailara igo zen taldearekin, eta, bi denboraldi geroago, goiko postuetan lehiatzeko asmoz ekingo dio berriro Espainiako maila nagusiari; igandean hasiko dute denboraldia, etxean, San Cugaten aurka (11:00).

Igo ondoren bidea azkar egin dute. Elitean egin zuten lehen denboraldian final-laurdenetara iritsi zen Getxo; aurrekoan, berriz, liga erregularra bigarren postuan amaitu zuen, eta finalerdietara ailegatu zen bai Ligan, bai Espainiako Kopan. Majadahondak utzi zuen kanpoan ligako kanporaketetan, Faduran, finalaren atarian. Torrontegik aitortu du ez zutela espero hain denbora gutxian halako jauzia egitea. «Guregan sinetsi genuen. Talde indartsua geneukan, eta oso giro ona zegoen jokalarien artean eta entrenatzaileekin. Horrek guztiak eraman gintuen maila horretara».

Orain beste urrats bat egin nahi dute, baina Torrontegik inguruan duen taldea ez da aurreko denboraldiko bera. Hamar jokalarik utzi dute Getxo: taldeko beteranoenetako batzuek errugbia utzi dute, eta beste batzuek taldez aldatu. Harrobiko gazteek eta jokalari berriek bete dituzte hutsune horietako batzuk. Tecla Masoko eta Eider Garcia dira fitxaketa nagusietako bi.

Torrontegik gertutik sumatu du aldaketa. «Esperientzia galdu dugu». Haren ustez, joan direnek hobeto kudeatzen eta interpretatzen zituzten partidako une batzuk. Baina talde berriak badu bestelako izaera bat. Adinez gertukoagoak dira jokalariak, eta horrek aldageletako harremanetan ere eragina izan du. «Jende gaztea gogotsu igotzen da, ilusioz beteta. Gaztetasunak hori dauka». Bera ere belaunaldi horren parte da. 22 urte ditu. Baina badu esperientzia. Uztartze erdilari gisa, gainera, leku berezia du talde berria zelaian hazteko prozesuan: aurrelarien eta zelaiaren hiru laurdenean aritzen diren jokalarien arteko lotura egitea dagokio, eta jokoari une bakoitzean behar duen erritmoa ematea.

«Esperientzia galdu dugu. Baina jende gaztea gogotsu etorri da, ilusioz beteta. Gaztetasunak hori du» 

ARIANE TORRONTEGI Getxoko jokalaria

Multzoaren ezaugarriak ere aldatu dira. Torrontegik «dinamikoago» eta «azkarrago» ikusten du Getxo, jokalari arinagoekin. Ez dute, oro har, hainbesteko pisurik, eta ezaugarri horiek baliatu nahi dituzte jokoan: aurrelariekin guneak sortu, eta une egokia iristen denean hiru laurdeneko jokalarien abiadurari etekina atera.

Partida interpretatzen jakitea

Maila hobean aritzeko, neurketetan gertatuko dena interpretatzen jakin behar da, Torrontegiren ustez. Fernando Gauthier entrenatzaileak horixe eskatzen dio: «Partidako erritmoak identifikatzea nahi du: azkartasuna eman behar denean ematea, eta lasaitasuna behar denean erritmoa jaistea». Aurrelariekin hasi ohi dituzte jokaldiak, eta hortik zabaldu jokoa. «Hasieran aurrelariekin jokatzen dugu, eta gero hiru laurdeneko jokalariekin abiadura ematen saiatzen gara. Prest gaudenean edo aurkaria nekatuta dagoenean, orduan eman nahi dugu abiadura».

Gauthierrek hirugarren denboraldia du Getxoren aulkian, eta horrek badu garrantzia hainbeste jokalari aldatu dituen talde batean. Entrenatzaileak aurreko urteetako ildoari eutsi dio, eta, Torrontegik nabarmendu duenez, mezu bat errepikatzen die bereziki: huts egiteko beldurrik ez izatea. «Huts egiteko gaude hemen», esaten die. Erabakiak hartzera ausartzea nahi du, akatsa jokoaren parte dela ulertuta. 

Ausardia horrekin batera, ordea, lasaitasuna beharko dute. Horixe izan zen, Torrontegiren ustez, Getxori aurreko denboraldiko une erabakigarrian falta izan zitzaizkion gauzetako bat. Majadahondaren aurkako ligako finalerdian, Fadura jendez beteta zegoela, eta urduritasunak eragin zien. «Gauza asko egin nahi genituen, dena ondo egin, eta azkenean gauza horiek okerrago atera zitzaizkigun. Lasaitasuna falta izan zitzaigun».

Talde berriak badu beste lan bat ere: elkar ezagutzea. Hamar jokalarik taldea utzi ondoren, automatismoetako asko berriz landu behar dituzte. Torrontegik zera dio: «Bai erasoan bai defentsan lotura berriak sortzen ari gara. Errugbian, alboan dagoen jokalaria ezagutzeak xehetasun txikietan egiten du aldea: aurreikusi behar da noiz sartuko den, noiz emango duen pasea eta zer mugimendu egingo duen».

Denboraldiaurreak horretarako balio izan die. Torrontegi gustura dago egindako lanarekin, batez ere entrenamenduetan izan duten parte hartzearekin. Udan jokalari gutxiago biltzea ohikoa dela dio, baina aurten jokalari asko izan dituzte ia saio guztietan.

Aipatu bezala, lehen azterketa igandean izango dute, Faduran, Sant Cugaten aurka. Jardunaldi horretan Torrontegik ez dio jokaldi edo emaitza jakin bati begiratu nahi. Talde izaera ikusi nahi du: «Batera doan talde bat. Denok helburu beraren bila goazela, eta ez bakoitza bere kabuz. Kanpotik ere talde bat garela ikustea».

Helburua, hortik aurrera, sailkapenean ahalik eta gorenean geratzea da. Aurreko sasoikoa errepikatzea zaila izango dela badaki, are gehiago hainbeste aldaketa eginda. Baina finalerdietan geratutako arantzak hor jarraitzen du. «Ahalik eta posturik onenean amaitu nahi dugu, eta aurreko urtekoa hobetu ahal badugu, aurrera». Getxo aldatu egin da: gazteagoa da, eskarmentu gutxiago du, eta hainbat lotura berriro egin behar ditu. Baina aurreko denboraldian emandako pausoak ez du helmuga izan nahi. Hurrengoa ematea dute buruan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA