Giulio Cicconek (Lidl Trek) kolpe gogorra hartu zuen maiatzaren 24an. Giroko hamalaugarren etapa zen, eta, eroriko baten ondorioz, sorterriko lasterketa utzi behar izan zuen. Sasoi onean zegoen, zazpigarren baitzegoen sailkapen orokorrean, liderrarengandik 2.20ra. Saiatu zen helmugara iristen. Baina erietxera joan behar izan zuen: «Jarraitu egin nahi nuen, baina ezinezkoa izan da», esan zuen. Jakitun zegoen aste batzuk beharko zituela osatzeko. Behin osatuta, txarrenari onena atera dio. Hainbat aste eman ditu Andorran, altueran entrenatzen, eta lan horren saria gaur jaso du, Donostiako Klasikoa irabazita. Lehen lasterketa zuen Giroa utzi zuenetik, eta aurrena zeharkatu du Bulebarreko helmuga. Murgilen, UAEren talde indarra baino gehiago, Cicconeren sasoia eta ausardia nagusitu dira, eta merezitako garaipena lortu du.
Irteera arrastoan hiru izen nabarmendu dira: Isaac Del Toro (UAE), Primoz Roglic (Bora) eta Marck Hirsch (Tudor). Baina ez zegoen faborito argirik. Hirschirekin batera —iaz irabazi zuen— irteera arrastoan zeuden txirrindularien artean bik zuten irabazia Klasikoa: Michal Kwiatkowskik (Ineos) eta Neilson Powlessek (Education Frist). 2017an eta 2021ean irabazi zuten, hurrenez hurren. Tourreko lehen hamar sailkatuetatik ere bi izan dira tropelean: Oscar Onley (Picnic) eta Tobias Halland Johannessen (Uno-X).
Hamabi ziklistak osatu dute eguneko lehen ihesaldia. Tartean egon dira Euskal Herriko bi ziklista: Julen Arriola-Bengoa (Caja Rural) eta Gotzon Martin (Euskaltel-Euskadi). Sei mendate zituzten aurretik, lehena Andazarrate (5,9 km. eta %5,7). Gain horretatik Alexy Faure-Prost (Intermarche) igaro da lehen tokian, Josh Burnett bigarren (Burgos BH), eta Darren Van Bekkum hirugarren (Astana). Ihesaldiak bidea egin du, eta errenta 1.50era iritsi da helmugarako 151 kilometro falta zirela. Ia bi mutura igo da gero. Tartean, Urraki (8,6 km. eta %6,9) eta Alkiza (4,4 km eta %6,3) igo dituzte.
Baina ibilbideko zatirik gogorrena falta zen. UAEk hartu du tropelaren kontrola, eta aldea mozten hasi da. Gainera, Jaizkibel igotzen hastearekin batera (7,9 km eta %5,6), lasterketa buruan erasoak hasi dira, eta multzoa apurtuz joan da. Jordan Labrosse (AG2R), Mats Wenzel (Kern Pharma) eta Van Bekkum izan dira indartsuenak. Labrossek igaro du lehen tokian Jaizkibel. Baina atzetik ez zeuden ezer oparitzeko. Alderantziz, Erlaitzen piztu da lasterketa (3,8 km eta %10,6). Roglic izan da hori egin duena. Haren ahalegina erabakigarria izan da. Mugimendu hori lehen ezustekoa izan da UAErentzat, eta lasterketa irekitzen hasi da.
Erlaitz eta Murgil, erabakigarri
Txirrindulari indartsuenak agertzeko unea zen. Azkenerako, hiruk egin dute aurrera: Del Torok, Cicconek eta Maxin Van Gilsek (Red Bull). Baina, azkenean, Van Gils atzean geratu da, eta Del Toro eta Cicconek egin dute aurrera. Erlaitzen bere legea ezartzen saiatu da Del Toro. Indartsu zegoela zirudien, eta aurreikuspenak bete egingo zirela. Atzean, berriz, bederatzi txirrindulari ari ziren haiei segika. Han ziren, besteak beste, Roglic, Jan Christen eta Powless. Del Toro eta Ciccone 40 segundoren aldearekin hasi dira igotzen Murgil tontorrera.
UAEk nahi zuen tokian zuen lasterketa: Del Toro aurretik, eta, edozer gerta ere, Christen gertu. Baina Murgil bezalako igoera batean (2,1 km eta %10,1), bakoitzak duen indarrak baino ez du balio. Eta hor Ciccone nagusi izan da. Hobeto kudeatu ditu indarrak, eta, Christen gertu zegoela ikusita, aurrera egitea erabaki du. UAEko bi txirrindulariekin bakarrik geratu balitz, zail zukeen irabaztea. Gainera, Christen atzetik etortzeak zera esan nahi zuen: Del Toro ez zihoala horren ondo.
Cicconek Bulebarreko helmugara iristeko 8,8 kilometro falta zirela jo du kolpea. Del Torok ezin izan dio eutsi. Alderantziz. Atzetik, Christenek berak aurrea hartu dio Del Torori. Murgileko tontorretik Ciccone igaro da aurretik. Hamahiru segundora pasatu da Christen, eta 27ra Del Toro eta Powless. Tontorretik behera, Cicconek erlojupeko baten parekoa egin behar izan du. Ez da hori Cicconeren indarguneetako bat. Christen hobeto moldatzen da horrelakoetan, eta bost segundo jan dizkio jaitsieran. Baina italiarrak ondo estutu ditu hortzak, eta harentzat izan da garaipena. Bederatzi segundora iritsi da Christen, eta hemeretzira Van Gils. Azkenerako, Del Toro bosgarren helmugaratu da, hura ere hemeretzi segundora. Euskal Herriko lehen txirrindularia Urko Berrade izan da (Kern Pharma): hogeigarren tokian iritsi da, 2.01era.