«Gogorra izango da Itzulia»

Lehen aldiz jokatuko da Emakumezkoen Itzulia, maiatzaren 13tik 15era. Hiru etapa dira, eta ibilbide «gorabeheratsua» prestatu dute antolatzaileek. 22 talde ariko dira, hamabi World Tourrekoak

«Gogorra izango da Itzulia».
Aitor Manterola Garate.
Gasteiz
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ibilbide «gorabeheratsua eta gogorra» izango du Euskal Herriko Emakumezkoen Itzuliak. Hala adierazi zuten atzoko aurkezpenean lasterketaren antolatzaileek. Lasterketa estreinakoz jokatu da, maiatzaren 13tik 15era, eta hiru izango dira etapak: Gasteiz-Bastida (105 kilometro), Mallabia-Mallabia (117 kilometro) eta Donostia-Donostia (139 kilometro). Guztira, 363 kilometro, hain zuzen. Irabazleak Gipuzkoako hiriburuko Bulebarrean jantziko du txapela, eta atzo erakutsi egin zuten Gasteizko Udalean, etapen aurkezpenean.

Donostiako Klasikoaren lekua hartuko du Itzuliak. Izan ere, Frantziako Tourrak data aldatu du, eta gizonezkoen lasterketaren ondoren korrituko da. Horrenbestez, bat egiten zuen egutegian Klasikoarekin. Hala, UCIrekin hitz egin ostean, Itzulia egitea erabaki dute Ocetako taldekoek (antolatzaileek), nazioarteko federazioak maiatza proposatu zuelako hemen inguruko World Tourreko lasterketak egiteko. Julian Eraso Ocetako nagusiak nabarmendu zuen «nazioarteko egutegian kokatuta» daudela.

Guztira, 22 taldek hartuko dute parte: hamabi World Tour mailakoak, eta hamar Kontinental mailakoak. Horien artean lau Euskal Herrikoak dira: Movistar, Bizkaia Durango, Sopela eta Laboral Kutxa. Ezusterik gertatu ezean, euskal ziklistarik onenak errepidean izango dira: Ane Santesteban, Eider Merino eta Lourdes Oiarbide, besteak beste. Nazioarteko partaidetzari dagokionez, munduko ziklistarik onenak izateko aukera dago.

Roberto Laiseka lasterketako zuzendari teknikoak diseinatu ditu hiru etapak, eta bakoitzari azalpentxoa gehitu zion atzo. Hiru etapak batera hartuta, bakoitzak 2.000 metroko desnibela izango duela esan zuen lehenik eta behin, eta hortik dator ibilbidearen gogortasuna.

Aurreneko koska lasterketa hasi eta berehala izango dute txirrindulariek: Zaldiaran mendatea. Hala ere, lasterketako zuzendari teknikoaren ustez, lehendabiziko egunak ez luke erabakigarria izan behar. Bai bigarrenak. Mallabian hasi eta bukatuko den etapari «nagusia edo erregina» deitu zion: «Gorabeheratsua da erabat. Ez dago zati bat bera ere ordekan». Gizonezkoen Itzulian berriki izan da etapa amaiera Bizkaiko herri horretan, eta emakumezkoenak izango du aldaketarik, hirurehun metro lehenago bukatuko delako.

Hirugarren eta azkeneko etapa, Donostian hasi eta bukatuko dena, Klasikoaren ibilbidean jokatuko da gutxi asko. Horren adibide, Jaizkibel, Gurutze eta Murgil igoko dituztela.

Gernika-Durangoko Luis Alberto Duran zuzendarietako bat aurkezpenean izan zen, eta hari ere azkar atera zitzaion Itzuliaren ibilbidearen balorazioa: «Oso gogorra da». Helburuak ere garbi asko dauzka: «Geure burua erakutsi nahi dugu, ikus dadila gure maillota».

Livia Lopez Gasteizeko Udaleko Kiroletako zinegotziak ere hartu zuen hitza aurkezpenean, eta «aitortza» egin zion antolakuntzari: «Bestela ere, nahikoa oztopo izaten da lasterketak antolatzeko, eta emakumezkoena bada, oraindik eta gehiago egoten dira». Aldarrikapena ere gehitu zuen: «Honelako ekimenek balio izan behar dute mutilentzat ere erreferente izan daitezen emakumezko kirolariak».

Zuzendaria, emakumezkoa

Itzulia bera historikoa izango bada, aurrenekoa delako, ez da atzean geratuko lasterketako zuzendariarena. Izan ere, Alaitz Biritxinagak beteko du lan hori. Epailea da, eta 26 urte daramatza zeregin horretan lasterketetan. Erasok eskaini dio aginte postu hori betetzea, eta onartu egin du. Pozarren zen gaurko ekitaldian: «Bizitzako ametsetako bat izan dut zuzendari izatea, eta Itzulian estreinatzea handia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.